Atzealdea

Euskarazko ikus-entzunezkoen etorkizuna aztergai, Aldundiak antolatutako hiru jardunalditan

Euskarazko ikus-entzunezkoen etorkizuna aztergai, Aldundiak antolatutako hiru jardunalditan

Ikus-entzunezko estrategian aditua den Garazi Goiak "Britaniar ikus-entzunezkoen joerak eta euskarazkoen aukerak" izeneko hitzaldia eskainiko du urriaren 6an

-ren irudia Euskarazko ikus-entzunezkoen etorkizuna aztergai, Aldundiak antolatutako hiru jardunalditan

Euskarazko ikus-entzunezko ekoizpenei bultzada bat eman nahi die Gipuzkoako Foru Aldundiak eta euskarazko edukien sorrera bultzatzeko laborategia diseinatzen ari da sektoreko hainbat eragilerekin batera. Hala, nazioartean esparru horretan dagoen ezagutza eta esperientzia partekatzeko hiru eguneko zikloa antolatu dute "Euskarazko ikus-entzunezkoen etorkizuna" lemapean eta, betiere, Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren testuinguruan.

Hori horrela, lehenengo jardunaldia urriaren 6an izango da eta ikus-entzunezko estrategian aditua den Garazi Goiak eskainiko du "Britaniar ikus-entzunezkoen joerak eta euskarazkoen aukerak" izeneko hitzaldia. Hitzaldia Hernaniko Orona-Ideon izango da, 09:30ean, eta Jaime Otamendi kazetaria arituko da Goiarekin batera solasean. Ondoren, ikus-entzunezko edukien laborategiaren diseinu zirriborroa azalduko dute ikerlariek eta, azkenik, parte hartzaileek entzundakoaren inguruko taldekako gogoeta egingo dute world-kafe formatuan. Guztira bi ordu eta erdiko topaketa izatea aurreikusi dute.

Hurrengo bi jardunaldiak urriaren 31n eta azaroaren 16an izango dira eta horietan ere solasaldiak eta world-kafe formatuko dinamikak izango dira. Hala, jardunaldi horiekin guztiekin, euskarazko ekoizpena sustatzea eta joan den maiatzean Betina Hagerupekin (Danimarkako Danish Busines Authority bulegoko zuzendari nagusia) izandako topaketan aztertutako lan lerroa aberasten jarraitzea da helburua.

Jardunaldietan izena emateko bidali mezu bat nurruzmendi@gipuzkoa.eus helbidera edo deitu 943 112 394 telefono zenbakira.