Kirolariek lasterketak segurtasunez egiteari buruzko euskarazko hitzaldia

Kirolak, lasterketak eta osasunak elkarri nola eragiten dioten aztertuko dute Behobia-Donostiaren karietara urriaren 6an antolatutako hitzaldian

-ren irudia
 Kirolariek lasterketak segurtasunez egiteari buruzko euskarazko hitzaldia

Lasterketak jarduera garrantzitsuak izaten dira kirolarientzat eta aldagai askok eragin dezakete kirolarien errendimenduan. Onurak eta arriskuak izan ditzake epe labur batean esfortzu fisiko handia egiteak eta kontuan hartu beharreko faktore asko daude. Hala, kirol eta osasun alorreko hainbat adituk gaiari heldu diote eta Europa mailaraino iritsi den ikerketa bat egin dute. Ikerketa horren ondorioak izango dira, hain zuzen, urriaren 6an Donostiako San Telmo museoan 19:00etan euskaraz egingo den hitzaldian aurkeztuko dituztenak.

Hori horrela, ikerketatik ateratako ondorioak Goteborgen (Suedia) egindako jardunaldi batzuetan aurkeztu dituzte berriki eta han ikusi dute nazioarteko beste ikerketa batzuek ere haien emaitza antzekoak lortu dituztela. Beraz, horrek guztiak bultzatuta eta Behobia-Donostia lasterketa arrakastatsua hurbiltzen ari dela kontuan hartuta, gaiaren hainbat gako gizarteratuko dituzte. 

Hitzaldian, horrenbestez, kirola esparru desberdinetatik ezagutzen duten adituak izango dira: Felix Zubia (Donostia Unibertsitate Ospitaleko medikua), Arantxa Errazkin (Bidasoa ESIko medikua eta kirolaria), Uxue Fraile (mendi lasterkaria) eta Iñigo Etxeberria (Behobia-Donostiako koordinatzailea). Moderatzaile lanetan Euskadi Irratiko kazetari Arritxu Iribar arituko da.

Antolakuntza lanetan, halaber, osasun, kirol eta euskara arloko erakunde eta eragile desberdinak aritu dira: Bidasoaldeko eta Donostialdeko Osakidetza, Bagera Euskara Elkartea, Behobia-Donostia lasterketa, San Telmo museoa, Urrats euskaltegia, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala.