Eskuz egindako mendi-aiztoaren prozesua

Aizto horietako bat lantzen duten bakoitzean sormenezko prozesua martxan jartzen dute Jose Marik eta Zesarrek, bakarra izango den pieza hori beren irudimenaren fruitu izango delako. Aurretik ideia landu dute eta diseinu berri bat, eta horien arabera aukeratuko dituzte materialak.

Lehena, metalezko xafla ebakitzea da, paperean marraztutako ereduari jarraiki. Guraizeaz mozten du marrazkia lehen moldea lortzeko, eta hartara hasierako bere ideia nola moldatzen den aztertzen du. Emaitzarekin gustura geratu ez baldin bada, berriz moztuko du berak nahi bezala utzi arte.

Paper edo kartulina pusketa hori molde gida erabiliz, haren profila ateratzen du altzairuzko txapa edo uhal gainean, eta disko-makinaz ebakitzen da pieza, altzairuzko uhala banku-torlojuarekin lotu ondoren.

Ebakitze-lanak amaitu eta segituan, irregulartasunak berdindu eta lazguneak eta ertzak kentzen ditu makina berarekin lixak erabiliz. Aiztoaren profila metal gainean egin denean, eskuan hartu eta erosoa den ala ez, erraz erabili daitekeen eta aukeratutako erari eta diseinuari behar bezala erantzuten dion konprobatzen du. Ez du etsiko berak nahi bezala utzi arte.

Arbastatu beharreko zatia markatuko du jarraian, errotuladore batekin, aiztoari ahoa atera eta kirtenaren euskarriak eutsiko dituzten zirientzako zuloak kokatzeko. Xafla banku-torlojuan lotzen da berriro, eta lixa disko-makina berdinarekin ahora izango deneko zatia arbastatzen hasiko da, hasieran modu zakarrean ahalik eta material gehien kentzeko, gero bandazko lixa-makinaren bidez ahora osatu duten “mahaiak” berdindu eta zehaztuko ditu. Arbastatua izan den xaflaren zatia xaflan zehar luzatzen doa eta mutur-aldera kurbatzen da. Mahaigaineko disko-makina txiki bat ere erabili ohi du lan hauetarako.

Modu horretan, makina bat edo bestea eta gero eta meheagoak diren urratzaileak erabiliz, xafla eta ahoa higatuz doa eta forma ematen die, piezaren akabera fina lortu arte.

Artisaua arreta handiz eta buru-belarri aritu ohi da, patxadaz eta erlojuari begiratu gabe, bere helburu bakarra ahalik piezarik hoberena egitea baita.

Xaflari forma ematen amaitu ondoren, bera marka jartzen dio, bere izenaren inizialak puntzoiarekin grabatuta hain zuzen. Hurrena, tenplaketa da. Altzairu herdoilezina bada, lantegi espezializatu batera eraman ohi dute, 58 HRZtik 60 HRZra bitarteko gogortasuna eskatuz. Altzairu horien tenperatura kontrolatzea oso gauza zaila baita. Karbonozko altzairuekin lan egingo badute, berak tenplatzen du propano-gasezko sutegi edo labe txiki batean berotuz, eta berehala uretan edo olioan hoztuz, altzairuaren arabera. Artisauak begiz kontrolatzen du piezaren tenperatura, materialak hartzen duen koloreari adi.

Xafla leunduko berriro ere lixa-makinarekin tenpleak sortzen dizkion beltzuneak kentzeko eta azken ertza ematen dio, 9 eta 12 gradu artekoa normalean, eta segidan beste bigarren ertz bat 9 eta 25 gradu bitartekoa, horrela gogortasun handia emango dio, baina ez derrigor zorroztasun handiagoa.