Ekoizpen tradizionala

Hasera batean tuparria harrobietatik lehergailuen bidez eta pikatxoia eta pala erabiliz ateratzen zen; gero, harrobi aldamenean jarritako labe bertikaletan, baserrietan karea lortzeko erabiltzen zirenen antzekoetan,  sartzen zen. Erraustu ondoren materiala ateratzen zen, eta karroetan, Iraeta, Lili eta Zestoako burdinoletara eramaten zen.

Alzolaras behekoa”-n tuparria burdinolara eramaten zen zuzenean eta  eraikin nagusiaren parean zegoen mea errausteko labe zaharrean egosten zen. Labe honek urak mugitzen zituen gurpilen energia aprobetxatzen zuen. Urak errotarri batzuk mugitzen zituen ( harrizko bi gurpil, bakoitza 1,5 metroko diametrokoa gutxi gorabehera) eta zutik jarrita, ardatz bertikal baten bi aldeetara biratzen zuten harrizko superfizie zabal baten gainean. 

Labeetatik ateratzen zen erraustutako gaia, palaz, harri handi hauen azpira botatzen zen, eta biraka hasten zirenean, zapaldu eta txiki-txiki eginda uzten zuten, birrindua. Azkenean horrela lortutako zementua baheetatik pasatzen zen eskuz, eta amaitzeko egurrezko barriketan eta zakuetan sartzen zen.

Ekoizpen prozedura hori Corta, Linazasoro y Zubimendi-k erabili zuten Ibañarrietako bere harrobian. Horren ondoan, tuparria egosteko labeak altxa zituzten. Tuparri hori egosita Liliko (Zestoa) instalazioetan ehotzen zen. Lilin horretarako apropos egindako harri parea jarri zuten. Eusebio Gurruchagak, Nicolasen semeak ere Alzolaraseko burdinolan lana era horretara egiten zuen. 

Hastapeneko baliabideak eta instalazioak erabili zituzten ekoizleen artean Gurruchaga eta Corta azpimarratu behar dira. Horiek 1853 urtean elkartu ziren Isabel II.aren ubiderako zementu natural hidraulikoa hornitzeko. Ubide hori, Madril edateko urez hornitzeko  lan garrantzitsua izan zen.