Anton Abadia (1810-1897)

Dublinen 1810ean jaioa: ama irlandarra eta aita Frantziako iraultzatik ihes joandako zuberotarra, euskaltzale suharra hau ere. Frantziako Tolosan eta Parisko Sorbonan ikasketak egin ondoren, zientziaren eta esplorazioaren zaletasunak bereganaturik, Etiopian eman zituen hamar-hamaika urte, bere anaia Arnauld-en laguntzaz. Geodesia izan zuen han bere jardun-eremu nagusia. Horrekin batera bertako etnografia eta hizkuntzak ere sakon aztertu zituen. Europara itzuli ondoren beste hainbat zientzi lanetan jarraitu zuen: Brasilen lurraren magnetismoa neurtzen, Norvegian eta han-hemen eklipse-azterketan eta astronomi neurketetan, 1850 ingurutik hil arte (1897an), Frantziako Zientzi Akademian jardun zuen, 1892an bere lehendakari izatera iritsi arte.

Gure artean ezagunena, eta emankorrena ere bai, Abadiaren euskaltzaletasuna izan zen. Hasieran (Txaho-rekin batera) corpus planning alorrean jardun zuen, gramatika-lanean bereziki baina garaiko ortografia auzietan ere parte hartuz. Hori ohargarria izanik ere status planning alorra izan zen, halere, luzeenik eta zabalenik landu zuena. Anton Abadiak euskara eta euskal etnokultura osoa bizirik (ahalik eta bizienik) gorde nahi izan zuen eta hurrengo belaunaldietara transmititu. Horretarako neurri bat baino gehiago hartu zituen, eta bizi izan zen artean indarrean mantendu: pilotalekuak (bere diruz, hainbatetan) eraiki, txapelketak eratu eta saritu, euskal kantuak, irrintzia, oinordekoen lege-ohiturak babestu ... eta abar luzea.

Euskal jatortasun etnokulturalaren babesle, bizi-emaile eta zabaltzaile amorratua izan zen, hitz gutxitan esanik. Zazpi Euskal herrietara hedatu zuen bere ahalegina, hitzez eta egitez.

Bere ahalegin saiatuak izan zuen ondorenik. Donostiako euskal jostaldiak esate baterako, hainbat urtez bertako Udalaren eta Aldundiaren babespean eratuak, neurri on batean, Manterolaren fruitu izanik ere, Abadiaren 1853tik aurrerako ekimenean oinarritu ziren.

Hil ondoren ere fruiturik eman zuen bere ahaleginak. Euskaltzaleen Biltzarra adibidez, 1901ean Hendaian eratzen hasi eta 1902an Hondarribian sortua, Abadiaren ekimenaren jarraipen sendoa izana da, eta ez Iparraldean bakarrik, XX. mende honetan.

Anton Abadiaren bizitzari eta lanari buruzko informazio gehiago: