Prozesu amaigabea

Hildako animalia bat larrutuko bagenu, eta larru hori lehortzen utziko bagenu, oso larru zurruna eta iragankorra eskuratuko genuke. Hori dela eta, larru malgu eta iraunkorra eskuratzeko, larruaren zuntzak substantzia kontserbagarri batekin landu beharko genituzke.

Hiltegietatik bidaltzen zuten larruak ilea izaten zuen kanpoko aldean, eta barneko aldean, berriz, haragi, koipe eta odol hondarrak. Larru hori zurratzen hasi baino lehen, ondo garbitu eta egokitu behar zen, substantzia kontserbagarria behar bezala asimilatu zezan. Hainbat pausotan ondo garbitu eta beratzen zen. Horretarako ur asko behar zenez, usadioz ibai bazterretan kokatu izan dira zurrategiak.

Horren ondorioz, larrua prestatzeko lan guztiak ibai ertzeko lanak bezala ere ezagutzen ziren. XIX. mende erdialdera, zurraketa prozesuak artisau-prozesuak izateari utzi ziotenean eta industrializatzen hasi zirenean, lan horiek eraikin barnean egiten hasi ziren, nahiz eta ibai bazterreko izena mantendu zuten.

Lehen pausoa larrua uretan garbitzea zen, edozein hondar kentzeko. Ondo xukatu ondoren, ur eta kare biziz (aurrerago sodio sulfuroz) betetako ontzietan sartzen zuten, eta poliki-poliki, kare hori itzaltzen joaten zen. Horrela, ileen itsasgarritasuna gutxitzea lortzen zen eta ileak errazago kentzen ziren. Hala ere, XVIII. mende bukaeran, larrua ur eta kare hilez betetako ontzietan sartzen zen, eta bertan bi edo hiru egun egoten zen. Jarraian, handik atera eta lau edo bost egun uzten zen lehortzen, berriz ere ur eta kare hil nahasketan sartzeko (bi edo hiru egunez). Prozesu hori bi hilabetetan zehar errepikatzen zen.

Larruari haragia eta bestelako hondarrak kentzenLarruari haragia eta bestelako hondarrak kentzen (Hernaniko “La perfecta” zurrategia, Montes sendiaren artxiboa).

eskulturakHiri batzuetan eskulturak egin dira zurratzaileen omenez, esaterako. Alemaniako Koblenz hirian.

Jarraian, larrua egurrezko asto inklinatu eta ganbil  batean zabaltzen zen. Langileak, larrua bere gorputzarekin eusten zuen astoaren kontra. Labana berezi bat (okerra eta ahorik gabekoa zen, mutur bakoitzean kirtena zuena) bi eskuekin hartuta, larrua goitik behera karrakatzen zuen. Horrela, poliki-poliki ilea larrutik ateratzea lortzen zuen. Ile hori jaso eta ondo gordetzen zen, tapizariek besaulki eta eserlekuak betetzeko erabiltzen baitzuten.

Jarraian, horrela landutako larrua berriz ere kare eta urez betetako ontzietan sartzen zen. Bertan lau hilabete eman ondoren, larrua zakur, oilo eta uso gorotzez betetako ontzietan sartzen zen (azido butiriko asko baitzuten). Han lau egun eman ondoren, handik atera eta ondo garbitzen zen.

Eragiketa horien ondoren, zurratu beharreko larrua puztuta geratzen zen, poro guztiak irekita zituela, produktu kontserbagarria ondo xurgatzeko. Halaber, larrura itsatsita zeuden haragi eta koipe hondar gehienak ordurako desagertu baziren ere, geratzen ziren apurrak labana oker batekin kentzen ziren. Labana hori ilea kentzeko erabiltzen zenaren antzekoa zen, baina ahoduna. Larrua lehen aipatu dugun asto berean jartzen zen, betiere ur-laster baten ondoan, zurratzaileak kendutako hondakin guztiak eramateko. Horren ondoren, larrua berriz ere gorotzez betetako ontzian sartzen zen lau egunez. Ur garbitan eragin ondoren, larrua prest geratzen zen zurratzen hasteko.

Zurraketa, hau da, larrua ez usteldu eta malgu eta iraunkor bihurtzeko substantziekin tratatzea, honela egiten zen: larrua tanino soluzioz betetako ontzietan sartzen zen (tanino azidoa), horrela larruaren ura xurgatzeko eta larrua substantzia kontserbagarriz estaltzeko.

Taninoa haritzaren azaletik lortzen den substantzia likidoa da. Zuhaitzaren azala birrindu eta urte betean beratzen utziz lortzen da. Hori zela eta, XVIII. mendean, gurpil hidraulikoek eragiten zituzten instalazio ugari eraiki ziren. Lanbidean eskarmentu handia dutenez aburuz, Argentinako quebracho zuhaitzaren taninoa zen kalitate onenekoa.

Larruak ondu edo zurratzeko, larru puskak bata bestearen gainean pilatzen ziren, ondo zabalduta. Geruza baten eta bestearen artean xehatutako haritz azal puskak jartzen ziren. Jarraian, tanino eta ur nahasketa bat isurtzen zen larru mordoen gainean, eta han hiru hilabete inguru uzten ziren beratzen. Denbora hori igaro ondoren, larru zatiak handik atera eta beste zulo batean jartzen ziren modu berean. Kasu honetan, tanino eta ur nahasketa edo soluzioa kontzentratuagoa zen, eta bertan lau hilabetez izaten zuten larrua. Azkenik, eragiketa hori errepikatu egiten zuten, soluzio oso kontzentratua erabiliz, eta larrua bost hilabetetan zehar beratzen utziz. Prozesu horren pauso guztietan zehar, larruak substantzia kontserbagarria xurgatzen zuen.

Hori guztia egin ondoren, larrua armazoi batzuetan lehortzen jartzen zen. Ondoren, ilea kentzeko erabiltzen zen asto berean zabaldu, tenkatu eta leundu egiten zen, horrela larrua lisatu, findu eta lodiera uniformea emateko. Jarraian, bakailao gibel-olioz igurzten zen, bilgorrez koipetzen zen, eta soberako koipea kentzen zitzaion. Horrela saltzeko prest geratzen zen.