Artazigileak XX.mendeko bigarren erdian. Deba-Mutriku nukleoa

Guda Zibilaren bukaeraren ondoko urteetan, zenbait artazigile agertzen dira, batez ere Gipuzkoan, eta, gehienak, Debako arroaren inguruan..

Artazien ekoizpenean aritzen ziren lantegien agerrerak garai hartako gobernuek sustatu zuten autarkia politika izan zuen bere alde; izan ere, mugak itxita zeuden kanpotik ekartzekoak ziren ia produktu guztietarako. Aldi berean, asebete gabeko eskaera bazegoen, baita ere, eskualdeko langileek berenganaturik zituzten burdinaren eraldakuntzaren gaineko ezagupen teknikoak, tradizioa eta lanbide hori betetzeko trebetasuna. Produktu horiek ekoizteko behar zen inbertsioen bolumena txikia izateak bidea eman zuen, lehen urteetan jarduera horretara eman ziren lantegiak, gehienetan, neurri txikikoak, baina bat baino gehiago izateko.

1944. urtean Gipuzkoan agertzen diren artazi fabrikatzaileak hamalau dira eta, horietarik, hamabi Debako ibarrean kokatu ziren, eta Irunen eta Zarautzen, hurrenez hurren, beste biak. Ziurrenik, beste zenbait gehiago ere izango ziren, orokorrean, neurri txikikoak. Fabrikatzaile nukleo txiki bat eratu zen Deban eta Mutrikun, eta horietako baten batek mantendu egin zuen jarduera XX. mendeko 90.eko hamarkadako hasiera arte.

Nukleo horretako enpresek euren artean harreman estua izaten zuten eta, hala, horietako baten eskutik sortuko zen bestea eta langileak batetik bestera aldatzea ohikoa izaten zen.

artazi lantegia1945. urte inguruko artazi lantegi baten berreraiketa. Ezkerraldean, leuntzaile taldea artazi xaflei forma ematen ari da, txirrika sistema baten bidez eragindako txirrikak eta harri urratzaileak erabiliz horretarako. Aurreko planoan agertzen den langilea piezen erdiko zuloak egiten ari da eta, haren eskuinean dagoena, artaziak armatzen. (Yulen Zabaletak egindako marrazkia)

Lantegi horietarik lehenengo biak -bata Mutrikukoa eta bestea Debakoa- jatorriz eibartarrak ziren enpresa gizon edo langile espezializatuek sortu zituzten, bakoitzak bere arrazoiagatik, guda osteko urte latzetan beren jatorrizko hiria atzean utzi zutenean. Hasierako bi lantegi horietarik beste zenbait sortu ziren, hain zuzen ere, lehenengo lantegi horietan lanbidea ikasi zuten langileen eskutik. Enpresak era tzeko prozesu hori eskualde horretan bereizgarria da eta neurri handian zabaldu izan dena.

XX. mendearen erdialdean artazien fabrikazioan erabiltzen zen prozesuak, industrietan kokatu eta pieza beraren ale askoko sailak egin arren, eskulana edo ia-ia artisau lana izaten jarraitu zuen, neurri handi batean, bai behintzat. Langileak ez zeuden oso kualifikatuta, lana egin ahala joango ziren lanbideaz jabetzen, eta makineria gutxi erabiltzeaz gain, instalazioak ere oso xumeak ziren.

Ekoizten zituzten artazien geometria bereziak eragin zuen hala izatea; izan ere, artaziek azalera kurbatu anitzak zituzten eta prozesua mekanizatu ahal izatea zaila egiten zen. Gainera, merkatuko eskaerak artaziek azaleko akabera leun eta distiratsua (ispilu antzera leundutakoa) izatea balioesten zuen eta, garai hartan, eskuz lantzea, bestelako modurik ez zegoen hori lortzeko.

Bereiztutako bi pieza bata bestearekin egokitu beharrak eta artaziak ondo ibiltzekoak izan beharrak, ere eskulanarekiko mendekotasun hori indartu egiten zuen; izan ere, artaziak banan-banan eta eskuz doitu eta konpontzen zirenean baino ez zen lortuko artaziak ondo ibiltzea.