Lan baldintzak

Gogorra zen benetan burdinolan lan egitea; hango burrunbak eta keak giro txarra sortzen zuten lanerako. Olagizonek zurezko eskalapoiak jartzen zituzten oinetan, hezetasunarengandik babesteko; eta larruzko mantala soinean.

Hogeita hamarreko hamarraldiaren erdialdera, sei edo zazpi lagunek lan egiten zuten El Pobalen; horietako bik pieza gordinak lantzen zituzten gabi hidraulikoan. Alboko nabean, bi bikote espezialista aritzen ziren, bakoitzean forjari aditu bat eta mailukaria; horiek ematen zieten behin betiko forma burdinolan egiten ziren erremintei. Talde bakoitzak bere sutegia eta ingudea erabiltzen zuen. Laguntzaileak ikatza ematen zien labeei eta materialak garraiatzeaz arduratzen zen.

Gabi hidraulikoan lan egiteak trebakuntza berezia eskatzen zuen, kontuan izan behar baita, bira bakoitzean mazoak kolpea ematen zuenean, ohiz, batez ere pieza lodia zenean, ingudearen goiko eta beheko aldeek paralelotasuna galtzen zutela, eta horrek pieza ondo ijezteko zailtasuna areagotu egiten zuela.

Lanaldia sarri ibaiak zekarren urak baldintzatzen zuen; ondorioz, ura gutxi zenean, gelditu egin behar izaten ziren. Holakoak gertatzen ziren batzuetan gauez lan egin behar izaten zuten. Pieza ijezteko edo luzatzeko, gabiak kolpe asko eta azkar eman behar izaten zuen, ia 140 kolpe minutuko. Abiadura hartan hainbeste kolpe eman ahal izateko segundoko 200 litro ur inguru behar izaten ziren, eta euri askorik egiten ez zuen egunetan, ibaiak ez zuen hainbeste urik ematen.

Gaspar Pérez IbarrondoEl Pobaleko errotari Gaspar Pérez Ibarrondo 1982ko martxoan (Antxon Agirre Sorondoren argazkia).

Holakoren bat gertatzen zenean, piezak 15 edo 20 minutuz forjatzen ziren ubidean eta ur-askan bildutako ur guztia erabiliz; ondoren olagizonek 30 minutu inguruko geldialdia egiten zuten berriro aska edo andelak bete arte; denbora hori totxoak sutegian sartzeko aprobetxatzen zuten, hor bero egon zitezen.

Lantokia hasiera batean azetilenozko kriseiluekin argiztatzen zuten, baina gero 12 voltioko bonbillak jarri zituzten, urarekin mugitutako dinamo batek betetzen zituen bateria ekipo baten laguntzaz. Jada 1955. urtean kanpoko energia elektrikoa sartu zuten burdinolara.

Erabileraren erabileraz eta lanaren lanaz gabiak eta mazoak matxuratu egiten ziren, batzuetan gainera matxura horiek larriak izaten ziren. Horiek burdinolako langileek konpondu behar izaten zituzten. Mailutzar baten kirtena hausteak jarduna etetea eragin zezakeen; holako kasuetan olagizonek beste kirten bat jarri behar izaten zioten mailuari, ia beti akazia edo lizarkia. Haustura horiek ohiz luzetara gertatzen ziren, zainak jarraituz eta zatiak elkarren gainean tolestuz. Batzuetan jartzen zizkieten metalezko besarkagailu eta uztaiak, baina behin apurtzen hasiz gero behin-behineko konponketak alferrikakoak suertatzen ziren.

Presan ere izaten ziren matxurak; horietan sarriena urak eraikuntzako harriak eramatea izaten zen. Hogeita hamarreko hamarraldiaren aldera, Felipe Pérezek harri berriekin konpondu behar izan zuen presa, eta horretarako arrautza zuringoz egindako aglomeratzailea erabili zuen.

Hirurogeiko hamarkadaren aldera, burdinola jardunean aritu zen azken urteetan, Pérez Ibarrondo bi anaiek, jada langile kontrataturik gabe, pieza sorta bat forjatu zuten nabe nagusiko gabian, eta gero alboko lantegi txikian eman zieten amaiera eskuko mailuekin.

Eguneko lanaldiak 1918an ez zuen ordutegirik; inolako mugarik gabe lan egiten zen, goiz argitik iluntzera. Soldatak bost eta sei pezeta ingurukoak izaten ziren, eta horiek berdin-berdin balio zuten "labe zaharra egiteko zein berria" edota "baratza lantzeko". Hala ere, agirietan ikus daitekeenez baziren, halaber bi eta hiru pezetako soldatak, agian aprendizenak.