Euskararen Foroa elkartu da, azken albisteen berri jasotzeko

Bi izan dira ildo nagusiak: Etorkizuna Eraikizen erdigunean euskara jarriko duen proiektua definitzeko partaidetza prozesua eta Putzuberrik eman dituen emaitzen azalpena

-ren irudia
 Euskararen Foroa elkartu da, azken albisteen berri jasotzeko

Euskararen Foroa elkartu da berriro eta Aldundiaren baitan izandako azken berriak aurkeztu dituzte sektorean. Nagusiki bi gai izan dira landu dituztenak: batetik, Etorkizuna Eraikizen erdigunean euskara jarriko duen proiektua definitzeko Aldundiak ekainean abiatuko duen partaidetza prozesua eta; bestetik, 2018ko Putzuberri proiektuak sortu dituen lan aukera berrien aurkezpena. Euskalgintzaren hogeitik gora ordezkari bildu dira.

Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusi Garbiñe Mendizabalek aurkezpena egin ondoren, Etorkizuna Eraikiz proiektuaren hainbat gako aurkeztu ditu Diputatu Nagusiaren Kabineteko buru Xabier Barandiaranek. Etorkizuna Eraikiz proiektuak etorkizuneko Gipuzkoa irudikatzen du eta hainbat proiektu estrategiko garatzen ditu ezarritako helburuak gauzatzen joan daitezen. Hala, etorkizuneko Gipuzkoan euskarak erabateko presentzia izatea aurreikusten denez, euskarari buruzko proiektu estrategiko bat txertatu nahi du Aldundiak Etorkizuna Eraikizen eta proiektu hori definitzeko partaidetza prozesu bat egingo du. Partaidetza prozesua ekainean hasi eta udazkenean bukatuko da eta prozesu horretan sektoreko eragileek Etorkizuna Eraikizen txertatzeko moduko proiektu bat proposatu beharko dutela adierazi du Emuneko ordezkari Denis Elortzak.

Putzuberri. Euskalgintzaren lan aukerak zabaldu nahian, Putzuberri izeneko proiektua garatu dute bigarrenez Langunek eta Aldundiak. Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza ez den beste zuzendaritzetatik euskalgintzarentzat interesgarriak izan daitezkeen lan aukerak identifikatzea izan da proiektuaren helburua eta lortutako emaitzen deskargua egin du Jon Abrilek. Emaitza horietan diru-laguntzak, mezenasgoa, lehiaketak... jaso dira. Putzuberri proiektua garatzeko Kudeaketa Estrategiako zuzendari nagusi Sebas Zurutuza, Kultura zuzendari nagusi Mari Jose Telleria eta Ekonomia Sustapeneko zuzendari nagusi Garikoitz Agoterekin elkartu dira.