Fabrikazio prozesua

Lanbidea sortu zenetik XX. mende hasiera arte, teilak eta adreiluak egiteko fabrikazio-prozesua nabarmen aldatu da.

Usadiozko teilerietan, lana artisaua eta eskuzkoa zen erabat, eta lana aire zabalean egiten zen udaberri hasieratik uda bukaera arte. Gehienetan, teila eta adreiluak entregatzeko azken eguna San Migel eguna izaten zen (irailaren 29an).

Bergarako Arregi teileria Joakin Arregi Oñatiarrak sortu zuen 1835ean. Teileriako lanari buruzko jakintza gurasoengandik seme-alabengana pasa izan da ia gaur egun arte. Teileria hartan usadiozko sistema 1922 arte erabili zuten. Bertan, teilak egiteko buztina ondoko harrobitik erauzten zen, eskuz. Buztin haren %25 harria zenez, lehenbizi bahetu behar izaten zen, horrela harria eta buztina banatzeko. Jarraian, buztina 3 metroko luzera, metro bateko zabalera eta metro bateko altuera zuen tanga batean isurtzen zen. Jarrian, urarekin nahastu eta egun bat uzten zen jalkitzen bertan. Gero, hainbat langilek, hankak tangan sartuta zituztela, nahasketa oratzen zuten, nahi zuten trinkotasuna eskuratu arte.

Teila labetik ateratzenTeila labetik ateratzen.

Adreiluak egiteko, aldez aurretik landutako orea lan-mahaira pasatzen zen. Bertan, artisauek molde batzuekin (egurrezko markoak, fondorik gabekoak eta egin beharreko piezaren lodiera berekoak) forma ematen zioten. Langileek molde horiek buztinez betetzen zituzten, eta gero listoi bat pasatzen zieten gainetik, soberan zegoen materiala kentzeko. Jarraian, moldeak altxa eta biratu egiten zituzten, eta masa nahi zen forma hartuta ateratzen zuten.

Teilak egiteko antzeko sistema bat erabiltzen zuten, baina fondoak forma ganbila zuen, eta haren inguruan zentimetro bateko estrabez osatutako markoa. Moldea bete baino lehen, labetik ateratako errautsa ematen zitzaion fondoan, gero teila hobeto atera zedin.

Moldea buztinez bete ondoren, eskuekin eta hatzekin soberan zegoen materiala kentzen zen, eta goiko gainazalari forma ganbila ematen zitzaion. Gaur egun, oraindik artisauen hatz-markak antzeman daitezke eraikin batzuetako teiletan.

Adreiluak eta teilak aire zabalean uzten ziren lehortzen, gutxi gorabehera zortzi egunez, teileria aurrean zegoen zelaigune batean; edota bestela hormarik gabeko teilape batean, 30 edo 40 metro inguruko ilaratan jarrita, ertz baten gainean eta elkar ukitu gabe. Euria egiteko arriskua ikusten bazuten, ahalik eta azkarren dagoeneko egosita zeuden piezekin estaltzen ziren. Piezak lehortu ondoren, eskorgetan labera eramaten ziren. Labe hura Arabiar motakoa zen: ebakidura karratua zuen, 8 metroko luzera nahiz zabalera eta 4 edo 5 metroko altuera zuena. Kanpoaldea harrizkoa zen, eta barnealdea, berriz, adreiluzkoa.

egositako materialakBergarako Arregi Teilerian egositako materialak (Arqueologia Industrial De Guipuzcoa lanetik hartua).

Beheko aldean adreiluzko arku batzuk zituen, eta hortik pizten zen sua. Arku horien gainean piezak jartzen ziren, bata ertz baten gainean eta bestea bestearen gainean, denak behar bezala banatuta, parrilla antzekoa sortuz. Horren gainean, kontu handiz, teilak jartzen ziren zutik, bata bestearen ondoan, baina airea tartetik igarotzeko beharrezkoa zen tartea utzita. Teila geruzak bata bestearen gainean jartzen joaten ziren, 3 metroko altuerara iritsi arte. Azkenik dena lurrez estaltzen zen, eta labearen azpiko aho batetik egurrari sua ematen zitzaion.

