Go!azen Transmedia, ekimen arrakastatsua

Etorkizuna Eraikiz-ek bultzatutako 2deo sorkuntza laborategia emaitza konkretuak ematen hasi da eta horietako bat da Go!azen Transmedia. Berrikuntza horri esker euskarri desberdinetatik jarrai daiteke Go!azen-en istorioa eta edukiak osagarriak dira.

-ren irudia
 Go!azen Transmedia, ekimen arrakastatsua

Go!azen telesail arrakastatsuak jauzi kualitatiboa eman du eta transmedia produktu bilakatu da. Telesailaz gain, Go!azenen jarraitzaileek sare sozialetan jarraitu ahal izan dituzte protagonisten pasarteak eta, horrez gain, mugikorretarako sortutako aplikazioaren bitartez eduki eta sorpresa bereziak ikusi ahal izan dituzte. Euskarri desberdinetan plazaratu diren edukiak osagarriak izan dira beren artean.

Arrakasta horri esker euskarazko aisialdia gaztetxoenengana hurbiltzea lortu da eta euskara eremu ez formalekin lotzeko bide bat ere erdietsi da. Hona arrakasta horren erakusle diren hainbat datu: aplikazioak 50.000 deskarga izan ditu, 25.000 erabiltzaile aktibo ditu eta 200.000 aldiz klikatu da aplikazioan astero. Zenbaki horiekin, beraz, agerian geratzen da transmediarako salto horretan asmatu egin dutela.

Dena den, transmediak funtzionatuko badu ezinbestekoa da euskarri sendo bat izatea eta, Go!azenen kasuan, euskarri hori telesaila bera da. Telesailean oinarritzen dira gainontzeko euskarriak eta aurtengo denboraldia bukatu dela kontuan hartuta, aurrera nola egin pentsatu behar izan dute. Hori horrela, hurrengo denboraldia emititzen hasi arte, sare sozialek martxan jarraituko dutela adierazi du  EITBko zuzendari nagusi Maite Iturbeketa, modu horretara, Go!azen telesailak eta transmediak izan duten arrakasta mantentzeko ahalegina egingo dute. Hurrengo denboraldiko telesaila prestatzen duten bitartean, App-rako edukiak ere prestatzen arituko dira.

Etorkizuna Eraikiz. Go!azen Transmedia proiektua Etorkizuna Eraikizen baitan garatu da, 2deo euskarazko ikus-entzunezkoen sormen laborategian. Go!azen Transmedia proiektuak, besteak beste, euskara gazteei hurbiltzea du helburu eta horrek bat egiten du Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen dituen hizkuntza politika eta hizkuntza helburuekin. Horren harira, Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusi Markel Olanok nabarmendu du horrelako produktuek euskara gizarteratzen laguntzen dutela eta erakusten dutela gazteek badutela euskarazko produktuak kontsumitzeko interesa. "Kalitatezko edukiak lortzen baditugu, gazteek erantzuten dute". Proiektu horrek, JarriON aplikazioarekin batera, 2deo emaitza zehatzak ematen ari dela erakusten du.