Prozesu industriala

Alabastroa eraldatzeko prozesua ondorengo faseek osatzen dute: harrobietatik atera ondoren enpresetara eramaten da alabastroa, han neurrira moztu (beti berarekin eramaten dituen lurra eta harrietatik bereizi ondoren egiten da), “lotu”, “arbastatu”, torneatu eta tailatzeko. Horren guztiaren ondoren amaierako lanak egiten dira (leundu, muntatu, bernizatu, margotu, lehortu eta enbalatu).

Nafarroan egon badago alabastrorik (Cadreita), baina Cintruenigoko enpresa eraldatzaileak Aragoiko harrobietako alabastroaz hornitzen dira (Fuentes del Ebro, Quinto de Ebro, Azaila, Albalate, besteak beste). Gehienbat bi motatako materiala erabiltzen da: “picada” izenekoa, alabastro gardena, batez ere argiztapenean erabilia, aplikeak eta plafoiak egiteko, eta “Buñuelo”, bestea baino trinkoagoa eta opakoa, ur hobeak dituena eta marmolarekin antza handiagokoa, tailarako egokiagoa.

Justo Navascuések (1921) gogoratzen du meategiak aurkitzen saiatzen zirenean, alabastroa “agerian” nola zegoen “mendiko haizpuruetan” (“morrillos”) pikotxarekin (igeltseroek ormak pikatzeko erabiltzen duten piko txikia) haztamuka jotzen zutenean. Atera, garbitu eta busti egiten zuten eta orduan “urak eta zainak” ikus zitezkeen.

Harri hau lurpean egoten da, hiru eta hamabost metro bitarteko sakoneran, eta beste material batzuetako harrobietan ez bezala, zainak, normalean, ez du jarraitzen lurraren konfigurazioa, lerro zuzenagoa edo okerxeagoa bat baizik. Alabastroaren ustiapena “pikoz eta laztabinez” egiten zen. Dinamita ere erabiltzen zen, baina bazuen eragozpenik, “materiala hautsi egiten zuen eta”.

Alabastroa “bolo” edo “peñusco” itxurako zatitan ateratzen zen, tamaina desberdinetako harri puskak. Jarraian tailerretara eramaten zen 3/4 tonako kamioietan (“camionicos”), eskuz kargatu ondoren. Hara iristean “mozketa bat egiten zen, kamioia hurbildu eta alabastroa pirritan erortzen zen”. Materiala zatitzeko “zerrote” handiak erabiltzen ziren, ebaki beharreko materialaren albo banatan jarritako bi langilek maneiatutakoak. 1960. urtearen inguruan “mekanikoa” izenez ezagutzen zuten atzera-aurrerako zerra iritsi zen. Mekanikoak hainbat trontza izaten zituen eta haren laguntzaz “xaflak” lortzen zituzten. Makina horrek aurrerapen handia ekarri zuen.

Alabastroz egindako pieza bat torneatzea eta eskuz 'errepasatzea'Alabastroz egindako pieza bat torneatzea eta eskuz “errepasatzea” (C.U. 07/2001).

Azken hamarkadetan, harrobien ustiapenak mekanizazio maila handia lortu du, eta horregatik inbertsio handiak egin behar izan dira. Gaur egun, erauzten den alabastroaren zati handiena instalazio horietan prestatzen da, fabrikatzaileek eskatutako neurrien arabera.

Nahi den pieza fabrikatzeko, behar den neurrira moztutako alabastro zatiari burdinazko zirrindola “lotzen zaio” presioan, gero tornuei lotzeko balio duena. Jarraian, “arbastatu” egiten da, hau da, material soberakinak kentzen zaizkio.

Torneatzeko lanaren bidez, alabastro piezari behin-betiko itxura geometrikoa ematen zaio. Hasiera batean tornuak erabiltzen ziren. Tornuek energia jasotzen zuten orain dela oso urte gutxi arte gure tailerretan egon diren ohiko poleak eta uhalak zituen transmisio baten bidez. Baina oinarrizko erreminta “barreta” zen, mekanizatu beharreko piezaren gainean jarduten zuena, sorbaldan jarri eta bultza eginda maneiatzen zena. Eskuak eta gorputza ere oso garrantzitsuak ziren. Barreta azkar samar higatzen zen eta Cintruenigoko bi errementariek egin eta “zorroztu” egiten zituzten: José Laguardia Buisal "el maño" eta Rafael Martínez Rincon, gaur egun oraindik lanean jarraitzen duen “errementaria”. Erreminta hauek egurraren tornerian erabiltzen diren erreminten antzekoak dira. Eskualde batzuetan, Asturias esate baterako, “legra” izena ematen zaie.

Gaur egungo tornu mekanikoek alabastroa platerean eusten dute eta forma ematen joaten dira, kasu bakoitzean erabili beharreko txantiloiak erabiliz. Bitartean, beste erreminta batek piezaren barrualdea lantzen du. Bukatzeko eskuz lantzen da erreminta luze baten laguntzaz (altzairuzko edo widiazko punta duen burdinazko barra). Lanabes horiek 0,6 eta 1,1 metro bitarteko luzera izaten dute.

Alabastroa tailatzeko lanakAlabastroa tailatzeko lanak (C.U. 07/2001).