Buztina egosteko edo beiratzeko 6 egun behar izaten ziren. Lehen bi egunetan labea poliki berotzen zen, buztina erabat lehor zedin. Gero, labeari askoz indar handiagoa ematen zitzaion 950Cº-ko tenperatura eskuratu arte. Labea egun bat mantentzen zuten tenperatura horretan, eta handik aurrera poliki-poliki tenperatura jaisten joaten ziren. Labeko kea kanpora behar bezala irteten bazen, pieza guztiak erabat egostea lortzen zen.

Labea itzali ondoren, beste 6 egun uzten zen, materiala erabat hoztu zedin. Gero, material guztia, dagoeneko beiratuta eta erabiltzeko modukoa, kontu handiz ateratzen zen labetik, piezak ez puskatzeko. Jarraian, barneko zabaldegian gordetzen ziren.

Langileak etengabe labeari adi egon behar zirenez, teileria ondoan bizi ziren, horretarako bereziki prestatutako geletan.

Berrehun urte lehenago, instalazioak Bergarako Arregi Teileriakoak bezalakoak omen ziren. 1676an, Amezketako Udalak teileria bat egiteko egindako kontratuari esker, badakigu labea zulo batean eginda zegoela, hegal batean; eta teileriako hormak harrizkoak zirela. 10.000 teila eta adreilu egiteko edukiera zuen, eta labe haren aurrean materiala “prestatu eta lantzeko" zabalgune bat zegoen. Handik gertu, maisu teilagin eta ofizialentzako etxola bat egin zen zerratutako oholez, baita labea babesteko teilape bat ere.

GabiriaTeilak asko erabiltzen dira Euskal Herrian. Gabiria XX. mende hasieran (Kutxa Fototeka).

XX. mendeko lehen herenean, eta seguru asko lehenago ere bai, Arregi Teilerian egindako teila eta adreiluak gurdiz garraiatzen ziren kontsumo-guneetaraino. Gurdi haiek 4.000 kiloko edukiera izaten zuten, burdi bolantia motakoak izaten ziren eta idiek tiratzen zituzten. Eibarrera egunero 2.000 kilo teila eta adreilu eramaten ziren, baita Bergarara, Soraluzera eta Elgoibarrera ere.

Orgazainak goizeko bostetan ateratzen ziren lantegitik. Lehen geldialdia San Antonio ermitako tabernan egiten zuten. Bertan “pattar pixka bat hartzen zuten", eta jarraian berriz ere martxan jartzen ziren, idien aurretik. Iluntzean teileriara itzultzen ziren, gurdiak hutsik zituztela. Bertan, idiak askatzen zituzten “deskantsu pixka bat har zezaten”. Bien bitartean, orga edo gurdia berriz ere zamatzen zuten, horrela hurrengo egunerako prest izateko.

Aipatu berri dugun usadiozko sistemaren arabera egindako teila nahiz adreiluen tamaina ezberdina izan da garaiaren arabera. XVIII. mendean, Elgoibarren egindako totxo arrunt batek oin bateko luzera, oin erdiko zabalera eta 1,5 ontzako lodiera izaten zuen. Modelo handiko totxoak 9x9 ontzakoak eta lodiera berdinekoak izaten ziren.

Garai berean, teila makur arrunt batek 19 ontzako luzera zuen. Alde zabalenean oin bateko zabalera zuen, eta alde estuenean, berriz, 8 ontzakoa. Horrez gain, 3 edo 4 ontzako lodiera zuen. Teila nagusiaren neurriak honakoak ziren: 2 oineko luzera, ertz zabalenean 16 ontzako zabalera, eta estuenean oin bateko zabalera; eta ontza bat eta laurdeneko lodiera. XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasiera Bergarako Arregi Teilerian egindako totxoek honako neurria zuten: 25x12x4 cm.

Halaber, 1676an, mila teila arrunten truke 40 zilarrezko erreal ordaintzen ziren. 1710ean, kantitate beraren truke 60 zilarrezko erreal ordaintzen ziren, eta 1759an, 80 errealera igo zen. Horrela, XVIII. mende erdialdera, mila teila nagusi bakoitzeko 500 erreal ordaintzera iritsi ziren. Adreiluak pixka bat merkeagoak izaten ziren: 1710ean, mila adreilu arruntek 50 erreal balio zuten, eta mila adreilu handik, 120 erreal.