Egokitzea eta trokelak aldatzea

Forjariek aldizka-aldizka alderatzen zituzten forjatutako biraderaren bi erdiak, ea bat zetozen ikusteko. Hala gertatzen ez zenean trokelak (arra eta emea) lokatuta zeuden, hau da, altzairuzko ziriekin makinari presio handian lotutako trokelak jatorrizko lekutik mugitu ziren seinalea izaten zen.

Holakoetan, forjariek makina zuzendu egin behar izaten zuten. Horretarako, lana utzi eta trokelak berriro bere lekuetan jarri behar izaten zituzten, bi eskuekin helduz erabiltzen zituzten 8 edo 10 kiloko mailuekin edo altzairuzko porroiekin kolpeak emanez.

Antzeko lana egin behar izaten zuten loturak askatzeko, forjatu beharreko biradera modeloa aldatzen zuten bakoitzean edota trokelak kolpeen ondorioz hondatzen zirenean, hau da, 5.000 edo 6.000 pieza forjatu ondoren edo egun batzuk lanean egin ostean.

Trokel bakoitzak 60 edo 70 kiloko pisua zuen, eta langileek esku-indarrez kendu behar izaten zituzten bi trokelak makinatik; lan bertsua egin behar izaten zuten trokel berriak jarri behar zirenean, horiek ere berriro porroi edo mailukarekin ziriei emandako kolpe ikaragarriz eutsi behar izaten baitziren.