Nonius edo eskalak eratzea

Lantegian bertan eratzen ziren kanoien edo torpedo jaurtigailuen tiroa artez bideratzen laguntzen zuten zirkulu arkuetan graduatutako eskalak eta itsas armadan erabiltzekoak ziren beste hainbat tresna.

Arreta handiz bete beharreko lanak ziren horiek, eta prezisio makina bat erabiltzen zen, lehenago, metalezko disko batean gradu banaketari dagokion puntu txiki bakoitza markatzeko. Grabatzaileak izango ziren, eskuz markatzeko teknikaren bidez, erreferentziatzat hartzen zituzten puntu horien gainean zatitzailearen marra guztiak egiten zituztenak, laburragoak batzuk, angeluari zegozkionak, hain zuzen; eta luzeagoak besteak (5 eta 10 graduetako adierazleak).

Erdigunea atzemateko eskuadra baten eta puntzoiaren bidez, erdira begirako marra bat markatuko zuten eta, jarraian, ebakera meheko gubila hartuta, hari mailu kolpeak emanez, zatiketa horiek banan bana markatuko zituzten eta, ondoren, bakoitzari zegokion zenbakia jarri, zenbaki jakin horren formadun puntzoiarekin sakatuz. Egin beharreko trazua mehea zenean oso, puntzeta erabiltzea hobe izaten zen (marra artezak grabatzeko puntzoia), eta tresna hori oso zorrotz eginda, mailu kolpe arinekin, marratzaileak trazatutako lerroari jarraituko zitzaion, hala, emaitza on bat lortuko zelarik.

Sobratutako materialaren bizarrak, eskuko gubilarekin kentzen ziren, limarekin eta lixa leun batekin. Lanari akabera emango zitzaion esku tresna txikiekin, ildoak oso nabarmen geratu arte, izan ere, tiro egiteko alderdi hori funtsezkoa baitzen.

Soraluzeko lantegiko tailerretako batSoraluzeko lantegiko tailerretako bat, jaurtigaien ekoizpenaz arduratzen dena, hain zuzen. Nabarmentzekoak dira ageri den langile kopurua, baita ere, garai hartako instalazioak. 1939-40. urte ingurua. (SAPA PLACENCIA elkarteak utzitako argazkia).