HAKOBAk adierazpen instituzional bateratua atera du Euskararen Egunaren bezperetan

Elkarlanaren eta ilusioaren aldeko deia egin dute eta euskararen etorkizuna era bateratuan eraiki behar dutela aldarrikatu

-ren irudia
 HAKOBAk adierazpen instituzional bateratua atera du Euskararen Egunaren bezperetan

Euskararen Egunaren bueltan adierazpen instituzionala atera du HAKOBAk eta euskararen alde modu bateratuan lan egiteko garaia dela aldarrikatu du. "Ilusioa eta elkarlana behar dira, euskararen lurralde eta esparru juridiko guztietan ahalik eta erarik bateratuenean gure hizkuntzarentzat etorkizun bizia izateko". Adierazpenaren arabera, elkarlana eta lankidetza dira orain uztartu beharrekoak, hori baita euskarari etorkizun oparoa eskaintzeko modurik eraginkorrena. Hala, denen indarrak elkartzeko deia egin dute eragileek eta horixe izan da, gainera, aurtengo adierazpen instituzionalaren leloa: Euskara Auzolan. 

Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiak, Donostiako, Bilboko eta Gasteizko udalak, Eudel eta UEMAk hartzen dute parte HAKOBAn eta, ezagutza baino haratago, hurrengo erronka euskararen erabilera dela adierazi dute. Gaur egungo egoera orain arte egindako lanaren ondorio dela azpimarratuta, euskararen biziberritze prozesuan beste urrats bat egiteko garaia dela nabarmendu dute. "Erabilera etengabe eta bizi-bizi areagotzea dugu langintza nagusi, ezagutza handitzearekin batera euskararen aldeko hizkuntza ohituren aldaketa sakona gauzatu dadin". Horretarako tokiko aktibazioa landu behar dela eta, eragile guztien inplikazioak berebiziko garrantzia duela adierazi dute, bai publikoena bai pribatuena eta baita norbanakoena ere.

Hori horrela, berriki aurkeztu duten Euskaraldia ekimena tresna baliagarria izan daiteke hizkuntza-ohituretan eragiteko eta Euskal Herri mailan egiteak euskararen erabilerari astinaldia eman diezaiokeela iritzi diote. Bakoitzak bere esparrutik lan eginez, "elkarrenganako leialtasunez eta denok norabide berean bultzatuz" emaitza baikorrak lortu daitezkeela uste dute. Horrenbestez, euskararen alde "egotetik", euskararen alde "egitera" deitu dituzte herritar, eragile sozial eta administrazioak eta guzti-guztiek auzolanean gehiengo sozialean eragin ahal izango dutela nabarmendu dute. "Bakarka ezinezkoa da. Auzolanean, guztiz ilusionagarria".

Igandean izango da Euskararen Eguna eta herri askotan antolatu dituzte jai eta ekitaldiak. Dena den, EAEko erakundeek Gasteizen egingo dute ekitaldi nagusia.