Bi bitxigile

Juan Carlos Jiménez (1928) Ceutako tailer batean hasi zen bitxigile gisa ikasten. Hogeita bost urte zituela, Donostiara joan zen, eta Moraza kaleko etxebizitza batean instalatu zen. Han 1965. urtera arte aritu zen lanean. Urte batzuetan zehar mota guztietako bitxiak egin zituen, tailerrera joaten ziren bezeroen eskariz. Hala eta guztiz ere, zenbaitetan eroslearen garrantzia kontuan hartuta, horien etxera joaten zen enkargua jasotzera. Horrek, zenbaitetan, bezeroaren gustuak interpretatzea eskatzen zion baita bezero bakoitzaren beharretara eta posibilitateetara ondoen egokitzen ziren diseinuak bilatzea ere.

Urte horietan guztietan zehar Donostiako Luis Ortega bitxigile aditu eta beteranoaren laguntza eta irakaspenak izan zituen. Maiz, lanean ari zela sortzen zitzaizkion arazoei irtenbidea bilatzen laguntzeko deitzen zion.

Gogoan du 1960/1965 urteetan eraztun bat egiteagatik 3.000 eta 4.000 pezeta bitarte kobratzen zituela, pieza bakoitza lantzeak eskatzen zion lanaren arabera.

Bere lana egiteak lanerako teknika sorta handia menperatzera eraman zuen, eta horrek esku-iaiotasun nabarmena eta egiten zuen lanarekiko bokazio handia eskatzen zizkion. Ondorioz, lana zaletasun bilakatu zen. 1965. urtetik aurrera maketak egiten hasi zen, nagusiki eraikin eta urbanizazioenak. Jarduera hori bere bizimodu garrantzitsuena izatera pasa zen; izan ere, bitxigintzak baino diru-sarrera handiagoak ematen zizkion eta,  hasierako jardunean hartutako ezagupen eta trebetasunari esker, erraz egiteko moduko lana zen.

Basterra familia, beste adibide on bat da. Martin Basterra (Galdakao, 1935) bizi zen tokian eman zituzten formazio ikastaro batzuen bitartez izan zituen lehenengo harremanak bitxigintzarekin. Jarraian, Bilboko bitxi lantegi batean jarraitu zuen ikasten. Geroago, independizatu egin zen eta bere establezimendua ireki zuen Bilbon bertan. Lantegi horretan bere ardurapean 20 ofizial izatera iritsi zen.

Martin BasterraMartin Basterra bitxigilea bere lan mahaian Eserita eta hamaika tresnaz inguratuta bere sormena garatzen du berak egindako diseinuak gauzatuz , horretarako hainbat teknika erabiltzen ditu eskuz. J.M.I. 2002.

Bere seme-alabek familiako jarduerarekin jarraitu zuten. Lanbidea aitaren tailerrean ikasi zuten, hara joaten baitziren oso gazteak zirenetik ikastetxetik atera ondoren. Hasiera batean oso lan errazak egiten zituzten, baina pixkanaka,  lanbidea menperatzen zuten neurrian, lan horien zailtasun eta ardura handiagotzen joan ziren.

Seme batek, Martín Basterra izenekoak hain zuzen ere (Bilbo, 1962), gaur egun Bilboko Marques del Puerto kalean duen tailerrean jarraitzen du lanean. Eskarmentu handiko bitxigilea da, eta teknika ugari menperatzen ditu. Bitxigintzaren alor guztiak lantzen ditu, diseinu eta urtze lanetik hasita bukaerako errematera arte. Era berean, harreman estu eta zuzena mantentzen du bezeroekin, eta erabakiak hartzeko garaian aholku ematen die. Bere lanbidea ezagutu eta maite duen profesional baten eredu ona da. Martinen iritziz, bere lanbideak “ez du nekatzen”; izan ere, diseinu berriak sortu eta horiek elaboratzeko erak bilatzea bitxigile batek etengabe gainditu beharreko erronka da.

Metala galdatu ondoren lingote-ontzian isuri behar da plantxa bat lortu nahi badaMetala galdatu ondoren lingote-ontzian isuri behar da plantxa bat lortu nahi bada.