Papera egitea

Behin orea lortu ondoren, oso erraza zen xafla bihurtzea. Eragiketa hori eskuz egiten zen, eta papera banaka egiten zen, orriz orri. Langileak (formatzaile edo laurenteak) bi eskuekin, molde errektangular bat, forma edo gurma deiturikoa, egurrezko marko bat eta burdin sare fin batekin egindakoa, hartzen zuen eta orez betetzen zuen. Jarraian, askatik atera eta ura burdin sareko zulotxoetatik ura eror zedin uzten zuen. Horrela, sarean xehatutako oihalen zuntzak bakarrik geratzen ziren.  Gero, langileak moldea azkar alde batera eta bestera mugitzen zuen, zuntzak elkarren artean gurutzatu eta lotzeko. Horrela material berria lortzen zen: uretan bustitako paper orria. Behin eragiketa hori egindakoan, markoa beste langile bati ematen zion formatzaileak, kasu honetan, jartzaileari. Honek, markoa feltro puska baten gainean biratzen zuen, paper orria markotik askatzen zen, eta horrela markoa hutsik itzultzen zion formatzaileari.

Orriaren lodierak paperaren gramajea zehazten zuen, eta hori markoaren altueraren araberakoa izaten zen. Altuera hasierako markoari beste marko eratxiki bat jarrita lortzen zen.

Bi langileek eragiketa hori behin eta berriro errepikatzen zuten, eta  orriak bata bestearen gainean pilatzen zituzten, erdian feltro geruza bat tartekatuta, posta bat eratu arte (250 eta 261 orri artean).

Jarraian posta edo mordoa torlojuzko prentsa batera eramaten zuten. Prentsa hori enbor handiez osatuta zegoen, eta sagarra edo mahatsa prentsatzeko erabiltzen zirenen antzekoa izaten zen.

Mordoa presiopean jartzen zen, horrela orriek zeukaten ura galtzeko. Gero, altxatzaileak orriak eskuz banatzen zituen. Jarraian, emakumeek lokaleko goialdean, edo bereziki helburu horretarako zegoen toki batean, orriak banan-banan zintzilikatzen zituzten lehortzeko. Lan horretarako garai onena negua zen; izan ere, papera jelatzen zenean, askoz ere zuriagoa geratzen baitzen. Papera maneiatu eta paketatzea ere emakumeen lana izaten zen gehienetan.

Eskuz egin beharreko eragiketa horiek nahiko azkar egiten zituzten. Hiru langile, lana ondo koordinatuz gero, minutuko zortzi orri egiteko gai ziren. Idazteko papera lortu nahi bazuten, oreari gelatina gehitzen zioten. Gelatina hori zurrategietan soberan geratzen ziren behi azalak egosita lortzen zen. Teknika hori XVI. mendetik aurrera zabaldu zen: bestela, orriei almidoia ematen zitzaien, eta berriz lehortzen uzten ziren.

Orriak lehor zeudenean, akabera hobea emateko, txartatu egiten ziren. Hori indar hidraulikoak eragindako mailu satinatzaile batekin egiten zen. Bitartean, langileak, mailuaren ondoan lurrean eserita zegoela, paper mordoa eskuekin heldu eta, kolpe bat eta bestearen artean, alde batera eta bestera biratzen zuen, papera behar bezala fintzeko.