Arrasate Euskaldun Dezagun - 1997

Herri elkarteak, euskararen bizi-arnasaren auspo

Euskarak esparru ofizialetan irabazia duen lekua gizarte bizitzaren alor guztietan bilatzeko ahalegina izan da 90eko hamarkadako erronka. Euskarari dagokionean herri aginteek duten zeregin eta erantzukizunari uko egin gabe, gizatalde zabalak sortu izan dira euskal herri askotan, gizarte moderno eta hiritartuan euskaraz normaltasunean bizitzeko asmo sendoaz: herrietako euskara elkarteak dira; besteak beste, Arrasate Euskaldun Dezagun, 80ko hamarkadan sortua bera. Gehienetan bitarteko urriz baina gogo kementsuz plazaratuak, euskararen inguruko batasun eta elkarretaratze sendoa sortu dute.

Euskal herritarren hizkuntza kontzientzia eta beregaintasuna ernatu eta irmotzen laguntzeaz gain, berrikuntza ugari ekarri dute herri elkarteok euskal gizartera: aldizkari lokalak, irratiak, telebistak, haur eta gazte biltokiak dira, adibidez, asmo berritzailearen lekuko.

Euskararen erabileraren aldeko erantzun zibila direla esan daiteke herri elkarteok. Euskal Herrian barrena, gaur egun gisa honetako 45 bat elkarte dira, eta guztien artean 22.000 bat bazkide dituzte.

Arrasate Euskaldun Dezagun, herri elkarteen aitzindari

Euskararen egoeraz kezkaturik, hamar bat lagun elkartu ziren Arrasaten 1983an, JM Sanchez Carrion nafarra euskararen iraganaz eta geroaz zabaltzen hasitako tesien inguruko hausnarketak bultzaturik. Hitzaldi sail bat ere antolatu zuten, euskararen egoera aztertzeko ikuspegi berri hura hedatu nahirik. Hitzaldi haietan sortu zen Arrasate Euskaldun Dezagun (AED).

Alde askotatik begiratuta, AED aitzindari izan da herri elkarteen artean. Sortzen eta indar apur batez antolatzen lehenengoetakoa izateaz gain, elkartearen jokabidea (zernahi gisako eta ikusmoldeko euskaltzaleak elkartzea) eredu izan da geroztik beste herri elkarte askorentzat. Ez hori bakarrik: bide urratzaile eta irakasle ere izan da AED. Egun irakurle ugari dituzten aldizkari lokal askok esan dezakete hastapeneko urratsetan arrasatear adiskideon laguntza eta aholkuak zenbateraino izan zituzten baliagarri...

Helburu nagusi batek gidatu du AED elkartearen jarduna: euskararen erabilera era guztietako harreman sozialetan nagusi izatea, zinez sinetsirik helburu hori nekez beteko dela jendeak, hemen bizi ahal izateko, euskaraz ikasi eta egin beharrik sentitzen ez duen bitartean.

Herritarrekin eta herrikideekin lan egin nahi izan du beti AED elkarteak, baina herri aginteen zereginak ordeztu nahi izan barik. Aitzitik, udalarekin beti elkarlanean saiatu izan da, nork bere ezaugarriak eta ekinbidea gordeta ere. Horrela, 1989an izenpetu zuten lehenengoz Arrasateko udalak eta AED elkarteak elkarlan hitzarmena, eta ordutik aurrera urtero berritu izan da. Lankidetza horren emaitzarik sendoena, agian, herriko 38 elkarte eta gisa orotariko erakundek elkarrekin beti euskaraz jarduteko izenpetu zuten hitzarmena da. AED elkarteak proposatu eta udalak bere gain hartutako hitzarmen horretara bilduak dira gaur egun Arrasateko 100 bat elkarte.

AED elkartearen joera ez da etengabe handitzekoa izan, bere baitan sortutako lan sailak burujabe izatea baizik: komunikabideak, emakumeak, haur eta gazteen aisia, lan mundua...

Gaur egun AED elkartearen ekimenez sortutako elkarte beregainak multzo trinkoa osatzen dute Arrasaten, lan alor hauetan:

ARKO: komunikabide sailetik 1991n sortutako enpresa garrantzizkoa da gaur egun. Arrasate Press asterokoa, ATB eta Arrasate Irratia biltzen ditu bere baitan. Enpresaren garapenaz jabetzeko, aski izan daiteke jakitea astekariak 6.300 ale banatzen dituela, ATBk egunero hiru ordu t'erdiko programazioa duela, eta Arrasate Irratiak berriz bost ordukoa.

Kultur jarduerak: urte osoko programa antolatzen du, kulturaren esparru guztiak kontuan harturik (argitalpenak, literatura, liburu azoka, antzerkia eta komikia, hitzaldiak eta abar).

Ekin: emakumeen kultur alorrean berariaz lan egiten duen elkartea da, AED elkartearen babesean sortua.

Txatxilipurdi: haur eta gazteen aisia euskaraz lantzen duen elkartea da, 1994an eratua AED elkartearen lan sailean oinarri harturik. Irakaskuntza eredu euskaldunetan ari diren haur eta gaztetxoentzako programak antolatzen ditu. Urtean 2.000 bat haur eta 60 bat begirale izaten dira programa horien barruan.

Euskalan: lan munduan euskararen erabilera hedatzeko ahaleginak bateratu eta indartzeko sortu zen 1996an, AED elkartearen gerizpean. Egun 1.000 bazkide eta gehiago ditu, eta zortzi enpresatan lan harremanak euskalduntzeko urratsak egiten hasia da.

Hegohaxe: herriko gazteei Iparraldeko kultura eta egoera soziala bertatik bertara ezagutarazteko lan saila da hau. Seaskako ikastolei laguntzeko auzolantokiak antolatu izan ditu Iparraldean, bizikleta ibilaldiak, eta beste zernahi gauza. Baita ere, Iparraldean sortutako kultur emankizunak Arrasatera ekartzen saiatu izan da.