Doitasun handia

Lanerako arkatz baten tamainako beranak erabiltzen zituen. Egurrezko kirtena eta altzairuzko mutur borobil eta zorrotza izaten zuten, edo bestela, muturrean diamante bat izaten zuten, eta zenbaki bidez sailkatzen ziren (4, 8...). Bi beran motak lerro finak, profilak edo inguruak markatzeko erabiltzen ziren. Gero, lerro horiek hustutzeko beste beran mota bat erabiltzen zuten: hauek lantza formako muturra izaten zuten, eta kirtena egurrezkoa. Hustuketa lan horri mazizatzea esaten zioten. Metalezko muturra zuten beranak maiz zorrozten zituzten, kaxa batean gordetzen zuten harri latz baten kontra igurtziz.

Grabatzailea mahai aurrean esertzen zen, eta mahai gainean grabatu beharreko harria jartzen zuen. Irudi bakar bat grabatzeko, hainbat egun pasa zitzakeen, gau eta egun harri gainean makurtuta. Berana arkatz baten modura hartzen zuen, eta puntarekin trazuak poliki-poliki egiten zituen, pazientzia handiz. Trazu bakoitza egiteko, diamantezko muturra harriaren gainazalean sartzen zuen, eta ziztada txiki bat egiten zuen.

Gainontzeko gainazala ez markatu edo zikintzeko, eskua egurrezko taulatxo baten gainean jartzen zuen. Taulatxo hori alboko bi euskarriren gainean zegoen jarrita, eta horri esker, gainazala ez zikintzeaz gain, arnasa horra iristea ere ekiditen zuen. Izan ere, arnasa gainazalera iristen bazen, eredu gisa erabiltzen zituen hauts markak desagerrarazi zitezkeen. Trazuak oso finak eta jarraituak baziren, harri gainean lupa bat edo piru-zenbatzaile bat jartzen zuen.

Lehenbizi irudiaren profilak edo inguruak markatzen zituen, eta jarraian, barruko trazuak egiten zituen. Itzaleztadurak edo marradurak, elkarren ondoan lerro paralelo eta zuzen ugari eginez lortzen zituen. Batzuetan, lerro gurutzatuak ere egiten zituen, eta horretarako erregela bat erabiltzen zuen.

Trazu zabalagoa egin nahi bazuen, beranarekin bi lerro fin egiten zituen inguru gisa, eta ondoren bi lerro horien arteko tartea karrakagailu batekin lantzen zuen. Erreminta horrek egurrezko kirtena zuen eta lantza formako altzairuzko muturra. Lehen aipatu dugun bezala, hustuketa pauso horri mazizatzea esaten zitzaion.

Lan hori guztia egiten zuen bitartean, grabatzaileak ezin zuen beranarekin akats bat ere egin. Izan ere, trazuak edo markak ezin ziren ezabatu, eta baten bat egiten bazuen, gainazal berri batean berriz ere irudi osoa egin behar zen. Jose Alvarez Floresen arabera “grabatzaile on batek ezin du soberako trazu bat ere egin".

Acción de Lizarriturri y RezolaAcción de Lizarriturri y Rezola obtenida a partir de una piedra litográfica grabada manualmente en 1923 por José Alvarez Flores.