Pedro Satostegui

Pedro Satostegi (Donostia 1940), zilargileen seme eta biloba da (Satostegi zilar-denda, Easo kalea 8, Donostia). 16 urte zituela hasi zen lanbidea ikasten. Bere maisua Federiko Kareaga eibartarra izan zen, Errenterian bizi zena, baita bere seme Kaietano Kareaga ere. Hiru urte pasa zituen bertan mailu bidezko grabatu teknika ikasten. Goizero joaten zen lantegira, eta arratsaldetan, arte eta lanbide eskolara joaten zen, Bixente Kobreros eta Jesus Gallego irakasleekin marrazketa ikasten zuen, eta Jose Lopetegirekin, buztin modelaketa. Klase haietan beste gazte asko izaten ziren, pintura eta eskultura ikasten hasi berriak. 19 urte zituela, Kareagaren lantegian, zizelkatzaile-bozelatzaileen lanbidea ikasten hasi zen.

Hilabete batzuk pasa zituen Madrilen, D. Garcia ospetsuaren zilar-lantegian, familiaren hornitzailea zen,  lanbideari buruzko ezaguerak hobetzen. Zizelkaritza atalean, Jose Txitxarrorekin teknika hobetu zuen. Honek erretiroa hartu zuenean, erreminta guztiak oparitu zizkion Pedrori. Horien artean bozelatzeko zizel ugari eta berrogei urte baino gehiagotan erabilitako mailua zeuden. Mailu horren kirtenak, irudi artistiko batzuk zituen zizelkatuta.

Esan beharra dago, Pedro Satostegik errespetu handiz gogoratzen dituela Kareaga eta Txitxarro, baita haiek erakutsitako guztia ere, eta maisu deitzen diela.

Pedro Satostegi Luis Maria Lafuente SetienLuis Maria Lafuente Setien grabatzailea bere lan-mahaiaren aurrean. (Argazkia J.M.I 2002ko urria).

Bere aldetik lantegia etxean jarri zuen, eta urtetan Satostegi zilar-dendatik bidaltzen zizkioten lanak egiten zituen. Esan beharra dago, garai hartan bost grabatzailek egiten zutela lan Satostegitarrentzat. Geroago, Donostiako beste zilar-dena, bitxi-denda eta erloju-denden hornitzailea ere izan zen.

Hasiera batean grabatzaile eta zizelkatzaile-bozelatzaile gisa aritzen bazen ere, azken horretako enkarguak oso eskasak izaten zirenez, berehala bertan behera utzi zuen jarduera hori, eta grabatzaile gisa bakarrik aritzen zen.

Beti enkargu bidezko lanak egiten zituen, besteak beste urrezko, zilarrezko, alpaka edo letoizko plaketan eskaintzak edo omenaldiak grabatzen zituen enpresetako opari bezala ematen zirenak. Horrez gain, erretiluak, erlojuen atzeko aldeak, eraztunak, trofeoak eta bestelako gauzak ere grabatzen zituen.

Askotan, letrez gain, irudiak ere grabatu behar izaten zituen. Zilar gainean egin zituenen artean aipatzekoak dira Arantzazuko basilika, Bergarako udaletxea, edo Donostiako Antigua auzoko San Sebastian eliza. Baina denetan garrantzitsuena Gipuzkoako Batzar Nagusiek Joxe Miel Barandiarani oparitutako plaka da. Bertan, bera jaio zen baserriaren irudia, jaiotze-agiriaren kopia bat, Gipuzkoako armarria eta eskaintza grabatu zituen.

Pieza txikiak finkatzeko altzairuzko bola birakari handi bat erabili duen artisau bakarretakoa da. Bola hori grabatu, zizelkatu eta bozeltzeko beti erabiltzen zuen.  Lan hori pieza handietan egin ahal izateko (erretiluak, besteak beste), egurrezko kaxa antzeko batean heltzen ziren. Kaxa hori bikez beteta zegoen, eta era berean mahai gainera helduta egoten zen. Nahiago izan du mailu bidezko berana erabiltzea, eskuzko berana baino. Altzairuzko bola eta mailu bidezko berana erabiltzeak zerikusia izan dezake bere irakaslearen jaioterriarekin. Izan ere, Eibarkoa zen izatez, eta bertan bi elementuak asko erabiltzen ziren, batez ere damaskinariek. Tresna horiek artisauenak izaten ziren, eta horien gainean, beste teknika bat jarraituz, metalean urrezko hariak txertatzen zituzten, horrela pieza ederrak lortuz.

Pedro Satostegik, bezeroak emandako ideia garatu eta obren diseinua nahiz konposizioa egiten zuen. Askotan elkar lotutako inizialak egiten zituen, letra klase desberdinak erabiliz (gotikoa, ingelesa, erromatarra eta abar), eta horiek nola egin jakiteko, liburuak erabiltzen zituen. Argazkietako eta koadroetako irudiak egiteko ere liburuez baliatzen zen.

Oso gutxitan sinatzen zituen bere obrak. Izan ere, bitxi-dendek ez zuten nahi izaten bezeroak piezak nondik zetozen jakitea, eta horregatik baldintza bera ezartzen zitzaien grabatzaile guztiei.

1973-74 inguruan, gero eta lan gutxiago zuela ikusita, Pedro Satostegik, 34 urte eta seme-alabak zituela, grabatzaile bezala etorkizunik ez zuela ikusi zuen, "grabatzaile gisa ezin zuela bizi". Hori zela eta, lanbidez aldatu zuen, nahiz eta aisialdian oraindik lan batzuk egiten jarraitu.

GrabatzaileaBitxigintzako piezak grabatzeko eskuzko grabaketa erabiltzen da gehienbat. Grabatzaileak berana eskuarekin bakarrik bultzatu eta kontrolatzen du. (Argazkia J.M.I 2002ko urria).