Ondasun eta eskubide salbuetsiak

Salbuetsi nagusiak:

  • Etxeko ostilamendua, halakotzat hartuta efektu pertsonalak zein etxekoak, etxeko tresneria, eta zergadunak erabilera partikularrerako dituen gainerako ondasun higigarriak, Ondarearen gaineko Zergaren foru arauen 20. eta 21. artikuluetan aipatzen diren ondasunak izan ezik.
  • Zergadunaren ohiko etxebizitza, urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, 87.8 artikuluan definitutako eran, 300.000 euroraino gehienez.
  • Pertsona fisikoek beren jarduera ekonomikoa egiteko behar dituzten ondasun eta eskubideak, eta merkatu antolatuetan kotizatutako zein kotizatu gabeko entitateetako kapital edo ondare partaidetzen jabetza osoa, jabetza soila eta haien gaineko biziarteko gozamen eskubidea, Ondarearen gaineko Zergaren foru arauen 6. artikuluan jasotako beharkizunak betetzen direnean.
  • Tresna hauetako eskubide ekonomikoak:

    a)Borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateen kasuan, bazkide osoen edo arrunten eskubide kontsolidatuak eta onuradunen eskubide ekonomikoak. 

    b)Pentsio planen kasuan, partaideen eskubide kontsolidatuak eta onuradunen eskubide ekonomikoak. Plan horien barruan sartzen dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2003ko ekainaren 3ko 2003/41/EE Zuzentarauak, enpleguko pentsio funtsen jarduerei eta gainbegiraketari buruzkoak, aipatutakoak
  • Jabetza intelektual edo industrialetik eratorritako eskubideak, egilearen ondarean dauden bitartean, eta jabetza industrialaren kasuan, jarduera ekonomikoei atxikita ez daudenean.
  • Euskal Kultur Ondareko ondasunak, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak aipatutako Kultur Ondasun Kalifikatuen Erregistroan edo Inbentario Orokorrean inskribatuta daudenean
  • Espainiako Ondare Historikoa osatzen duten ondasunak, baldin eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legean aipatzen den Interes Kulturaleko Ondasunen Erregistro Orokorrean edo lege horretan aurreikusitako Ondasun Higigarrien Inbentario Orokorrean inskribatuta badaude, eta, orobat, lege horren bigarren xedapen gehigarrian jasotakoak, baldin eta, azken kasu horretan, Kultura Ministerioak Interes Kulturaleko Ondasuntzat kalifikatu baditu eta dagokien Erregistroan inskribaturik badaude.
  • Autonomia erkidegoetako ondare historikoa osatzen duten ondasunak, tokian tokiko arauetan ezarritakoaren arabera kalifikatu eta inskribatu direnean.
  • Arte-gaiak eta zaharkinak, haien balioa Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 37.3 artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 26.4 artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako ezar litezkeen zenbatekoetara iristen ez denean.
  • Foru arau honen 21. artikuluan aipatzen diren arte-gaiak eta zaharkinak, baldin eta haien jabeek, gutxienez hiru urtez, gordailu iraunkor moduan laga badizkiete museoei edo irabazteko asmorik gabeko kultur erakundeei jendaurrean erakusteko, gordailupean dauden bitartean, eta, orobat, artisten lana bera, autorearen ondarean dagoen artean.