Azken eragiketak

Grabatua amaitzen zuenean, gainazaleko hauts soberakinak kentzen zituen, eta harri litografikoan argi eta garbi azaltzen zen grabatua.

Jarraian, itsasoko belaki berri batekin, gainazala urez bustitzen zen. Horrela ura poroetan sartzen zen, eta gero eskuzapi bat pasatzen zen gainazaletik, soberako ura kentzeko. Ondoren, kuxinduradun tanpoi handi bat tinta koipetsuan busti eta harriaren gainazala tintaztatzen zuen. Tanpoia bi eskuekin heldu eta behin eta berriz mugituz, grabatu osoaren gainetik pasatzen zuen.

Urak tinta koipetsua uxatzen zuen, eta horrela irudiaren trazu eta hutsuneetan bakarrik geratzen zen finkatuta, grabatutako irudia nabarmenduz. Tinta harrian ondo finkatzeko, eragiketa hori egiterakoan, eskuz presio handia egin behar zen behin eta berriro.

Tinta ondo finkatu zela ikusteko, froga batzuk egiten zituen grabatzaileak. Horretarako, produktu koipetsu batekin bustitako paper bat jartzen zuen harri gainean (paper hezea deiturikoa), irudiaren gainean estutzen zuen eta grabatutako irudia bertan inprimatuta geratzen zen.  Hori zen litografia-grabatzaileek egiten zuten azken pausoa. Hortik aurrera irudia inprimatzen hasten ziren. Hasiera batean, makina lau batekin alderantzizko grabatuen bidez egiten ziren inprimaketak. Geroago, Offsetbidezko inprimaketa erabiltzen hasi ziren.

Lehenbiziko teknika bidez inprimatzeko, mahai lau batean eskuzko prentsa lau bat finkatzen zen, eta bertan, harri litografikoa. Arrabolen bidez tinta koipetsua ematen zitzaion, eta hori irudiaren trazuetan bakarrik finkatzen zen. Jarraian, harri gainean, mugimendu bakar batean, inprimatu nahi zen papera jartzen zen, eta horren gainean, kartoi edo feltro bat. Prentsari eragiterakoan, irudia inprimatzen zen.

Elgoibarreko San Pedro siderurgia enpresako akzioa, 1921Elgoibarreko San Pedro siderurgia enpresako akzioa, 1921. Originala harri litografikoan grabatu zen, eskuz.