Kanpo
Harremanak

Gipuzkoa munduan

Mundura irekita dagoen lurraldea izan da eta da oraindik ere Gipuzkoa. Gipuzkoako itsasgizon ospetsuek, bale eta bakailao arrantzaleek, Europa iparraldeko portuekin edukitako hartu-eman komertzialek, baita Amerikarekin ere, Caracaseko Erret Konpainia Gipuzkoarraren bidez, Gipuzkoak munduarekin hartu-emanak edukitzeko modua zehaztu zuten.

Gaur egun, mundu globalizatuan bizi gara, eta Gipuzkoak garai batean hasitako bideari jarraipena ematen dio, bai mundu osoan zabaldutako gipuzkoar industriaren bidez, bai unibertsitateek, beren nazioarteko harreman sareen bidez ere.

GFAren borondatea da Gipuzkoa eta bertako erakundeak nazioarteko testuinguruan ezartzea, hain zuzen ere erreferentzia gisa gizarte zein genero berdintasuneko politiketan, langileen enpresetan duten partaidetzan eta lankidetza gobernantzan.

Nazioarteko Proiekzio Plana

Nazioartean Gipuzkoaren partaidetza bultzatu eta inpaktu eraginkorrak lortzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak datozen urtetan abian jarriko dituen jarduerak zehazten dituen tresna da Nazioarteko Proiekzio Plana.

Helburuak:

  1. Gipuzkoa osoari balio elementuak ematea.
  2. Gipuzkoako enpresen, unibertsitateen, I+G+b zentroen, politika publiko aurreratuen eta kultura nortasunaren nazioartekotzea bultzatzea. Hau da, laburbilduz, atzerrian “Gipuzkoa marka" saltzea.

Sareak

Nazioarteko Proiekzio Plana aplikatzeko bideetako bat da nazioarteko sare eta alorreko elkarte nagusietan Gipuzkoako Foru Aldundiak presentzia edukitzea.

UCLG

Duela gutxi, Gipuzkoako Foru Aldundia, Kanpo Harremanetako Zuzendaritzaren bidez, United Cities and Local Governments (UCLG- Hirien eta Tokiko Gobernuen Sare Bateratua) sareko bazkide bihurtu zen. Sare global hori 2004ko maiatzean sortu zuten hainbat hirik eta tokiko gobernuk (bai metropoli mailakoek bai eskualde mailakoek), eta tokiko gobernuen mundu mailako elkarte handiena da. Udal mugimendu horrek tokiko eta eskualdeko gobernuen interesak defendatzen ditu nazioarteko testuinguruan, horien tamaina edo afiliazio politikoa edozein dela ere. Sare horrek ideia hau hartzen du oinarritzat: tokiko eta eskualdeko gobernuek ikuspegi bakar bat dutela, ikuspegi horren bidez ekarpenak egin ditzaketela erronka globalen aurrean, eta erantzukizun batzuk ezin direla banakako moduan nork bere gain hartu, hau da, nazio hiri batek edo aktore bakar batek.

Bisitatu webgunea

Altuning

Ignacio María de Altunaren izpiritua sustatzen duen programa bat da, Gipuzkoako zentroetako unibertsitate ikasleek, hain zuzen ere nazioarteko elkartruke programetan parte hartzen dutenek, erakunde eta prozesuetako jardunbide egokiak ezagutu eta ebaluatzeko proiektu batean parte hartzeko aukera izan dezaten, horren bidez, ezagutza optimizatu eta hori Gipuzkoaren garapen irakurraren zerbitzura aplikatzeko.