Elgoibarko burdin saregileak

Luis Maria Ecenarrok, ikerketa luze baten ondoren, duela gutxi argitaratu duen liburu bikainean, Elgoibarko forjaketa-industriaren garrantzia azaltzen digu, eta bereziki maisu burdin saregileen lana.

Elgoibar forjaketa eta burdin hesigintza gune garrantzitsua izan zen. Hala jasotzen dute behintzat XVI. mende hasieratik XVIII. mende bukaera bitarteko dokumentu askok. Forja-usadio hura forjaketa ezagutza batzuetan zegoen oinarrituta, eta ezagutza horiek belaunaldiz belaunaldi helarazi ziren, familiako sutegiei esker. Elgoibarko artisauek katedral, eliza nahiz kaperetarako hesi ugari egin zituzten. Hesi haiek ez ziren espazioak itxi eta banatzeko objektu bezala ikusten, benetako maisulanak bezala baizik. Izan ere, hesi haiek estilo arkitektoniko berezia zuten garaiaren arabera, Gotikotik hasi, Platereskotik pasa eta Barrokoraino.

Maite IbarraMaite Ibarra, familiak Elgorriagan (Nafarroa) duen lantegian jardunean. (Argazkia Javier Carballo. (12196).

Artisau garrantzitsuen artean aipagarriak dira Marigortatarrak. 1520 eta 1650 bitartean, sei belaunaldik eliza askotan lanak egin bazituzten ere (Urretxu, Eltziego, Lekeitio), hesiak egiteko kontratu askotan maisu erlojugile gisa azaltzen dira. Erloju publikoen fabrikazioa (metalezko engranaje-trena, material bereko egitura baten gainean) garai hartan sortu zen, eta erlojuak batez ere elizetako dorreetan jartzen ziren.

Aipamen horrek argi uzten digu artisau haien aldakortasuna. Izan ere, jarduera askotan aritzen ziren, eta horietan guztietan burdinaren eraldaketari buruzko ezagutza handia izan behar zen. Horrez gain, aipamenak ere erakusten digu teknika eta produktu berriak egiten ikasteko ahalmen handia zutela.

Beste familia garrantzitsu bat Fernandez de Betolazatarrak izan ziren (1599-1670). Horrez gain, Elorzatarrak (XVII. mende bukaera) eta Agirretarrak (XVIII. mende bukaera) ere aipagarriak dira, azken horiek Segoviako katedralean 22 lan egin zituzten. Estimu handia izan zitzaien arreta handiz egiten zutelako lan eta konpromisoak betetzerako orduan ere seriotasun handia izaten zutelako.