Zer egin etorkizunean ere euskarazko ikus-entzunezkoek arrakasta izan dezaten?

Digitalizazioaren aroan ikus-entzunezkoen sorkuntzak dituen erronka berriak aztertu dituzte Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat adituk, Etorkizuna Eraikizen baitan

-ren irudia
 Zer egin etorkizunean ere euskarazko ikus-entzunezkoek arrakasta izan dezaten?

Euskarazko ikus-entzunezkoen eduki eta difusioak aztertzeko jardunaldiak izan ziren urriaren 31n Ideo-Oronan (Hernani), Gipuzkoako Foru Aldundiak babestutako Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren baitan.  Bertan Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat aditu aritu ziren gaia lantzen eta digitalizazioaren aroan gertatzen ari diren aldaketak aztertu zituzten.

Globalizazio aro honetako teknologiaren garapenak erabat aldatu du ikus-entzunezkoak ulertzeko modua eta ondorioz joko-arau berrietara moldatu behar izan du sektoreak. Digitalizazioak aukera eta arrisku berriak sortu ditu eta, hala, nazioartean arrakasta izaten ari diren lan egiteko modu berriak aurkeztu zituzten jardunaldian. Tartean, Elena Puigrefagutek (Europako telebista publikoen elkarteko teknologia eta berrikuntza arduraduna) gaur egun  kontsumitzaileengana iristeko sortu diren bide berriak eta mundu mailako lehia bortitza nabarmendu zituen. Haren iritziz, ikus-entzunezkoak kontsumitzeko ohiturak aldatzen ari dira eta orain ez da nahikoa denei eduki berdinak betiko euskarrietan eskaintzea. Egun eskaintza horrek pertsonalizatua izan behar du, ikus-entzule bakoitzaren nahi eta beharretara egokitua. Horretarako, beharrezkoa da kontsumitzailearen gustuak ezagutzea eta, bere iritziz, hor dago etorkizuna, kontsumitzailearen inguruko informazioa jaso eta horretara egokitutako ikus-entzunezkoak eskaintzen jakitean. "Pertsonalizazioa hobetu behar da, jakin behar dugu zer gustatzen zaien eta zer ez". Gainera, ohiko telebistak zaharkituta geratzen ari direla esan zuen, gero eta jende gehiagok jotzen duelako ikus-entzunezkoetara telefono mugikor, tablet eta horrelako euskarri berrien bidez. Hala, hori oso kontuan izan beharrekoa dela esan zuen, gaur egungo erronka euskarri desberdinetan eskaintza zabala izatea dela iruditzen baitzaio. Datu esanguratsu bat: Europan 60 urtetik beherako pertsonek gehiago kontsumitzen dituzte ikus-entzunezkoak euskarri berrietan ohiko telebistetan baino. Horrenbestez, Puigrefaguten iduriko argia da jarraitu beharreko bidea: edukien pertsonalizazioa, euskarri desberdinen erabilera eta irudi eta soinuen kalitatea.

Halaber, Salla Rosak (Finlandiako telebista publikoan crossmedia eta transmedia estrategien arduraduna) Finlandian duten lan egiteko modu berritzaileak datu oso onak ematen ari direla azaldu zuen. Bere esanetan, ekoizpen bat sortzerakoan, eduki pertsonalizatuak ez ezik, euskarriak ere izan behar dira kontuan eta euskarri desberdinetan eskaintzen den horrek bateragarria izan behar du batak bestearekin. Hortaz, produkzio konpainiekin lankidetzan aritzeari berebiziko garrantzia eman zion, bere ustez, aukera izatea delako balio duena. Hala, ekoizpen bera euskarri desberdinetan zabaltzea berritzailea izateaz gain, kontsumitzaile mota desberdinengana iristeko tresna ere badela adierazi zuen eta Finlandiako kasu bat erakutsi zuen hori ikusarazteko. "Sare sozialak sortu dira telesail baterako eta telesaila aurkezten denerako, pertsonaiek urtebeteko ibilbidea egina izango dute sare sozialetan". Amu hori erabilita, jendeak telesaileko pertsonaiak ezagutuko ditu telesaila bera hasi baino lehen eta hori kontsumitzaileak erakartzeko beste bide eraginkor bat dela adierazi zuen. Horrenbestez, bere iritziz, garai berrietan kalitatezko edukiak modu erakargarri batean sortzeko, enpresa eta euskarri desberdinen arteko taldeko sorkuntzan eta kooperazioan dago etorkizuna.

Europa iparraldeko esperientziekin jarraituz, Ingvill Nyborgek (Norvegiako Irrati-telebista publikoko ekoizlea) Norvegian edukiak aukeratu eta euskarri digitalak aplikatzeko erabiltzen duten NABC metodologia aurkeztu zuen. Metodologia horren arabera, ekoizpen baten edukiak eta euskarriak aukeratu baino lehen, zuzenean jotzen dute hartzaileak izango diren horiengana eta haien beharren baitan hartzen dituzte erabakiak. "Audizioak egin eta pertsona pila bat elkarrizketatu genituen. Horrela jakin genuen haientzat zer zen garrantzitsua". Hala, haiek emandako informazioa baliatuta egiten dute ekoizpena eta, ondoren, hartzaileek komunikatzeko erabiltzen dituzten bide horiexek erabiltzen dituzte ikus-entzunezkoak zabaltzeko: Internet, mugikorrak... Nyborgen esanetan, kontsumitzaileek behar dutena haiek nahi duten euskarrietan sortzen dute eta horrela lortzen dute "arrakasta planifikatua". 

