Xiri Andonegi

Xiri Andonegi Egurbide (Mutriku, 1955) arte bokazioaren, iraunkortasunaren eta zailtasunak gainditzeko ahaleginaren adibide bat dugu. Goiti y Estarta y Ecenarro-Sigma-ko langilea izaki, enpresa hau itxi zutenean lanik gabe geratu zen. Debako Arte Eskolan ikasi ondoren (1970-1973), Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako Fakultatean matrikulatu zen, eta lizentziatura eskuratu zuen bertan bost ikasturte eginda (1996).

Eskultore profesionala da, eta Mutrikuko bere estudio-lantegian aritzen da jarduera honetan. Obra aipagarriak egin ditu, batez ere espazio publikoetarako, eta azpimarratzekoa izan dezakegu, besteak beste, Markinako Ikastetxe Teknikoan kokatutako Mogel izenekoa.

Era berean, Mutrikuko Udalarentzat “Mari”, “Urtzi-Thor”, “Sorgin” eta “Akerbeltz” erraldoi estreinatu berriak eta “Oker”, “Alper”, “Txoro” eta “Txokolo” buruhandiak egin ditu.

Xiri AndonegiXiri Andonegi eskultore mutrikuarra bere lantegi-estudioan, pintatzeko prest dituen “Sorgin”, “Akerbeltz” eta “Mari” bere azken lanekin.

Artista honen iritziz, erraldoiak eta buruhandiak eta antzeko figurak egiteko, funtsean hiru prozedura erabiltzen dira; kasuan-kasuan, honako lan hauek hartzen dituzte:

Prozesu tradizionala: diseinua, euskarria, modelatua, eskaiolazko moldea, geruzaz geruzako lanketa, azaleko akabera, pintura aerografikoa, azken ukituak pintzelez, bernizatzea, egituran mihiztatzea eta janztea. Sistema honek aukera ematen du molde bera behin baino gehiagotan erabiltzeko.

Prozesu zuzena: diseinua, euskarria, modelatua, geruzak zuzenean ematea zuntz eta poliester bidez (molderik gabe alegia), figura askatzea 1 mm lodiko fresa bat erabiliz, irekitzea (modelatua galtzen da, beraz, bakar-bakarrik obra bakarra denean aplikatzen da), barnealdea ur-zurrusta presiodunaz garbitzea, lehortzea, zatiak soldatzea, eta prozesuaren beste pausoak lehen aipatutakoaren modu berean amaitzea.

Askotarako prozesua: Prozedura luzeago eta garestiagoa da, baina nahi adina kopia egiteko aukera ematen du. Pauso hauek hartzen ditu: diseinua, euskarria, modelatua, eskaiolazko moldea, moldea zabaltzea eta buztinezko positiboa ateratzea, barbotina-geruza bat ematea, moldea ixtea, eskaiolazko positiboa ateratzea eta molde negatiboa baztertzea. Huste prozesu honen bidez buztinezko originala eskaiolazkoa izatea lortzen da.

Hemendik aurrera buztinezko geruza bat ematen da (1,5 cm lodi) eskaiolazko figuraren gainean, kontramolde gisa, behar den toki guztietan; zati bat zabaldu hurrena, eta sekzio horretako buztina kendu, moldearekin elkartu, silikona isuri bertan egindako kono-enbor formako zulo batetik, material honen bidez bete eskaiolazko originalaren eta kontramoldearen artean zegoen buztinezko geruza kentzean geratutako hutsunea, eta solidotu dadin itxaron. Lan hau banan bana egiten da kontramoldeko sekzio guztiekin.

Kontramoldea eta silikona askatzen jarraitzen da, barnealdetik kenduz eskaiolazko originala, eta aurreko tekniketan aipatutako prozesuaz aurrera egiteko behar dugun moldea prest izango dugu.

Xiri Andonegi eskultoreak dioenez, “Silastic 3481 base” erabili izan du, egoera likidoan, “Silastic 81 Curing agent” hartuz katalizatzaile gisa, baina ba omen du beste silikona bat, solido dagoenean ere moldeagarria dena, eta prozesua alderanztea eskatzen duena, hau da: silikona zuzen-zuzenean ematen da eskaiolazko originalaren gainean eta, gero, eskaiolazko kontramoldea egiten da (praktikoago eta seguruagoa omen).

Produktu merkeagoak badira “Silastic 3481” horren ordez erabiltzeko, baina lehenago hondatzen dira, hala nola gelatina industriala, “Plastoflex”, untxi-lekeda edo latexa; hauek guztiak marian prestatzen dira.

Silikonaren edo lehen aipatutako silikonaren antzekoen berezitasuna ere aipatu behar da, solidotzen direnean goma moduko bat bihurtzen baitira, beste material trinkoago edo zurrunago batekin ezinezkoa izango litzatekeen hainbat posibilitate emanez gainera.

Aipatutako azken teknika ez da soilik erraldoi eta buruhandietarako erabiltzen, baizik eta baita brontzezko urtze lan artistikoetan ere, eta poliesterrez zenbait obra erreproduzitzeko, harri-hautsa eta beste koloratzaile batzuk gehituz horrelakoetan.

Xiri Andonegik egindako azken obretan poliesterra eta beira-zuntza erabiltzen dituen teknika ikusten dugu.

Lan desatsegin eta osasungaitza dela uste du, baina badu bere ordaina ere, obra hauek batik bat umeen artean sortzen duten ilusioa alegia, kontu sagaratua eskultorearentzat, helduen artean eragiten duten mirespenarekin batera.