Aizkoren fabrikazio-prozesua

2,5 kiloko aizkora bat usadiozko sistemaren arabera forjatzeko, Atxukarrotarrek hagun luze bat hartzen zuten, eta gori-gori jarri arte berotzen zuten.

Jarrian, handik burdina puska bat mozten zuten, 250 milimetroko luzera, 70 milimetroko zabalera eta 10 milimetroko lodierakoa.

Burdina puska hori mozteko taiel bat erabiltzen zuten, mailuz kolpatzen zena.

Aizkoren fabrikazio prozesuaAizkoren fabrikazio prozesua.

Jarraian, pieza ingude gainean jarriz eta mailuz kolpatuz, erdiko eremua mehetu egiten zuten, 7 milimetroko lodieran utzi arte. Jarraian, pieza erditik kurbatzen zen, begia izeneko kurba emanez. Arku horren barruko aldean edo zuloan, behin aizkora amaitu ondoren, egurrezko kirtena sartzen zuten. Jarraian, beste burdina puska bat mozten zuten, betegarri izenez ezagutzen zena. Pieza horrek 70 milimetroko luzera, 70 milimetroko zabalera eta 20 milimetroko lodiera zuen, eta hau ere, ondo berotu ondoren, ingude gainean jartzen zen. Mailu bat hartu eta piezaren ertz bat ondo zapaldu ondoren, hasiera batean egindako piezaren zuloan sartzen zuten.

Jarraian bi piezak soldatu egiten zituzten. Horretarako, piezak 1.300 ºC-ra iritsi arte berotzen ziren, eta oso azkar eta indar handiz, bi pertsonen artean mailuz kolpatzen zituzten. Bietako batek, mailu txiki batekin besteari mailuarekin non jo behar zuen erakusten zion.

Bi piezak ondo soldatzeko, haien gainazalak garbi egon behar ziren, herdoilik eta errautsik gabe. Horretarako kontu handia izan behar zen piezak berotzerako orduan. Horrez gain, piezak ibaiko hondarrez tapatzen ziren sutegian berotzeko, hondar horrek piezak babesten baitzituen, eta soldatu beharreko gainazalak garbi mantentzen baitziren.

Hondar hori ibaiko leku zehatzetan geratzen zen pilatuta, eta handik jasotzen zuten. Beste inork hondar hori lapur ez zezan, hondar tontorraren gainean egurrezko gurutze bat jartzen zuten, dagoeneko jabea zuenaren seinale gisa.

Piezak horrela berotu ondoren, altzairu puzka bat,gero aizkoraren ahoa izango zena, soldatzen zen piezaren ertzean. Altzairuzko pieza hori egiteko, material bereko hagun bat hartu (40 x 5 metrokoa) eta 75 milimetro inguruko puska bat mozten zuten. Pieza hori ondo berotu ondoren, tornuzilean finkatzen zuten eta piezaren gainazaletako bat kurbatzen zuten kolpe bidez. Pieza horri galtzairu esaten zioten. Jarraian, ingude gainean eta aldez aurretik soldatutako pieza bikoitzaren gainean jartzen zen, bertikalean. Gorri zuri egoerara iritsi arte berotzen ziren, eta goiko aldean kolpe batzuk emanez, bi piezak soldatzea lortzen zuten.

Jarraian, pieza ingude gainean jarri eta soldatu berri zuten pieza mehetzen zuten, aizkoraren aho zorrotza sortuz.

Jarraian, begia edo kirten-zuloari forma emateko, maneala izeneko burdina puska bat sartzen zuten, egurrezko kirtenaren neurri eta forma bera zuena. Gero aizkoraren bi aldeak kolpatzen zituzten, horrela kirten-zuloak neurri eta forma egokia har zezan. Aizkora osoa eginda zegoenean, gorri laranja egoerara heldu arte berotu ondoren, tenplatu egiten zuten; hau da, ur epelean sartu eta ateratzen zuten behin eta berriz.

Pieza forjatu ondoren, haren gainazalean irregulartasun eta gorabehera ugari geratzen ziren. Haiek guztiak tresnak zorrozteko lantegian ezabatzen zituzten..

Horretarako, artisaua hareharrizko gurpilaren gainean esertzen zen. Gurpila biratzen hasten zenean, aizkora haren gainean jarri eta bi eskuz zapalduz, aizkorak zuen soberako materiala kentzen zuen, horrela erabat leundu eta forma egokia emateko.

Halaber, aizkoraren ahoa ere zorrozten zuen. Lana errazteko, hareharrizko gurpila beti heze mantentzen zen. Horretarako, egurrezko ubide txiki batetik ur-zorrotada bat erortzen zen etengabe gurpilaren gainean.

Hareharrizko gurpilak lanerako abiadura egokian bira egin zezan, artisauak palanka bat zuen eserleku ondoan. Palanka horrekin uraren igarobidea erregulatzen zuen konporta kontrolatzen zuen. Horrela turbina gainera erortzen zen ur kantitatea mugatu zezakeen, eta ondorioz, hareharrizko gurpilaren abiadura.

Azkenik, egurrezko txirrikan aizkoraren bi aldeak leundu eta pieza osoari distira ateratzen zion.

Aizkora bat forjatzeko, bi gizonen artean ordu eta erdi egin behar izaten zuten lan. Pieza harrian arbastatu eta zorrozteko, berriz, gizon bakar batek ordu erdia behar izaten zuen.