Lan prozesua

Burdina edo altzairuzko barrak ertz batean kolpatuz forjatzen ziren biraderak. Moldeatu beharreko ertza bi matrize edo trokel artean jartzen zen. Lehenbizi, matrizeak prestatzen ziren, lortu nahi zen piezaren formako hutsuneak grabatuz. Barra sutan berotzen zen gori-gori malgutzeko tenperatura iristeraino, berotasun horretara iristerakoan, barra kolpatuz eta inolako trokelik gabe, barrari lortu nahi zen piezaren itxura ematen zitzaion gutxi gorabehera. Azkenik, soberakina kentzen zitzaion.

Matrizeak burdin-ziriz lotzen ziren “matxino”an. Behekoa (txabota) makinaren oinean ahokatzen zen, eta goikoa goitik behera bere pisuz bertikalki erortzen zen gabian. Gabia gora eta behera ibiltzen zen, makinaren goialdean zeukan mekanismo baten bidez. Langile batek kontrolatzen zituen kolpeen erritmoa eta erorketaren garaiera, eskuz mugitzen zuen palanka batekin.

Langileek lanean hasteko sei edo zortzi barra sartzen zituzten labean. Barrak tenperatura egoki bat hartzen zutenean, 1.150 ºC, (langileek metalak goritzean hartzen zuen koloreaz kalkulatzen zuten tenperatu hori, ia-ia zuria izan behar zen nonbait) horietako bat ateratzen zuten kanpoko muturretik eskuekin helduz eta alanbrezko txirrikara eramaten zuten barrari gainean egindako uger azala kentzeko. Operazio horri "ugerra kentzea" deitzen zioten.

Trokelak egokituTrokelak egokitu eta aldatzea (Yulen).

Ondoren, barra eskuetan hartuz edo txirikin batzuekin tinko helduz gabira eramaten zuten, eta goritutako ertza makinaren ahoan edo ingudean jarriz, hor hasten ziren, pieza makinaren bi aho bitartean mugitzen eta aldi berean indarrez kolpatzen. Forjariek barraren ertz berotuko gune egokietan ematen zituzten kolpe zehatzen ondorioz, pieza bere forma hartuz joaten zen. Martinete edo gabia ere beraiek mugiarazten zuten pedal baten bidez, eta oinarekin egindako presioaren bidez gabiaren kolpatzeko abiadura kontrolatzen zuten. Lortutako emaitza forjarien abileziaren baitan zegoen: eskuak zehaztasunez mugitzea barra maneiatzerakoan, oinarekin gabiaren abiadura ondo kontrolatzea eta kolpeak indar egokiz ematea (jarduera honi “ijeztea” deitzen zitzaion). Urrats horiek guztiek forjariaren abilezia erakusten zuten.

Jarraian, eta bakar-bakarrik eskuineko biraderaren kasuan, barra berriro eskuekin helduz prentsetara eramaten zuten; horietako batean ebakidura bat egiten zuten barraren ertz berotuan luzetara, eskuetan hartutako porroiarekin kolpatuz. Hala eratutako bi erdiak kurbatu egiten zituzten V moduko forma eman arte.

Hortik, berehala trokelatzeko gabira eramaten zuten barra, eta V forman moldeatutako ertza moldearen gainean jartzen zuten; makinaren bi edo hiru kolpez biradera landugabea lortzen zuten. Lan horri deitzen zioten berariaz “forjatzea”.

Barra eskuan hartu eta korrika azken prentsara jotzen zuten; pieza trokel ebakitzaile batean gainean jarri eta musarratu egiten zuten. Hala ebakitako zatiak kaxa batera erortzen ziren. Ondoren, ebakigailu batean edo "taju"an material soberakina kentzen zioten barrari muturra garbi-garbi utziz, beste pieza bat egiteko moduan. Horretarako, aldez aurretik barra zatia berriro labean sartu behar izaten zuten, galdutako tenperatura eman eta ziklo berriari ekin. Hala, orain artekoak egin ondoren, forjari batek barra berri bat ateratzen zuen labetik eta berriro prozesu osoa errepikatzen zuten

Hiru forjarik egiten zuten aldi berean lan ziklo berdina; bata bestearen atzetik joaten zen, eta hirurak makina berberetatik pasatzen ziren ondoz ondo, ziklo bakoitzean nork bere barraren ertzean pieza osoa forjatuz.

Tenperatura begiz kontrolatzen zuten, burdina goriak hartzen zuen kolorea zainduz. Horretarako, labeari erregai gehiago edo gutxiago ematen zioten, "txinboa" edo ixte giltza eskuz itxiz. Beren iritziz pieza ez bazegoen behar adina berotuta, lana gelditu eta behar zen tenperatura lortu arte itxoiten zuten.

Biraderak forjatu ahala barrak moztu egiten ziren erabat amaitu arte. Labean sartutako material guztia amaitzen zutenean, berriro barra berriak sartzen zituzten labean; barra berriak sartzeari labealdia edo galdaldia deitzen zioten. Labekada bat forjatzeko berrogei edo berrogeita hamar bat minutu behar izaten zuten.

Barra berriak berotzen ziren bitartean minutu batzuetako atsedenaldia hartzen zuten langileek makinen inguruan bertan edota lantegitik kanpora irtenaz, barruko berotasun eta keari ihes egiteko. Sarritan ikusten ziren langileak kanpoan eserita eta zerbait jaten edota gantxiletik ura edaten.

Lan metodo hori erabiliz, hiru forjari eta laguntzaile taldeak 150 biradera inguru forjatzen zuen orduan.

Bizikletaren ezkerraldeko biradera egitea askoz ere errazagoa zen, ez baitzuen V formako bi besoak behar izaten eskuineko biraderak bezala. Nolanahi ere, ezkerreko biradera egiteko ere eskuinekoa egiteko makineria bera erabiltzen zuten, antzeko prozesua burutuz, baina eskuineko biradera egiteko barraren ertzean luzetara egiten zioten ebakidura egin gabe eta bi besoak eskuz ireki beharrik gabe.