Atzealdea

Euskarari buruzko auto-diagnostikoa egiteko metodologia aurkeztu dute

Euskarari buruzko auto-diagnostikoa egiteko metodologia aurkeztu dute

Herri-administrazioetan V. plangintzaldiaren amaierako ebaluazioaren harira aurkeztu dute metodologia eta denek datu berberak jasotzeko proposatu dute HPS eta Siadecok.

-ren irudia Euskarari buruzko auto-diagnostikoa egiteko metodologia aurkeztu dute

EAEko herri administrazioetan euskararen erabilera zenbatekoa den neurtu beharko dute epe laburrean. Neurketa hori V. plangintzaldiaren amaierako ebaluazioaren baitan egingo da eta hortik ateratako emaitzek agerian utziko dute administrazioan euskarak duen presentzia. Testuinguru horretan, HPSk eta Siadecok euskararen inguruko auto-diagnosia egiteko metodologia proposatu dute. 

Proposamena hamar urratsetan banatu dute baina herri administrazio bakoitzak egokiak iruditzen zaizkion aldaketa guztiak egin ahal izango ditu, lekuan lekuko euskararen argazkia ahalik eta fidagarriena izan dadin. Dena den, datuak bateragarriak izan daitezen, herri administrazio guztiek adierazle berberak erabiltzea proposatu dute, ondoren, erakunde batzuen eta besteen arteko datuak alderatu ahal izateko. Halaber, V. plangintzako ebaluazio orokorra eredu horrekin egin denez, harekin ere alderatu ahal izango dira datuak.  

Hori horrela, informazioaren kalitateari eman diote garrantzia eta auto-diagnosia egiteko zenbait jarraibide eman dituzte. Hala, helburua ahalik eta argazki linguistiko fidelena lortzea dela jakinik, adierazi dute garrantzitsua dela datuak eskuratzeko prozesua irisgarria eta erraza izatea, hau da, galderak erantzun behar dituzten pertsonentzat erraza izatea datuak ematea. Era berean, adierazgarritasun maila ere kontuan hartzeko aholkatu dute, izan ere, erakundearen hizkuntza egoera aztertzeko orduan, adierazle batzuk beste batzuk baino esanguratsuagoak dira, eta garrantzia ere horren arabera ematea proposatu dute. Ideia hori hobeto uler dadin, bulego bateko langileak ordenagailuan duen hizkuntza baino gehiago, kontuan hartzekoa erabiltzen duen hizkuntza dela adierazi dute. 

Horrez gain, lagina ondo aukeratzea oinarrizkoa dela nabarmendu dute. Laginak erakundearen neurriaren araberakoa izan behar du eta berau aukeratzeko irizpide batzuk aurkeztu dituzte. Hala, gutxienez auto-ebaluazioaren konfiantza maila %95ekoa izan dadin, erakundearen neurriaren eta inkesta kopuruaren arteko proportzioa zein den erakutsi dute eta adibide modura esan dute 60 langile dituen erakunde batean 52 inkesta egitea komeniko litzatekeela, edota 2.000 langile dituen batean 322.  Gainera, lortu nahi den datuaren arabera, laginari eragiketa matematiko desberdinak aplikatu behar zaizkio eta horren berri ere eman dute, izan ere, desberdin jokatu behar da datuak haztatu behar diren ala ez kontuan hartzen bada.

Azken batean, lekuan lekuko aldagaiak izan behar dira kontuan, eta atera nahi diren datu eta ondorioen arabera jokatzeko aholkatu dute. Gainera, ez dago denentzat baliagarria den formula matematiko itxi bat eta, horregatik, proposatu dutena horixe da, proposamen edo eredu bat. Denek lekuan lekuko informazioa jasotzen badute, baina guztiek modu berean eta adierazle berdinak erabiltzen badituzte, atera ahal izango diren ondorioak askoz ere aberasgarriagoak izango baitira.