Erabilitako fabrikazio-teknologiak

Usadioz, mahaiko berunlariek erabilera askotarako zilindro eta kono-formako tresnak egin izan dituzte. Lehengai gisa metalezko xafla finak erabili izan dituzte. Xafla haiek, hasiera batean eztainuztatuko burdinazkoak (latorrizkoak), kobrezkoak eta letoizkoak ziren, gero, 1950eko hamarkada inguruan, xafla beltza erabiltzen hasi ziren, eta aurrerago, xafla zuria. Materiala oso fina zenez eta xaflak erraz deformatzen zirenez, beti hotzean egiten zuten lan.

Material horiek lantzeko teknikak honakoak ziren: xaflak guraizeekin moztea, piezak okertu forma makurrak emateko, piezak tolestea hegalak eskuratzeko, bi tolestura mihiztatu edo lotzea, latorrizko diskoei forma sabeldua ematea, eta eztainu nahiz soldadura autogenoz soldatzea. Edozein tresna egiteko, mahaiko berunlariak lan-sistema bera jarraitzen zuten: lehenbizi egin nahi zen pieza latorrizko xafla batean marrazten zuten, gero moztu egiten zuten eta ondoren forma ematen zieten, lortu nahiz zen tresnaren pieza guztiak osatu arte. Jarraian, tolestura edo soldadura bidez pieza guztiak lotzen ziren. Eragiketa gehienak eskuz egiten zituzten, makina bakun batzuen eta ingude eta mailuen laguntzaz, piezak banan-banan eginez.

Gregoriok Perezek egiten zituen etxerako oliontziak honela zeuden osatuta:  kono formako gorputza zuten, oinarri sabelduna, ahoa eta kirtena. Lau pieza horiek tolestura bidez edo bata bestearekin gainjarriz lotzen ziren. Jarraian mailuarekin edo eztainuzko soldadura bidez errematatzen zen pieza.

Piezaren gorputza egiteko, berunlariak letoizko xafla puska bat hartzen zuen. Txantiloiaren profila trazatzaile batekin markatu ondoren, arku forman mozten zuen. Jarraian, arraboladun kurbatzeko makinarekin xaflaren alboetako ertzak tolesten zituen, hegal itxura emateko. Jarraian kono forma ematen zion xaflari. Horretarako, esku batekin sartzen zuen xafla lehen aipatu dugun kurbatzeko makinan, eta beste eskuarekin makinari eragiten zion biradera maneiatzen zuen. Xaflak, makinaren arraboletatik pasatzean, kono forma hartzen zuen. Ertzak, hasiera batean behintzat, bata bestearen aurrean tolestuta geratzen ziren.

Jarraian, eskuz, ertza bat bestearen azpian jartzen zen eta juntura ingudearen puntan jartzen zen, mailuarekin kolpatu eta hala ondo estutzeko. Lehenbizi zuzenean mailuarekin kolpatzen zen, eta jarraian azpiko aurpegian arteka bat grabatuta zeraman trokel batekin. Horrela, juntura erabat lotuta geratzen zen, eta luzera osoan ertz bakar bat geratzen zen. Bi ertzak lotzeko sistemari mihiztatzea edo agrapatzea esatzen zitzaion, eta trokelari, berriz, mihiztatzailea. Behar bezala egiten bazen, lotura erabat estankoa zen eta ez zen beste lanik egin behar izaten jariorik ez izateko.

Oliontziaren hondoa edo ipurdia egiteko, letoizko disko bat hartzen zen, eta forma ahurra ematen zitzaion sakatzeko makinarekin. Horretarako, makinaren plater birakarian nahi zuen formadun txantiloia jarri eta horren gainean jartzen zen letoizko diskoa. Jarraian, zurtoina (leungailua) martxan jartzen zen. Makina hori egurrezko kirten luze bat zen, letoizko barra eta punta zuena.

Artisaua gerriko batekin lotzen zen makinara, eta horrela erreminta indar handiagoz bultza zezakeen. Horrela, diskoa poliki-poliki biratzen zihoan heinean, zurtoinaren puntak egiten zuen presioaren eraginez, piezak forma ahurra hartzen zuen. Halaber, piezaren buelta osoan ertz edo tolestura bat egiten zen. Jarraian, fondoko disko hori gorputzari lotzen zitzaion. Horretarako, gorputza oinarriaren gainean jartzen zen, eta bi pieza horiek, posizio horretan, tas baten gainean.

Oliontzi baten fondoa mihiztatzenOliontzi baten fondoa mihiztatzen. Argazkia Amaia Ros 97/07.

Lantegiaren ikuspegiaLantegiaren ikuspegia, Gregorio Perezek soldadura autogenoa egiten ari den bitartean. Bukatu gabeko oliontzi nahiz argiontziak beren txandaren zain daude, Argazkia Amaia Ros 97/07.

