Oinarrizko tresnatzat dute artisauek haien eskuak.

Eskuak giza gorputzaren zati zaluena dira. Hainbat eta hainbat mugimendu egiten ditugu eskuekin, haiekin betetzen ditugu gure oinarrizko behar fisikoak, aldatzen dugu inguratzen gaituen mundua eta espresatzen gara artearen alorrean. Eskuak gizakiarekin batera garatu dira eta, izan ere, eskuak aztertuz pertsonak ezagutu daitezkeela ere uste izan da.

Artisauaren lanean funtsezko zeregina betetzen dute eskuek. Erreminten laguntzarekin (askotan artisauak berak egindakoak) objektu baliagarri ugari sortzen ditu eskuekin bere premiei eta besteenei erantzun ahal izateko. Hala, makinek ezer gutxi egiten dute artisauaren lan horretan; aitzitik, makinak erabiltzen hasten direnean galtzen da halabeharrez artisauaren eskulangintza.

Artesano panadero

Hortaz, lanbide hauek pixkanaka ikasi behar izaten dira, behar-beharrezkoa delako esperientzia. Hitz bitan, praktikarekin ikastea da lanbide hauetako bakoitzaren berezitasunak aurrena ezagutu eta hurrena menderatzeko bide bakarra.

Artisautzako lanbideak ugariak bezain anitzak dira eta oso eskakizun fisiko desberdinak dituzte, artisauen eskuetan antzemateko modukoak.

Okintzan, esaterako, nabarmentzekoa da artisauaren eskuek zein emeki lortzen duten irina, gatza eta legamia ur beroarekin nahastea (ohi denez emakumeek egiten duten lana). Eta kontu handia behar izaten da gainera orea labanarekin mozteko garaian, ore horretatik ogiak egiteko, janari hau sinbolo erlijiosoez beteta baitago, okin tradizionalak ondo ezagutu eta errespetatzen dituenak.

Artisauen eskuetan desberdintasun handienak baliteke lanbide industrialetan antzematea: organogile maisuen edo trokelgileen esku sentikorretatik hasita errementarien esku zailetaraino, haien lana egiteko askoz ere indar fisiko handiagoa behar izaten baita.

Artesano de pianos

Organogile maisuek lan delikatuak egin behar izaten dituzte, besteak beste organoa tonuan jartzea, eta lan hori egiteko funtsezkoak dira eskuak. Haien zeregin desberdinetan lanean ikustea (zurean, hodietan, tekletan jardunez) harrigarria da benetan.

Antzeko zerbait gertatzen da trokelgileekin. Askotan erreminta txikiak erabili ohi dituzte doitasun handiko elementuak eraikitzeko, ondoren automobil, arropa-garbigailu eta abarren osagai izango diren piezak fabrikatzean erabiltzen diren trokelak alegia. Langile hauen hatz sentikorrak eta eskarmentu handikoak dira beharbada artisauen abiltasun handiaren erakusgarri argienetakoa.

Errementari tradizionalak, burdina maneiatu eta eraldatzeko artisau lan espezializatuaren adibide argiena dira. Ondo ezagutzen dituzte erabiltzen dituzten materialak eta material horiek eraldatzeko behar izaten diren baldintzak, eta horrekin batera, haien esku trebeek beharrezkoak diren objektuak fabrikatzen dituzte, garai bakoitzeko eskakizunetara egokitu izan direnak: gure elizak eta etxe dotoreak babestu eta nabarmentzen dituzten hesiak nahiz lanabesak eta erremintak. Errementarien eskuek, haien lan gogorrak (ia beti ingudearen gainean) zaildutakoek, ondo baino hobeto adierazten dute langile hauen jarduna.

Artisauaren lanbideak izugarrizko eragina du kolektibo honen portaeran, industrializazioak premiatzen gaituen presa hori bizi ez duten gizaki irekiak baitira. Pertsona onak, alegia. Eta desafio nagusia hauxe da, haiek jardunean jarraitu ahal izatea, etengabe aldatzen ari den mundu honetara moldatuz, baina berezkoak dituzten ezaugarriak galdu gabe, ordea.

Artesano herrero