Eskoziako testigantza bat ere izan zen jardunaldian eta Anthony Brownek (BBCko ekoizlea) Eskoziako gazteengana iristeko zein estrategia erabiltzen duten erakutsi zuen. Azaldu zuenez, gazte eskoziarrak ez ziren oso identifikatuta sentitzen kate publikoarekin eta horri buelta emateko bide digitala erabili dute. The Social izeneko plataforma berritzaile baten bitartez, gazteek beren bideoak zuzenean zintzilika ditzakete eta modu horretara lortu du kateak herritar horiengana hurbiltzea. "Haiengandik hurbil sentitzen dute plataforma, haien edukiak zintzilikatzen dituztelako, haien bizipenak haien modura eta hizkeran zabaltzen direlako". The Social plataformak epe laburrera lortu du arrakasta eta Eskozian ez ezik, Galesera, Ipar Irlandara... zabaltzen hasi da. Hasi eta gutxira, gainera, sei milioi erabiltzaile lortu ditu eta hori gazteen nahi eta beharretara egokitutako plataforma bat sortu dutelako lortu dutela azpimarratu zuen. "Arrakasta hori zuzenean hartzaileekin hitz egiten delako lortu da". 

Euskal Herrian zer. Ondoren, Euskal Herrian alor horretan lantzen ari diren proiektuak ezagutarazi zituzten eta etorkizunera begira bidea zein izan daitekeen ere adierazi zuten gaian adituak diren hainbat pertsonak. Hala, Ainhoa Fernandez de Arroyabek (EHUko irakaslea eta ikerlaria) Gipuzkoako nerabeen ikus-entzunezkoen inguruko kontsumo ohiturak zein diren azaldu zuen eta adierazi zuen gazteen artean Smartphona dela ikus-entzunezkoak kontsumitzeko euskarri nagusia. Horrek kontsumoa indibiduala dela esan nahi du eta hor kokatu zuen euskarazko ikus-entzunezkoen erronketako bat. Dena den, telebistari buruz ere aritu zen eta gazteak eta kontsumoari buruz egindako ikerketa baten berri eman zuen. Haren esanetan, B eta D ereduko 60 ikastetxetako 120 taldetako ikasleekin egin zuten ikerketa eta, beraz, ikerketan parte hartu duten ikasleek gutxi-asko euskara menperatu egiten dute. Hala, emaitzek diotenez, euskarazko ikus-entzunezkoak gazteen %9.87k kontsumitzen dituzte bakarrik, nahiz eta salbuespenen bat egon: Go!azen-ek %43.2ko kontsumoa du eta Gu Ta Gutarrak-ek %26.2koa. Beraz, kontsumoa, orokorrean, nahiko baxua da. Dena den, bailaren arabera kontsumo-ohitura horiek asko aldatzen dira eta, Urola-Kostan, Deba-Barrenan, Tolosaldean edota Goierrin kontsumoa batez bestekotik gorakoa den bitartean, Donostialdean eta batez ere Oarso-BeheBidasoan kontsuma batez bestekotik oso behera dago.

Josu Bilbaok (EITBko fikzio-edukien arduraduna) Go!azen telesailak transmediara eman duen saltoa aurkeztu zuen eta azaldu zuen Go!azen fenomenoa antzerkira, musikara... iristeaz gain, APP baten bitartez, mugikorretara ere heldu dela.  "Gazteek mugikorra ikusten dute, beraz hara joan gara". APPan karaokea, kapituluak, eduki esklusiboak, "altxor ezkutuak"... ikusi ahal izango dira, beraz, telebistan emititzen diren saioak borobiltzeko tresna baliotsua izatea espero dute. Gainera, helburua APPak bere ibilbide propioa egitea da eta horretarako edukiak modu irisgarri eta erakargarrian eskaintzen dituzte. Bilbaoren iritziz, telebistaz gain, teknologia berriak eskaintzen dituen euskarri desberdinak aprobetxatu behar dira gazteengana iristeko eta arrakasta izateko.

Teknologia berrien hariari jarraiki, Telmo Trenadok (Next Station lehiaketaren influencerra) Euskal Herriko euskarazko lehenengo webseriea egiteko asmoa dutela azaldu zuen. Webserie horren gaia eta edukia aukeratzeko, Next Station lehiaketa antolatu dute sare sozialetan eta bertan herritarrek beren proposamenak aurkeztu beharko dituzte minutu bateko bideoetan. "Hiru ideia aukeratuko dira eta ondoren horietako bat finantzatu eta ekoiztu egingo da". Trenadoren arabera, ekimen horrekin euskarazko ikus-entzunezkoak gazteei modu erakargarrian aurkezteko modu berritzaile bat izango da. 

Bukatzeko, Luistxo Fernandezek (Codesyntax enpresako garatzailea) APP bat aurkeztu zuen. APP horren bitartez euskarazko ikus-entzunezkoak telebistan eta mugikorrean modu pertsonalizatuan ikusi ahal izango dira eta esan zuenez lagungarria izango da telebistaren eta mugikorren arteko hurbilketa horretan. "APP honen helburua gaur egun dauden bi pantaila nagusietara iristea da, telebistara eta mugikorretara".