Ekoizpen prozesua

Artazien ekoizpen prozesua pieza bietako bakoitza forjatuz hasiko zen; lan hori presio bidez egiten zen, egin beharreko piezaren forma itxuratzen zuten barrunbeak grabatuta zituzten molde edo trokel biren artean jarrita.

Lantegi txiki horietan artazi piezak gordinean jasotzen zituzten eta ekoizleen esanetan, material soberakin asko izaten zuten, ez ziren lodiera berekoak izaten, oso irregularrak, baizik; beraz, nahiz eta itxura batean pieza horiek artazien formakoak eta neurrikoak izan, lan handia zen egiteko zutena. Jarraitu beharreko prozesua nekeza zen, hogei urrats edo eragiketa, baita gehiago ere, bete behar izaten ziren; izan ere, azalera guztiak, angelu eta ertz guztiak landu behar ziren, soberan zegoen materiala kendu, pieza bakoitza leundu eta bestearekin lotu, bukaeran produktuak oso azalera distiratsua, itxura oneko forma eta geometria izatea eta, gainera, behar bezala doituta egotea, erabileran arina, ez nasaiegi ez estuegi, eta ebakera garbia eta jarraitua egiteko egokia izatea lortu behar zen.

Bata bestearekin lotu beharreko pieza bi bereiztuak izateak beharrezkoa egingo zuen, lehenbizi, pieza bakoitza bere aldetik itxuratzea eta, horren ondoren, batu eta montatzea biak batera lantzeko eta, jarraian, modu ordenatuan berriz banatzea bestelako eragiketak egiten jarraitu ahal izateko. Muntatze eta desmuntatzeko eragiketa hori, ekoizten ziren modelo gehienetan, artazi bakoitzarekin hiru bider edo gehiagotan egin behar izaten zen.

Forjatutako piezaren gainean egingo zen lehenengotariko eragiketa material soberakina edo bizarrak kentzea zen eta piezak bata besteari lotuta izango zituzten alderdiak berdintzea, hain zuzen ere, pieza aulkiko tornuan eutsita eskuko lima batekin egin ohi zena.

Horren ondoren, azalera guztiak harriz landuko ziren eta, hala, materiala kendu eta formak eta azalerak nahiko itxuratuta uzten zituzten. Zorrozteko makinan -egurrezko txirrika bat zena, area urratzailea zuena azalera guztian lekedaz itsatsita eta motor elektrikoak eraginda abiadura handian birak ematen zituena- egiten zen eginkizun hori, langileak pieza bere eskuz helduz eta moldatuz eta haren kontra presionatuz. Biratzerakoan, hondar ale horiek materiala erausi eta kendu egingo zuten langileak pieza eskuz moldatzen zuen heinean.

Eginkizun horretan aurrera egingo zuten erdiko ardatza edo torlojua han sartzeko zuloa eginez. Eskuz eragindako zulagailua erabiltzen zuten horretarako, eta, ondoren, girteneko zuloaren barrualdea harriz landu eta leundu egingo zuten handik sartuz azalera guztian gai urratzaile aleak itsatsita zituen narruzko uhal bat, txirrika biren eta motor elektriko baten bidez bira araziko zena. Artazi pieza eskuekin eutsiko zuen langileak eta uhala mugitu ahala, pieza alderdiz aldatuko zuen, urratzaileak girteneko zuloa barrualdetik ondo leuntzeko; ezin zen beste era batera egin. Harriz lantzen bukatu ondoren, txirrika geldi arazi, uhala desmuntatu eta piezatik atera ondoren, prozesua beste behin abiaraziko zen, beste pieza baten girtenean jarriz uhal hori.

Hori egin ondoren, bi xafla hartu eta bata bestearekin muntatuko zituzten torlojuaren edo ardatzaren bidez lotuz. Jarraian, bata bestearekin behar bezala egokitzeko eskuz eta limarekin landuko zuten eta, aldi berean, egiaztatu haren doikuntza eta mugikeraren leuntasuna neurrikoak ote ziren.

Hortik aurrera, xaflak bata bestearekin doituta geratzen ziren eta, artazi bakar baten osagaiak izanez, behin betiko, bikotea osatuko zuten; baina, artean, burutzear zegoen prozesu luzean zehar, banatuak eta berriz muntatuak izango ziren, gutxienez, beste bi bider.

Bikotea desegin ondoren, gero identifikatu ahal izateko, bi piezetan zenbaki bera grabatzen zen eskuz, puntzoiarekin eta mailuarekin joaz. Lehen muntaketatik aurrerantzean, ekoizpen prozesuan ehun artaziko loteak egiten ziren; horrenbestez, 0tik 99 bitartekoa zen markatutako zenbakia.

Artaziak, erabiltzerakoan, ebakera garbia eta modu progresiboan egiteko beharrezkoa izan ohi da bi xaflak, edo bietarik bat, gutxienez, sabelduta egotea; hala, ebakitzerakoan sorbatz biak beti puntu baten gainean presiopeko kontaktuan egongo dira. Sabeldutako forma hori emateko, aulkiko tornu txikian jartzen zen xafla eta eskuz indarra eginez, bihurritu egiten zuten.

