Biziraupen zaila

Aurrekargako armak usadiozko lan prozeduren arabera egiten dituzten gero eta langile gutxiago daude. Gehienetan, profesional horiek berrogeita hamar urte baino gehiago izaten dituzte eta eskarmentu handikoak izaten dira. Beren lanbideak nekez izango du jarraipenik, ez baitago gazterik gaur egungo lantegi txikiak mantendu eta garatzeko.

Hala ere, aurrekargako arma ekoizpenak nahiko eskari handia duenez, lanbideak jarraipena izango duela pentsarazten digu, baina hala bada, ekoizpen teknologia berriak erabiliz, Ingalaterrako, Italiako eta Alemaniako lantegietan gertatu den bezalaxe. Aipatutako Europako lantegiez gain, Euskal Autonomia Erkidegoan ere lantegiren batean aplikatu da teknologia berri hori. AEB-tan ere jarduera horrek nahiko garrantzia dauka.

Artisau horiei buruz, armagintzako beste artisau batzuen kasuan gertatzen den bezalaxe, gutxienez bi berezitasun azpimarratu behar dira: ondo egindako lanari garrantzi handia ematen dietela, eta denbora usadioz egin izan ohi den bezala erabiltzen dutela.

Profesional horiek garrantzi handia ematen diote produktu on bat erdiesteari, eta hori beste edozein baldintzaren gainetik jartzen dute. Pentsamolde hori argi eta garbi islatzen da lan egiteko moduan. Armei buruzko ezagutza handia dute, pieza bakoitza era berezian tratatzen dute, eta amaitzen dutenean oso harro sentitzen dira. Denbora ere ez dute gaur egun bezala erabiltzen. Ordu asko egiten dute lan, baina beti aurkitzen dute tartetxo bat aldez aurretik egindakoa egiaztatzeko, nahiz eta lehenengo aldia ez izan; edo bestela bisitariren bati kasu egiteko, nahiz eta zerbait saltzeko aukera gutxi izan.