Lan baldintzak

Labeko ke eta gasak, tximiniarik ez zegoenez, era askean zabaltzen ziren lantegian zehar, sabaian eta hormetan egindako zuloetatik ihes egiten zuten arte. Askotan, beraz, eguraldiaren arabera, lantegian zehar zabaltzen ziren bertan lanean ari zirenen arnasa kaltetuz.

Udan, labearen berotasunak kiskaldu egiten zituen forjariak, batez ere labearen ahora hurbiltzen zirenean barrak ateratzera. Neguan, sabaian eta hormetan irekitako zuloetatik hotz ikaragarria sartzen zen.

Leku hartan izugarriak ziren zarata eta durundiak, makinak kolpeka lan egiten zutelako; eta zikintasuna zer esanik ez, dena zen kea eta dena zegoen kedarrez josita, hormak  belztuta, eta hori guztia gutxi balitz ere, lantegiko bazter guztiak burdina txatarrez beteta.

forjadoEl trabajador del fondo, a la derecha, acciona el mazo mediante una palanca. El primero a la izquierda prepara la barra y el segundo la presenta para el forjado. (Foto Amaia Ros 05.1996)

Giro zikin eta kiskalgarri horretan lan egin behar izaten zuten forjariek, 10 kiloko barrak makina batetik bestera eramaten (egunean 7 kilometro inguru egiten zituztela kalkulatzen da). Lana, beraz gogorra zen oso, batez ere udako bero galdatan lan egin behar izaten zutelako eta gainera lantegian zehar hedatzen zen kea irensten.

Forjariak izerdi patsetan lan egiten zuten, eta pieza gora eta pieza behera gantxiletik ura edatera joan behar izaten zuten; ez zen beraz urez betetako gantxilik falta, han edukitzen zituzten bazter-zokoren batean edo kaxaren baten gainean.

Landu behar zuten materialari kolpeak ematean, batzuetan burdinaren txipristinak edo txinpartak ateratzen ziren eta horiek arropak eta eskuak erretzen zizkieten langileei.

XX. mendeko 40 eta 50eko hamarkadetan, lanaldia zortzi ordu eta erdikoa edo bederatzi ordukoa izaten zen; gainera aparteko beste ordu bat sartu behar izaten zuten. Oporrak, ordea, urtean zazpi edo hamar egunekoak.

Gaur egun lan baldintzak nabarmen hobetu dira. Piezak elektrizitate indarraren bidez berotzen dira, eta ez dago, beraz, ez kerik, kedarrik eta zikintasunik. Makina eta lan sisteman izandako hobekuntzek asko samurtu dute forjarien lan astuna, zikina eta kedarra, eta erruz murriztu, esfortzu fisikoa.