Grabatu prozesua

Harri berria erabiltzea oso garestia izaten zenez, askotan aldez aurretik grabatutako harri bat erabiltzen zen, dagoeneko erabiltzen ez zena.  Harri hori berriz ere grabatu ahal izateko, lehenbizi grabatutako irudia ezabatzeko, apar-harriarekin ondo igurtzi behar zen. Gero, goma arabigo geruza bat ematen zitzaion, grabatzaileak hatzetan izaten zuen izerdia eta koipea gainazalean ez itsasteko. Izan ere, hori gertatzen bazen, ura ez zen behar bezala itsasten. Lan hori ikastun batek egiten zuen gehienetan.

Litografia-grabatzaile baten lan tresnakLitografia-grabatzaile baten lan tresnak. Beranak (ezkerreko hirurak altzairuzkoak, eta eskuineko biak diamantezkoak); tintaztatzeko tanpoia, lupa edo piru zenbatzailea, eta beranak zorrozteko harria, egurrezko kaxan gordeta. Hori guztia harri litografiko grabatu baten ondoan. J.R. Alvarezek egindako argazkia.

Jose Alvarezek, lehenbizi paperean diseinu-zirriborro bat egiten zuen eskuz, eta bezeroari aurkezten zion, oniritzia emateko. Oniritzia bazuen, irudia harri gainean irudikatzen hasten zen. Lehenbizi, beranarekin, zeluloidezko orri fin (0,2 mm) baten gainean alderantzizko irudia grabatzen zuen. Gero, orriari hauts urdin geruza bat jartzen zion, eta horrela hautsa ebaki edo ildoetan sartzen zen, eta gainontzekoa putz eginez eta eskuzapi batekin kentzen zuen.

Jarraian, orriari buelta ematen zion eta harriaren gainazalean jartzen zuen. Mutur puntaduna zuen paper-erroilu leun batekin, grabatzaileak zeluloide orriaren atzeko aldea zapaltzen zuen, eta horrela, kontaktu bidez, zeluloide orrian zegoen hauts urdina harrian geratzen zen itsatsita. Teknika horri esker, zeluloide orria kentzen zenean, irudikatu beharreko irudia argi eta garbi azaltzen zen harri gainean.

GrabatzaileaGrabatzailea, harri gainean makurtuta, lanean. Berana esku bakar batekin helduta, irudia grabatzen doa. Irudia detaile handiz egin behar duenez, lupa bat erabili behar du. J.R Alvarezek egindako argazkia.

Horrela, grabatzaileak bazuen irudikatu behar zuen irudi bat eta harria zizelkatzerakoan eredu gisa erabiltzen zuen: beran eta karrakagailuekin urdinez markatutako trazuak zizelkatzen zituen. Lana errazteaz gain, metodo horrek akatsak murrizten zituen.

Harria grabatzea prozesuko pausorik zailena zen. Horretarako izugarrizko arreta behar izateaz gain, denbora gehiena horretan pasatzen zuen, pauso horretan jartzen baitzen agerian artisauaren trebetasuna eta teknika menderatzen zuen ala ez.

GrabatzaileaLetra handien perfilak eta irudiaren beste atalak markatu ondoren, mutur lodiagoa duen beranarekin barruko atalak grabatzen ditu. Horri mazizatzea esaten zaio. Eragiketa hori egiteko ez da beharrezkoa harrira horrenbeste hurbiltzea. J.R Alvarezek egindako argazkia.