Eginkizunean aurrera eginez, langileak piezak tenplatu egingo zituen sorbatzak gogortzearren; horretarako, sutegiko ikatz txingarretan berotu eta, berehala, olio mineraletan sartuko zituen, azkar hoztu ahal izateko.

Forjatutako piezen irregulartasunak eskuz berdintzen zirenForjatutako piezen irregulartasunak eskuz berdintzen ziren. (Yulen Zabaletak egindako marrazkia)

Artaziak egiteko langile funtsezkoa zen leuntzaileaXX. mendean, artaziak egiteko langile funtsezkoa zen leuntzailea. (José María Izagaren argazkia).

Yulen Zabaletak egindako marrazkiaLangilea artaziaren begia leuntzen; horretarako, handik sartzen zen xingola urratzaile bat erabiltzen zuen. (Yulen Zabaletak egindako marrazkia)

Yulen Zabaletak egindako marrazkiaArtazi bat osatuko zuten xafla bietan zenbaki bera markatzen zen eta, zenbaki horri zegokion zuloan jartzen ziren, biak elkartu ahal izateko. (Yulen Zabaletak egindako marrazkia)

Hurrengo eginbeharra, xafla bakoitzaren azalera guztiak leuntzea izaten zen; eskuz egiten zuten lan osoa, beste behin ere, txirrika urratzailea erabiliz, erabat garbi eta altzairuak bereizgarri duen kolore arre argia lortu arte. Leundu ondoren, berriz muntatu behar zituzten eta, horretarako, artazi pieza bakoitza osatzen zuten xafla biak xafla multzotik atera beharko zituzten.

Lan hori erraztearren, egurrezko tabloi bat izaten zuten, 100 zulokoa eta zulo bakoitzean zenbaki bat, dagokion hurrenkeran jarrita. Multzoan pilatutako xaflak, banan banan, eskuarekin hartu eta grabatuta zeukan zenbakiari zegokion zuloan sartuko zuen langileak, eta xaflak modu horretan antolatu ondoren, lehenago bata bestearekin doituta utzi ziren xafla biak zulo berean biltzen ziren eta hala, beste behin ere, batu edo muntatu egingo ziren.

Baina, beste behin ere banatu eta desmuntatu egingo zituzten; hausturarik ez gertatzeko iraoketa tratamendua ematen zitzaielako, sutegiko suaren gainean jarritako metal xafla batean berotzen utzita, artaziaren azalera meheak lasto gisako kolorea hartu arte, izan ere, horrek adierazten zuen tenperatura egokia zuela.

Jarraian eta, artean, artazi pieza biak bereiztuta, xafla bakoitza leun du egingo zuten; ore urratzailea emanda zuen trapuzko txirrika bat erabiltzen zen horretarako, eta, langileak piezari bere eskuz eusten zion piezari haren kontra, nolanahiko marra edo marka kentzeko eta azalera erabat distiratsu utzi arte. Ispilu erako leunketa esaten zitzaion horri. Ondoren, nikelezko estaldura ematen zitzaion gainazalari, bainu elektrolitikoan sartuz artazi solteak.

Geruza hori oso kalitatea txarrekoa zen, izan ere, 40. eta 50. hamarkadetan eskualdeko industrialariek elektrolitikoen prozesuei buruz zuten ezagupena enpirikoa zen, soil-soilik, haren oinarri fisikoak ezagutu ere ez ziren egiten. Horregatik, nikelez estalitako piezen distira eta kolorea irregularrak izan ohi ziren, oso.

Artazi xaflaren barrualdea hustu egingo zuten, jarraian. Hori ere, eskuz egiten zen, txirrika urratzailearen bidez, arreta handiarekin eta pultso irmoarekin, eta jarraian xaflaren ahoa ere, modu berean zorroztuko zuten.

Horrekin, xafla bakoitzaren gainean landu beharrekoak bukatuta, berriz muntatzea baino ez zen geratzen; biak lotzeko torlojua jarriko zen eskuz, bihurkinarekin neurria emanez presio egokia eta pieza bien mugimendua leuna izateko moduan.

Azkenean artaziak kartoizko kaxetan sartzen zituzten, dozenaka edo dozena erdika, artazi mota eta neurriaren arabera.

XX. mendeko 40. hamarkadan, argindar hornidurak murrizketak jasatea ohiko gauza zen. Zenbait kasutan, eten horiek iragarri egiten zituzten, baina, bestetan, ustekabean gertatu ohi ziren; halakoetan, lana bertan behera utzi beharra zegoen eta argindarra berriz eman arte itxaron; industriak modu erregularrean jardun ahal izateko arazo bat zen.

Burutu gabeko lanak edo lanik egin gabeko orduak, argindarra bueltatzen zenean beteko ziren, lanaldia luzatuz edo aldatuz, batzutan goizaldera arte. Bete ere egin gabe geratzen ziren batzutan; eta, orduan, langileek igarriko zuten, bete gabeko horri zegokiona beren lansaritik kendu egiten zitzaielako eta, enpresak berak ere, eskaeren hornidurak atzeratzen ibili beharko zuelako.