Berunlari familia

Gregorio Perez Santaeudosia Salamancarra berunlari ona zen 1915ean Bilbora iritsi eta Gregorio Baldus Guntorekin lanean hasi zenean (Vista Alegreko zezen plaza ondoan). Ondoren Casajuanan (Bailen kalean) ere aritu zen lanean, ontzigintzarako tresnak eta batez ere argiontziak egiten. 1925 edo 1926 aldera, Vicente Mestreitua lankidearekin elkartu eta Errekalde zumarkalean ezarri zuten lantegia, Penalty taberna ondoan (taberna hori Jesus Loroño txirrindulariarena izatera iritsi zen). Aurrerago, Santimami zumarkalera aldatu zuten lantegia.

1950eko hamarkadako katalogo baten arabera, honako tresnak egiten zituzten lantegi hartan: “burdina eztainuztatu oso gogorrez egindako kantinplorak, presiozko itxigailu hermetikodunak edo entxufedunak" (1980an egiteari utzi ziren eltze edo esne-ontziak, 2 eta 50 litro bitartekoak izan zitezkeenak); pertza zuzenak; estalkidun lapikoak; burdina eztainuztatuz egindako paella-ontziak (500 anoarainokoak, baita arauzko platerak ere, denak armadarako); pertz txiki eta konikoak; likido-neurgailuak; kaikuak eta iragazki bikoitzak.

Halaber, ontzigintza-industriarako tresna ugari ere egiten zituzten (besteak beste ainguratze-bolak, erronboak, seinaletarako triangeluak, material iragazgaitzez egindako kaxak (bertan salbamendu-txalupetan eramaten ziren larrialditarako jakiak gordetzen ziren), eta bestelako tresna bereziak, esaterako arratoi-uztaiak (latorrizko diskoak, erdian eztenez inguratutako zulo bat zutenak. Uztai horiek ontziak amarratzeko estatxa edo soketan jartzen ziren, horrela arratoiak ontzietara ez iristeko.

Era berean, ekoizpenaren zati handi bat trenbideetarako argiontziak ziren. Bezero nagusia Renfe zen, eta Bilbao-Santander linean erabiltzen ziren batez ere argiontzi horiek.

Horrelako produktuak eginez ikasi zituen Gregorio Perez Carazok lanbide horretan beharrezkoak ziren berariazko teknologiak. Horrez gain, eskarmentu izugarria ere eskuratu zuen, urteetan egindako lanak eta artisau-lanarekiko zaletasunak bakarrik ematen dutena.

Utilizando una bigorniaBajar y rebatir la pestaña de la boca de una aceitera, utilizando una bigornia. Foto Amaia Ros 07/97.

Oliontzi baten gorputza matxinbratzenOliontzi baten gorputza matxinbratzen, matxinbra batekin. Argazkia Amaia Ros 97/07.

La máquina "universal" La máquina "universal" se utiliza para sacar pestañas y molduras. Foto Amaia Ros 07/97.

Bere aitaren lantegiaren ardura hartu zuenean, usadiozko tresnak egiten jarraitu zuen. Baina lehen aipatu dugun bezalaxe, bere lantegiak hornitzen zituen sektoreen krisiaren ondorioz, bere lanbidea beste alde batera orientatu behar izan zuen, eta 1986an Zornotzara aldatu behar izan zuen lantegia. Adibide gisa gogorarazi behar dugu eltzeak gero eta gutxiago erabiltzen direla, batez ere baserrietan hozkailuak erabiltzen baitira eta horrez gain kartoizko eta plastikozko ontziak erabiltzen baitira. Trenbideetako argiontziei buruz ere gauza bera esan dezakegu, gaur egun argiontzi elektrikoak erabiltzen baitira.

Gaur egungo lantegia, 60 edo 70 m²-koa da eta ondo argiztatuta dago. Eraikin industrial bateko lehen solairuan dago kokatuta eta bertan ezarri ziren lanerako makinak nahiz tresnak. Makinak Alemanian erosi zituzten 1922 aldera, eta guztira 900 pezeta inguru ordaindu zituzten haien truke. Horien artean aipagarriak dira xaflak mozteko zizaila elektrikoa, esku-zizaila bat (zerrendak eta zumitzak mozteko); 2 metro arteko xaflak tolesteko eskuzko makina; bolante bidezko beste txikiago bat; disko lauak hozkatu eta sabeltzeko tornu bat; diskoak egin eta mozteko makina unibertsal bat; hiru arraboleko bi kurbatzeko makina, bata elektrikoa eta bestea biradera bidezkoa eta latorrizko xaflei zilindro forma emateko eta biradera bidezko izurtzeko makina unibertsala, moldurak eta erlaitzak egiteko.

Horrez gain, hainbat lan-mahai zituzten tornuzil eta ingudeekin, baita tas eta biburdinak ere, egiten ari ziren piezak mailuz kolpatzerakoan heldu ahal izateko. Piezak elkartzeko soldadura autogenoa eta eztainuzko soldagailua erabiltzen ziren.

Artisauak txantiloi sorta ugari erabiltzen zituen, egiten zituen piezaren araberako tamaina eta formakoak. Modelo eta tamaina bakoitzerako txantiloi sorta bat zuen, denak ere lantegian bertan, 70 urtetan zehar jardunean aritu zen heinean egindakoak.

MAPER lantegiak ontzigintza industria oraindik hornitzen badu ere (eskaria nabarmen gutxitu da), batez ere argiontziak, oliontziak, pertzak, eltzeak (1990ko hamarkada hasieratik aurrera), eta piperrak eta gaztainak erretzeko danbolinak egiten dituzte. Horrez gain, kobrezko eta letoizko ohe-berogarriak ere egiten dituzte, batez ere apaingarri gisa erabiltzeko.