Usadiozko papergintza

Usadiozko metodoarekin papera egitea oso lan motela eta zaila zen. Musulmanek dagoeneko Espainia hegoaldean egiten zuten X edo XI. mende hasieran, Txinako teknikak eta lastoa, kalamua edo lihoa lehengai bezala erabiliz. Geroago zapiak eta algodoi edo lihozko oihal hondakinak erabiltzen hasi ziren papera egiteko.

Prozesu hori ez zen ia aldatu XVIII. mende bukaera arte: zapiak eskuz sailkatzen ziren, kalitatearen arabera. Bakoitza paper mota ezberdina lortzeko erabiltzen zen, eta lan hori emakumeek egiten zuten gehienetan. Jarraian aska edo usteltegi batean sartzen ziren, gainetik ura bota, eta bost edo sei egunetan irakiten uzten zen “eskua sartzean erre arte”.

Eragiketa horrek oso usain txarra sortarazten zuen. Jarraian, zapiak eskuz txikitu eta urez betetako aska batera botatzen ziren. Bertan birrindu eta xehatu egiten ziren, pasta fin edo ore bat bihurtu arte. Hasiera batean, xehatze prozesua eskuz egiten zen, eta benetan neketsua zen. XII. mende aldera energia hidraulikoz mugitutako paper errotak iritsi ziren eta prozesua mekanizatu zuten. Zapiak mailu handi batzuen bidez txikitzen ziren.

Ibai batetik zetorren urak gurpila mugitzen zuen, horrek espekadun ardatz bat birarazten zuen, eta hori gertatzen zenean, espekek egur pieza batzuekin topo egin eta altxa egiten zituzten, gero aska barrura erortzen utziz. Mazoak desberdinak ziren, listutu, findu edo homogeneizatzeko. Zapiak birrintzeko prozesuak hiru fase zituen, eta 36 ordu irautera iritsi zitekeen (orearen fintasun mailaren araberakoa zen iraupena). Denbora guztian, zapiak mazoekin kolpatzen ziren.

Hori bukatu ondoren, orea beste aska batzuetara pasatzen zen, eta bertan urarekin nahasten zen, esne itxurako nahasketa bat lortu arte. Horri hainbat produktu, kola eta almidoi gehitzen zitzaizkion (paperari prestaera emateko) eta, kasu batzuetan, baita koloragarriak ere. Artisauak ur eta ore portzentajea kontrolatu behar zuen. Izan ere, nahasketa hori ondo egiteak zehazten zuen paper mota eta bere kalitatea.