Euskalgintzako Berrikuntza Palankak, Etorkizuna Eraikiz-i begira

Helburu nagusia Etorkizuna Eraikiz-en baitan garatuko den proiektu inklusibo eta estrategiko bat diseinatzea da. Ondorengo bi saioak uda igarota izango dira.

-ren irudia
 Euskalgintzako Berrikuntza Palankak, Etorkizuna Eraikiz-i begira

Euskalgintzako Berrikuntza Palankak antolatu ditu Aldundiak, hirugarrenez, eta partaidetza prozesu bat jarri du martxan euskalgintzako eragileekin. Prozesu horren helburua proiektu estrategiko bat diseinatzea da, ondoren, Etorkizuna Eraikiz-en baitan garatuko dena. Etorkizuna Eraikiz-ekin etorkizuneko Gipuzkoa irudikatzen du Aldundiak eta, esan gabe doa, irudikapen horretan euskarak presentzia duela. Hori dela eta, etorkizuneko proiekzio horretara bideratutako proiektu inklusibo eta estrategiko bat edo batzuk definitzea eta garatze bidean jartzea da aurtengo Berrikuntza Palanken helburu nagusia.

Horretarako, Etorkizuna Eraikiz-en nondik norakoak eta ezaugarriak zein diren azaldu du Diputatu Nagusiaren Kabineteko buru Xabier Barandiaranek eta, haren esanetan, Etorkizuna Eraikiz-en bidez gauzak beste modu batera egiteko tresnak bilatzen dira. Hala, Etorkizuna Eraikiz-en bidez agenda politiko berri bat gauzatzea da helburua, herritarrengandik hurbilago egongo dena eta gobernantza kolaboratiboa bultzatuko duena. Etorkizuna Eraikiz-en baitan hiru proiektu mota bultzatzen dituzte: estrategikoak, esperimentalak eta herritarren ekarpenetatik abiatutako proiektuak. Euskalgintzako Berrikuntza Palanketatik ateratako balizko proiektu horrek, beraz, baldintza horiek izan beharko lituzke kontuan.

Ondoren, testuinguruaren berri jasota, Etorkizuna Eraikiz-en martxan dauden proiektuen inguruko azalpen zehatzak eman dituzte Kudeaketa Estrategiko zuzendari Sebas Zurutuzak eta Diputatu Nagusiaren alorreko idazkari Ander Arzelusek, EMUNeko ordezkari Amaia Baldaren gidaritzapean. Etorkizuna Eraikiz-eko proiektuak ezagutzeko eta palankak txertatzeko markoa irudikatzeko lagungarria izan da bi arduradunen jarduna eta, adierazi dutenez, Etorkizuna Eraikiz-en filosofian ezberdinen arteko lankidetza sustatzen da. Etorkizuna Eraikiz-en baitan garatu diren proiektuek denborarekin beren bidea autonomoki egiten duten proiektuak dira eta, hasiera batean, Aldundiaren babesa izan arren, apurka, alde publikoak indarra galdu eta bere kabuz aurrera jarraitu behar dute. Hori horrela, zenbait adibide eman dituzte eta Adinberri proiektua aurkeztu dute eredu modura. Proiektu horrek adineko pertsonen ongizatea eta bizi kalitatea ditu ardatz eta esparru desberdinetako eragileak ditu bere baitan.  

Aurtengo Berrikuntza Palankak hiru saio izatea aurreikusten da. Lehenengo saioan Etorkizuna Eraikiz bera zehatzago zer den azaldu dute eta proiektu batek Etorkizuna Eraikiz-en txertatzeko zein baldintza bete behar dituen ere zehaztu dute. Beste bi saioak uda pasata izango dira eta saio horietan garatze bidean jarri nahi den balizko proiektu horren diseinua landuko dute.

Putzuberri. Euskalgintzaren Berrikuntza Palanken mintegia aurtengo Putzuberrik emandakoaren berri emateko ere baliatu dute. Hala, Languneko ordezkaritza bat Kultura, Ekonomia Sustapena eta Etorkizuna Eraikiz-eko buruekin bildu direla adierazi du Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritzako atalburu Joxean Amundarainek. Itzulera horretan, Putzuberriren baitan sortu diren aukera berriak plazaratu dituzte eta gaur egungo egoera zein den ere azaldu du. Hala, Putzuberrik fruituak eman dituela ere nabarmendu du eta, bere esanetan, Gizarte Politikarekin hainbat proiektu garatzeko bidean jartzea lortu da.