Farol de petróleo de la locomotora La guipuzcoanaGregorio Pérez junto al farol de aceite que usaban los carros repartidores de carbón en Bilbao a principios de siglo. En el centro farol de petróleo (1885) de la locomotora La guipuzcoana. A la derecha una puchera. Tumbado Tom el perro fiel del artesano. Foto Amaia Ros 07/97.

Jarraian, mailu batekin erlaitza edo juntura kolpatu eta gorputzera tolesten zuen, horrela bi piezak erabat lotzeko.

Ondoren, oliontziaren ahoa egiten zen. Horretarako, kobrezko xafla bat hartu, eta beharrezko neurrira markatu ondoren, eskuzko guraizeekin mozten zen. Jarraian, izurtzeko makinarekin, ertza bat tolesten zen eta ondoren piezari forma obalatua ematen zitzaion eskuz. Horretarako, biburdinaren kono gainean jartzen zen pieza, eta mailuz kolpatzen zen. Artisauaren trebetasun eta eskarmentuari esker, forma zehatza zuen pieza lortzen zen, gainontzekoekin erabat ahokatzen zena.

Kirtena ere prozedura berdintsua jarraituz eskuratzen zen: kobrezko xafla bat hartu eta zerrenda bat mozten zen guraizeekin. Zerrenda horri moldura apaingarri batzuk egiten zitzaizkion, eta jarraian ertzak izurtzeko biraderadun makinarekin tolesten ziren, horrela horiek borobildu eta leuntzeko. Halaber, zerrenda ingude gainean jarri eta mailuaz kolpatzen zen, horrela kirtena okertu eta kurba emateko.

Azkenik, pieza guztiak eztainuz lotzen ziren, eta jarraian, piezaren gainazalari distira ateratzen zitzaion leuntzeko makinaren laguntzaz.

Esne-ontziak, marmitak edo kantinplorak usadiozko prozesuaren arabera egiteko, lehengai gisa 0,8 mm lodierako xafla estainuztatua erabiltzen zen. Xafla horien gainean objektuak osatzen zituzten piezak marrazten ziren, betiere txantiloi eta marragailuaren laguntzaz.

Jarraian, zizailaren laguntzaz mozten ziren pieza haiek. Hurrengo pausoa marmitaren gorputzari forma ematea zen. Horretarako, xafla puska errektangeluar bat hartu eta kurbatzeko makinaren hiru arraboletatik pasarazten zen, artisauak biraderari eragiten zion bitartean. Arrabolen tartetik pasatzen zen heinean, xafla bihurtzen joaten zen, zilindro forma hartu arte. Jarraian, zilindroaren bi ertzak lotu eta juntura luzera osoan eztainuz soldatzen zen. Horretarako kobrezko puntadun mailu-erako soldagailua erabiltzen zen, artisauak sutontzian berotzen zuena.

Jarraian marmitaren lepoa egiten zuen. Horretarako arku formako bi xafla puska berdin hartu eta hiru arrabolako kurbatzeko makinan bihurtu eta jarraian eztainuz soldatzen ziren.

Eragiketa horien ondoren, pieza erabat kurbatuta eta gora beheraz betea geratzen zenez, artisauak ingudearen konoetako batean jartzen zuen pieza, eta kontu handiz altzairuzko mailuaz kolpatzen zuen lehenbizi, eta gero zurmailu batekin. Aldi berean, beste eskuarekin pieza poliki-poliki biratzen zihoan. Jarraian,lepoaren alde zabalenean erlaitz bat egiten zen, izurtzeko makinaren arraboletatik pasaz, eta makina hau biradera bidez eraginez.

Marmitaren ahoa edo goiko aldea ere zilindro formakoa zen, eta era berdintsuan egiten zen.

Ontziaren fondoa egiteko disko zati bat hartu eta sakatzeko makinarekin forma ahurra ematen zitzaion. Horretarako makinaren tornuko plater birakarian txantiloietako bat jartzen zen. txantiloi horren gainean diskoa jartzen zen, eta makinak biratzen zuen heinean, diskoa erditik perimetrorantz konprimitzen joaten zen, moldearen ertza ukitu arte. Horretarako leungailu izeneko tresna luze bat erabiltzen zen, 40 cm inguruko kirtena eta beste 40 cm inguruko barra zuena, azken hau letoizko puntarekin.

Artisaua, oliontzien kasuan bezalaxe, piezari nahi zuen forma ahurra emateko, makinara gerriko baten bidez lotzen zen.

Marmita osatzen zuten pieza guztiak prest zituenean, eztainuzko soldadura bidez lotzen ziren. Jarraian, marmitaren bi kirtenak egiten ziren. Horretarako bi xafla zerrenda moztu eta eskuzko prentsan ematen zitzaien forma: ezkerreko eskuarekin xafla mugitzen joaten zen, eta aldi berean, eskuineko eskuarekin makinaren bolantea biratzen zen behin eta berriz. Azkenik, kirten horiek marmitaren gorputzean lotzen ziren errematxeen bitartez. Eskuzko karraka batekin piezaren irregulartasunak berdindu eta marmita bukatutzat jotzen zen.