Euskarazko bideoak nahieran, JarriON aplikazioarekin

Chromecast aplikazioak euskarazko ikus-entzunezko sorkuntza andana jartzen du eskuragarri. 2deo sorkuntza laborategiaren baitan jaio da proiektua

-ren irudia
 Euskarazko bideoak nahieran, JarriON aplikazioarekin

JarriON Chromecast aplikazioa aurkeztu dute, euskarazko edukiak nonahi eta noiznahi kontsumitzea ahalbidetzen duen App-a. Kontsumoa gero eta pertsonalizatuagoa den garaiotan, App honen bidez, herritarrak erabakiko du noiz ikusi nahi duen zer eta aplikazioa euskarazko hedabide nagusien sorkuntzatik elikatuko denez, eduki asko izango dira eskuragarri. Hemendik aurrera, beraz, herritar guztiek nahi dutenean ikusi ahal izango dute ikusi nahi eta ezin izan zuten programa hura edo pasa egin zitzaien erreportajea. 

Honakoak dira JarriON-en baitan dauden hedabideak eta horien edukiak ikusi ahal izango dira aplikazioaren bidez:

  • Euskal Telebista
  • Hamaika Telebista
  • Goiena Telebista
  • TBX.eus
  • Berria TB
  • Gaztezulo TB
  • Dantzan
  • Infosare sareko telebistak: 28 Kanala, Goierri Telebista, Erlo Telebista, Oizmendi telebista
  • Bertsoa.eus 
  • Aiora Probatxoa eta Nerea Alias youtuberrak

 

Nola erabili. Oso erraza da JarriON aplikazioa erabiltzea. Lehenik eta behin JarriON App-a deskargatu egin behar da mugikorrean eta herritarrari hor agertuko zaizkio kontsumitu ditzakeen euskarazko edukiak. Ondoren, Chromecast izeneko gailua telebistan jarri behar da eta aplikazioa harekin sinkronizatu. Behin hori eginda, mugikorra telemandoa balitz bezala erabiltzeko aukera sortzen da eta telebistan ikus daitezke aukeratutako euskarazko edukiak. Eduki horiek momentuan ikusteko edo programatzeko aukera ere ematen du. Informazio guztia www.jarrion.eus webgunean dago eskuragarri.

JarriON-ek euskarazko edukien kontsumoa sustatzea du helburu eta horrek bat egiten du Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburuekin. Hala, proiektuak hasieratik izan du Aldundiaren babesa eta Etorkizuna Eraikizen baitan garatu da, 2deo euskarazko ikus-entzunezkoen sormen laborategian. CodeSyntax enpresa izan da JarriON aplikazioa garatu duena.