Eguzki erlojuak

Eguzkiak lurrean duen posizioaren aldaketa etengabean oinarritzen da, eta ondorioz, edozein objektu finkok sortzen duen itzalean. Euskal Herrian oso ohikoak da horrelako erlojuak iraganeko erakin publikoetako fatxada edo aurrealdean egotea (besteak beste eliza eta udaletxeetan), baita jauregi eta eraikin monumentaletan ere. Erloju horien gehiengoak erloju mekanikoak baino lehenagokoak dira, eta horrexegatik, askotan bata bestearen ondoan egoten dira.

Funtsean harrizko plaka bat zen, eraikin bateko fatxadan horizontalean edo bertikalean jarrita. Plaka horren gainean erradio batzuk markatzen ziren, ordu bakoitzeko bat, denak puntu beretik aldendu edo dibergitzen zirenak. Puntu horretan, burdinazko hagaxka bat jartzen zen, zulo batean sartuta eta gero berun urtuarekin finkatzen zen. Hagaxka horrek angelu zehatz bat osatzen zuen plakarekin. Hagaxkak plaka gainean ematen zuen itzalak zehazten zuen ordua.

Eguzki erlojuakBalmasedako San Seberinoko eguzki-erloju bertikala.

Gehienetan, erloju bertikal nahiz horizontalak hegoaldera begira jartzen ziren, baina batzuetan, Elgoibarko Altzola dorrean adibidez, harria beste era batean dago kokatuta, eta orduak bi aldetan daude idatzita: erlojua dorrearen fatxadako izkina batean dago jarrita, eta horregatik, ordu batzuk fatxada batean ditu, eta besteak, bestean.

Erloju bakoitza jarri behar zen kokalekurako egin behar zen bereziki. Izan ere, nahiz eta funtsean egiteko erraza izan, erradioen arteko tartea edo orduen kokapena, baita hagaxkarena ere, lekuaren latitudearen eta fatxadaren begiraldearen araberakoak dira, eta hori dena kalkulu matematiko konplexuekin bakarrik kalkulatu daiteke. Erlojuaren kokapenaren araberako datuak azaltzen ziren taula ugari argitaratu ziren, adibidez Libro de los Reloges solares, Pedro Roiz apaizak, “Hieronymo Muñez maisuaren ikasleak, egindakoa” eta 1575ean argitaratu zena.

Eguzki-erlojuak diseinatzeko ikerketak arabiar matematikari eta astronomoek garatu zituzten 1000. urtetik aurrera, Europara geroago zabaldu ziren, Errenazimenduan, XV. mendetik aurrera. Eguzki-erlojuak orokortzeak ordua jakinaraztea zabaldu zuen. XIX. mendean, oraindik, erloju mekanikoak orduan jartzeko erreferentzia gisa erabiltzen ziren. Izan ere, garai hartan erloju mekanikoak egiteko erabiltzen ziren tekniken ondorioz, ez ziren batere zehatzak eta askotan zuzendu behar zitzaien ordua.

Eguzki-erlojugile batzuek, erloju bertikalak egiterakoan, hagaxka beren iritzira jartzen zuten, iparrizarra (iparraldera begira) ahal bezain zehatzen seinalatuz. Izan ere, hagaxkak beti lurraren ardatzaren paraleloan egon behar du.

Horrelako erlojuak egiten zituztenen izenik ez da gordetzen, ezta horretan espezializatuta zeuden artisauenik ere. Dirudienez, eguzki-erlojuak diseinatzeko, matematika eta geometria asko jakin behar zen, eta hori arkitekto eta markariek egiten zuten. Horrez gain, obra-maisuek plakak egiteko ereduak markatzen zituzten; harginek, berriz, harria lantzen zuten, eta azkenik, errementariek burdinazko hagaxka jartzen zuten.