Euskararen aldeko ekimen sozial indartsua dugu

Gipuzkoako partaidetza prozesuan, gehiago egon da elkarlanerako eta berrikuntzarako joera

-ren irudia
 Euskararen aldeko ekimen sozial indartsua dugu

Mikel Irizar Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria elkarrizketatu du Garikoitz Goikoetxeak Berria egunkarian, agintaldiaren erdira bitarte egindako lanaz.

Zati esanguratsu batzuk nabarmentzen ditugu hemen:

«Jabetu gara gauzak berdin eginda ez diegula iraganeko erritmoei eutsiko, euskalgintzaren jarduera oso errutinazkoa ari zela bihurtzen».

«Zuhurtzia batzuk beti daude: argi eduki arte zein den hurrengo urratsa, lehengoan segitu. Tentsio handirik ez da nabari; Gipuzkoako partaidetza prozesuan, gehiago egon da jarrera kolaboratiboa eta berritzailea».

«Sokatira asko egon da euskalgintzan: bai erakunde publiko eta gizarte eragileen artean, bai eragileen artean, bai erakunde publikoen artean. Jarrera aldaketa nagusia da sokaren bi muturrak norabide berean jarri eta hor tiratzea».

«Euskararen aldeko ekimen sozial indartsua dugu Euskal Herrian, sekulako aberastasuna, baina atipikoa da hemendik kanpo. Legediak ez du gauza natural gisa hartzen; Europan askoz ere pisu gutxiago du gizarte ekimenak».

«Euskara elkarteak sortu ziren hiztunak aktibatzeko, baina, liberazioak behar zirenez eta dirurik ez zegoenez —aktibazioa ez da inoiz lagundu—, zerbitzugintzara bideratu dira».

«Diru publikoz pagatu behar dira biziberritzerako ezinbestekoak diren funtzioak. Merkatuak ez ditu sekula ordainduko. Aktibaziorako dirurik ez badugu jartzen, ezin da aktibaziorik egin».

«Kudeaketa eredua aldatzen ari da, eta erdian jarri dugu euskara. Helburua da lan hizkuntzaren gaia txertatzea eta neurtzea. Gaitasun aldetik ia gailurrean gaude; praktika asko dago. Kudeaketa sistematikoa falta da helburua igotzeko. Bost urte barru egon gaitezke oso puntu altuan; defektuz euskaraz, bai, neurri handian».

Elkarrizketa osoa: «Egina dago egin nezakeen ekarpenaren zati handiena»