Gazteentzako euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena sustatzeko lehiaketa abiatu du Aldundiak

Ikasturte honetan proiektu pilotua gauzatu da eta, emandako emaitza onak ikusirik, aurrera begira Youtuben euskarazko edukien kontsumoa zabaldu nahi da, ikastetxeekin elkarlanean.

-ren irudia
 Gazteentzako euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena sustatzeko lehiaketa abiatu du Aldundiak

Hi gazte! lehiaketa antolatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Etorkizuna Eraikiz-en baitan, gazteek euskarazko ikus-entzunezkoak sortzeko, euskarazko youtuber komunitatea eratzeko eta euskarazko edukiak kontsumitzeko helburuarekin. UPV/EHUk Aldundiarentzat eginiko ikerketa baten arabera, gaztelania da nagusi Gipuzkoako gazteek kontsumitzen dituzten ikus-entzunezko edukietan, eta ingelesa ondoren. Gaur egun gazteei bideratutako euskarazko ikus-entzunezko eduki gutxi dago Youtuben eta hori da kontsumo baxu horren arrazoietako ba.  “Ia ez da gazteentzako sare sozialetarako edukirik ekoizten euskaraz eta hutsune horri erantzuteko abiarazi nahi izan dugu esperimentazio dinamika hau. Euskara eremu berrietara eraman behar dugu, eskaintza interesgarri eta erakargarria ahalbidetuz”, azaldu du Imanol Lasa foru bozeramaileak.

Abiapuntu horrekin, azarotik martxora iraungo du lehiaketak, eta gazteek egindako ikus-entzunezkoak sarituko ditu. Youtuben hainbesteko arrakasta lortu duten ‘challenge’ horietako bat egingo dute. Parte hartzaileak lau edo bosteko taldetan antolatutako ikasleak izango dira eta euskarazko bideo fresko eta entretenigarriak igo beharko dituzte Youtubera. Modu horretan, gazteak bideogintzan trebatzeaz gain, haientzat erakargarriak diren edukiak zintzilikatuko dituzte sarean eta, asmoa ‘challenge’-a hilero errepikatzea denez, behin eta berriz elikatuko da Youtube euskarazko edukiez. 

Bideoen zabalkundea egiteko eta ikusleen aldetik ahalik eta babes handiena lortzeko, Instagram kontu bat irekiko da eta ikasleek kontu hori erabili ahal izango dute beren ekoizpenaren promozioa egiteko. Halaber, Instagram hoberen erabiltzen duen taldeak ere saria jasoko du. 

Proba pilotua

Esperimentazio dinamika bat egin da Debagoieneko Arizmendi ikastolako DBH4ko 40 bat ikaslerekin, pilotu gisa. Ikasturtean zehar formakuntza teorikoa jaso dute Kepa Errasti gidoigile eta aktorearen eta Iban Garcia youtuberraren eskutik eta, gidoigintza eta kamera aurrean nola jardun behar duten azaltzeaz gain, ekoizpenerako oinarriak ere zein diren erakutsi diete ikasleei. Halaber, grabazioa, post-produkzioa eta zabalkundea nola egiten den ere azaldu diete. Saio praktikoa ere egin dute, gazteen eskura utzi baitira grabatzeko bitartekoak. 

Gaur izan dute amaiera topaketa. Joseba Usabiaga aktoreak hitzaldia eskaini die, eta bideorik onenak sarituak izan dira bertan. Eskerrak eman eta parte hartzera animatu ditu Imanol Lasa lurraldeko gazteak: "Ekimen honek osagai eder asko uztartzen ditu, gure hizkuntza hauspotzeko eta etorkizunera bidean jartzeko: teknologia berriak, gaztetasuna, formakuntza eta sormen partekatua. Ikus-entzunezko produktuen kontsumoa gero eta handiagoa da eta testuinguru horretan euskararen presentzia handitzea ezinbestekoa bilakatzen da, erabilera areagotzeko. Era berean, euskal kultura eta identitatearen transmisioa bermatu nahi dugu", amaitu du.