Zortzi hizkuntza minorizaturen hamabi ordezkariri harrera egin die Aldundiak

Euskararen biziberritze prozesua gertuagotik ezagutzeko hilabete pasako dute Euskal Herrian

-ren irudia
 Zortzi hizkuntza minorizaturen hamabi ordezkariri harrera egin die Aldundiak

Munduan 7.000 mila bat hizkuntza hitz egiten dira, batzuek milioika hiztun dituzte eta beste batzuek, berriz, oso gutxi. Badira, halaber, zenbait hizkuntza komunitate gutxituak direnak eta hiztunak hizkuntza horiek biziberritzeko ahaleginetan ari dira han-hemenka. Euskara da horietako bat eta jakina da urte luzeetako ibilbidea egin duela hizkuntza biziberritzearen alorrean. Hain zuzen horrexegatik, ibilbide hori beste hizkuntza batzuei lagungarri suerta dakiekeelakoan, hizkuntza komunitate gutxituak dituzten zortzi herrialdetako hamabi pertsona etorri dira Euskal Herrira, Garabide elkartearen bitartez, hizkuntza biziberritzeko gidaritzari buruzko ikastaldi trinkoa egitera. Hala, hemen euskararen ereduarekin ikasitakoa ahal den neurrian, eta egokitzapenak egokitzapen, haien herrialdeetan aplikatzea da xedea.

Hori horrela, Euskal Herriko egoera eta ekimen ezberdinen berri jasotzen ari dira eta, besteak beste, ikastolak, unibertsitateak, elkarteak, jardunaldiak, erakunde publikoak... bisitatzen. Helburua, Euskal Herrian euskarak bizi duen egoeraren argazki ahalik eta osoena jasotzea da eta horregatik ari dira esparru ezberdinetako ordezkariekin bildu eta informazioa jasotzen. Hala, testuinguru horretan kokatzen da Gipuzkoako Foru Aldundiak hamabi pertsona horiei eginiko harrera. Lehenik, Gotzon Egiak (Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusia), Iker Goiriak (Kanpo Harremanetako Zuzendaritza) eta Fernando San Martinek (Garapenerako Lankidetza Zuzendaritza) kooperazioak eta elkarkidetzak duen garrantzia azpimarratzeaz batera, Foru Aldundiak eta Gipuzkoak izandako ibilbide linguistikoaren aurkezpena egin diete. Azaldu diete azken berrogei urteetan nola egin duen gora euskararen ezagutzak bai Aldundian eta baita Gipuzkoa osoan ere eta euskaraz lan egiteko gai diren langileen kopurua biderkatu egin dela. Ondoren, Markel Olanok (Diputatu Nagusia) euskarak lehen eta orain izan duen egoeraren eta dituen erronken berri eman die.

Hizkuntza biziberritzeko gidaritzari buruzko ikastaldi trinkoan parte hartzen ari diren pertsonak hizkuntza minorizatuen alde lan egiten duten lagunak dira eta, beraz, bakoitza bere hizkuntzarekin konprometituta dago. Hala ere, oso profil ezberdinak dituzte eta arlo ezberdinetatik lantzen dituzte hizkuntza horiek. Tartean daude idazle eskolako literatura arduradunak, alkateordeak, kulturarteko bitartekariak, gobernadoreak... Hori horrela, ordezkatzen dituzten hizkuntzak maia (Mexiko) nahuatla (Mexiko), amaziga (Rif-Maroko), maputxea (Txile), kitxua (Ekuador), guarania (Bolivia), Kaqchikela (Guatemala) eta Nasa (Kolonbia) dira.