Galdaketarako eredugileak

Usadiozko prozesu erabilienetako bat piezak galdaketa bidez egitea zen: hau da, metal urtua piezaren forma bera zuen molde batera isurtzea, gehienetan hondarrezkoa, buztinezkoa edo antzeko materialezkoa izaten zena.

Moldea egiteko, lehenbizi egin nahi zen piezaren molde bat egin behar zen, gehienetan egurrezkoa izaten zena. Modelo hori hondarrezko gainazal batean ahokatzen zen eta moldearen inguruko hondarra ondo zapaltzen zen. Pieza bakunak egiteko aipatu berri dugun prozedura erabiltzen zen: metal urtua egurrezko moldera isurtzen zen zuzenean. Pieza konplexuagoak egiteko prozedura bera erabiltzen zen, baina bi molde erabiltzen ziren: pieza erdi bakoitzerako bat, horrela, bi moldeak elkartzean pieza eskuratzeko.

Antzina-antzinatik horrelako prozesuak erabiltzen baziren ere, VII. mendetik aurrera brontzezko kanpaien galdaketa garatzen hasi zen. Galdaketa hori buztinezko moldeetan egiten zen. Molde horiek egiteko, kanpaiaren profila egurrezko txantiloi batean irudikatzen zen, jarraian hura hartu eta ardatz baten inguruan birarazten zen, buztin mahai baten gainean. Txantiloi horri terraila esaten zaio Euskal Herrian, eta gutxi gorabehera duela 25 urte arte erabili izan zen tamaina handiko piezak egiteko.

EredugileaEredugileek arotzgintzari buruzko ezagutza sakonak behar zituzten.

Teknika horri esker pieza handiak galdatzen hasi ziren, besteak beste artilleria kanoiak. XIII. eta XV. mendeen artean, burdinaren galdaketa garatu zen. Izan ere, gurpil hidraulikoek eragindako hauspoak erabiliz, sutegietan haize handia ematen hasi ziren, eta horrek burdina tenperatura altuagoetara iristea ahalbidetu zuen.

XVIII. mendeko bigarren herenetik aurrera, Eugi eta Orbaitzetako munizio Errege Lantegiak ireki ziren. Bertan, burdina kantitate handia galdatzen zen hondarrezko moldeak erabiliz. Frantses espezialistek zuzendutako moldetegi eta aroztegiak zituzten lantegietan, berriz, egurrezko moldeak erabiltzen ziren. XIX. mendean zehar, industrializazioarekin batera, galdategiak Euskal Herri osora hedatu ziren.

Mende haietan, galdaketa prozesua zuzentzen zuten printzipioak ez ziren ia aldatu. Ondorioz, ereduak eta hondarrezko moldeak ere oso gutxi aldatu ziren.

1950eko hamarkada aldera, eredugileek pinu (Soriakoa edo Landetakoa), intxaurrondo eta haltz-zura erabiltzen zuten moldeak egiteko.

Lehenbizi piezaren profila markatzen zen egur puska batean. Jarraian, zintza-zerra erabiliz mozten zen pieza. Eredugileek, zinta-zerraz gain, arrabotatzako makina eta estoka bakarrik erabiltzen zituzten piezak egiteko, beste guztia eskuz egiten baitzuten.

Zulatzeko makina batekin zulo bat egin ondoren, eredugileen gubia bat hartu eta poliki-poliki zulo hori zabaltzen joaten ziren. Forma konplexua eta/edo pieza handien kasuan, piezak hainbat pusketan egiten ziren, eta ondoren guztiak ondo kolatzen ziren.

Eredugileak beti izan behar zuen gogoan nolakoa zen galdaketa prozesua, baita burdina urtuak moldea nola bete behar zuen ere. Izan ere, hori kontuan izaten ez bazuen, ereduak arazoak eman zitzakeen, edo beste batzuetan ezin izaten eredu horretan piezarik galdatu.

Lanbidean adituak direnen aburuz, oso eredugile gutxi izaten ziren gai enkargatzen zitzaien edozein pieza galdatzeko moldea egiteko.

Gehienetan, egurrezko ereduak planoetan oinarrituz egiten ziren. Eredugileak planoko neurriak handitu behar izaten zituen, burdina hoztu eta solidotzean uzkurtu egiten baitzen. Horretarako, metro bereziak erabiltzen zituzten, neurriak proportzionalki ohikoak baino handiagoak izaten zituztenak.

Egur puskari forma eman ondoren, gainazal guztia eskuz lixatzen zen, horrela piezaren akabera hobetu eta ertzak borobiltzeko. Eredu bakun bat egiteko, eredugile batek 100 eta 200 ordu inguru behar izaten zituen, eta modelo konplexuenak egiteko, 2.000 ordu inguru.

1960ko hamarkadan lixatzeko makinak, fresatzeko makinak eta lodieran arrabotatzeko makinak erabiltzen hasi ziren, baina eredugileen beharretara egokitzeko aldaketa eta moldaketak egiten zitzaizkien. Aldaketa horiek guztiak eredugileek beraiek agindutakoaren arabera egiten ziren.

Gaur egun, ereduak poliesterra eta bestelako materialak erabiliz egiten dira. Horrez gain, zenbakizko kontrola duten makinak erabiltzen dira ereduak egiteko. Horren ondorioz, lanbideak artisau ezaugarriak galdu ditu, eta ezagutzak lanbide-eskoletan ikasi behar izaten dira.