Irekita Hausnartu Sarietara lanak aurkezteko epea

Lanak irailaren 10era arte aurkeztu ahal izango dira. Guztiek euskararen soziolinguistikaren ingurukoak eta oinarri zientifikodunak izan behar dute, aurrez inon argitaratu gabeak. Sarien antolaketan laguntzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

-ren irudia
 Irekita Hausnartu Sarietara lanak aurkezteko epea

Martxan da dagoeneko Hausnartu Sarien XI. edizioa. Euskararen soziolinguistikari ekarpena egiten dioten lanak aurkez daitezke sarietara eta lanek oinarri zientifikoa izatea edota zientzian oinarritutako hausnarketak proposatzea eskatzen da. Jadanik irekita dago lanak aurkezteko epea eta irailaren 10ean bukatuko da.

Aurkeztutako lanek aurrez paperean edo Interneten argitaratu gabeak izan beharko dute eta 30.000 - 60.000 karaktere arteko luzera. Lanak posta elektroniko bidez bidali behar dira hausnartu@soziolinguistika.eus helbidera eta guztien artean hiru izango dira sarituak: 

  • Lehen saria 1500 euro eta Jose Luis Zumetaren litografia bat
  • Bigarren saria 1000 euro
  • Hirugarren saria 700 euro

Horrez gain, aurkezten diren lan onenak BAT aldizkarian argitaratuko dituzte horretara zuzendutako ale berezi batean. Informazio gehiago nahi izatekotan, baldintza eta xehetasun guztiak hemen

Lehiaketa Soziolinguistika Klusterrak antolatzen du eta antolaketa horretan laguntzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Iazko Hausnartu saria. 2017ko edizioan lehenengo saria Urko Ikardok jaso zuen "Ikastoletako guraso erdaldunak eta euskararen jarraipena Lapurdiko kostaldean" izeneko lanarengatik. Lan horretan hainbat guraso erdaldunek beren seme-alabak murgiltze ereduetan matrikulatzearen motibazioak, arrazoiak... aztertu zituen eta ondorioak hizkuntza sozializazioaren hurbilpen teorikoaren baitan kokatu zituen. 

Bigarren saria Jon Ander Koartangok jaso zuen "Euskararen Ofizialtasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean" lanarengatik. Lan horretan euskararen ofizialtasunaren eta legearen inguruko azterketa egin zuen eta, horretarako, indarrean dauden legeak eta auzitegi desberdinek emandako ebazpenak aztertu zituen. Gaiaren konplexutasuna gorabehera, azalpenak eta oharrak oso modu erraz eta ulergarrian aurkeztu zituen. 

Hirugarren saria Garikoitz Goikoetxeak jaso zuen "Euskarazko hedabideen kontsumoa Tolosaldean" lanarengatik. Tolosaldea Euskal Herriko gune euskaldunenetako bat da eta hedabideen eskaintza oparoa dago bailaran. Hala, baldintza horiek kontuan harturik, bailara horretan hedabideen kontsumoa nolakoa den eta zein argazki linguistiko duen aztertu zuen. Azterketan pisu berezia eman zien gazteei, haiek baitira Tolosaldeko adin tarte euskaldunena.