Bitxien elaborazioa

Pieza horiek argizari galduzko teknikaren bidez lortzeko, bitxigileak lehendabizi prototipo bat egiten du, bere diseinuaren arabera, material plastikoaren gainean. Eskuzko tresnak erabiltzen ditu. Jarraian modelo bat edo batzuk lortzen ditu argizaritan, horiek aglomeratzailearekin nahastutako hondarraz biltzen ditu eta dena labean sartzen du. Hondarrak eta aglomeratzaileak azal gogorra osatzen dute eta tenperatura handia dela eta argizaria bertatik ateratzen da likido bihurtuta, bere forma duen hutsunea utzita.

Hutsune horretan, bitxigileak zeramikazko eltze batean urrea urtuta prestatutako aleazioa isurtzen du, eskuz eta ontzi txiki batetik. Aleazio horri zilarra eta kobrea eransten dizkie, bilatzen dituen tonalitateak eskuratzeko asmoz, erabilitako proportzioen arabera desberdinak, eta aldez aurretik pentsatutako diseinuari jarraiki. Hori lortzeko, beharrezkoa da lanbide honetan eskarmentua izatea eta manipulatzen dituen materialak ongi ezagutzea.

Metala hoztu eta hondarrezko azala hautsi ondoren, eraztunaren edo lantzen ari den piezaren gorputz landugabea agertzen da. Gero, piezak eskuz leundu eta distira ematen zaie, eta prest daude beste elementuren bat eta brillanteak edo harribitxiak ezartzeko.

BitxigileaBitxigilearen lana prezisiokoa da eta beti tamaina oso txikiko piezekin aritzen da. Horrek eskuen trebetasuna eta pultsu irmoa eskatzen du. Irudian artisauak heldulekua soldatzen dio zintzilikario bati, horretarako pintza batzuen bidez eusten du ezkerreko eskuarekin, eta bestearekin sopletearen su zorrotza behar den lekura zuzentzen du. J.M.I. 2002.

Pieza horiek maskor edo txibia izeneko teknikaren bitartez urtuta ere lor daitezke. Aspaldiko teknika hori erabilita molde bat lortzen da bi txibi maskorrekin. Horretarako, elementu horietako bi jartzen dira, azala azalaren kontra eta horien artean sartzen da lortu nahi den piezaren bezalako metalezko prototipoa. Bi eskuz presioa eginez, prototipoa bi aldeetako hezurrezko materian sartzen da, horrek presioa dela eta emateko gaitasuna du, baina tenperatu handia jasan arren ez du osatutako figuraren forma galtzen. Estutzeko erabilitako gorputzaren itxura hartzen du eta bi hutsune berdin geratzen dira grabatuta, bakoitza prototipoaren erdi bati dagokiona.

Eredua atera eta gero txibian zulo bat egiten da isurbide gisara eta, berriro elkartu ondoren, ereduan ontzi txikitik eskuz botatzen da aldez aurretik prestatutako urrearen eta zilarraren aleazioa. Hoztutakoan eta bi hezurrak banatutakoan, nahi den pieza agertzen da. Ondoren pieza ezpalaren gainean (lan mahaian lotutako egurra) jarrita soberan duen materiala kentzen zaio eskuz limatuta.

Bitxigileak nahi dituen formak eskuratzeko bere era bat forja-lana da. Teknika honen bidez behar duen materiala lortzeko, metalaren aleazioa bota eta urtu egiten du kazola batean. Ondoren, maskorrean edo lingote-ontzian botatzen du, eta hoztutakoan metal totxo landugabea lortzen du. Jarraian eskuz forjatuko du, bitxigile mailuaz ingude txikiaren gainean kolpetxoak emanez, eta tarteka berotu edo bigundu egiten du jasaten dituen deformazioen ondorioz hartzen duen gogortasuna murrizteko asmoz.