Xarea Iruran

Araman jaiotako Jose Jauregui Irurako apaiz izan zen 1911-1942 urteen artean. 1919/1920. urte inguruan Argentinako iloba bat etorri zitzaion bisitan. Hari esker jakin zuen Argentinako euskaldunak xare zeritzon modalitatean aritzen zirela. Apaiza pilotazale amorratua izan, baina ez zuen modalitate horren berri. Horrela, elkarrekin xareak egiten hasi ziren, baita joko horretarako pilotak ere. Irurako gazteak elizako arkupeetan hasi ziren pilota modalitate horretan, iruratarren artean finkatzeraino. Pixkanaka, beharrezkoak ziren tresnak sortzeko ezagutza zabaltzen joan zen. Ezin dugu ahaztu, Jose Jaureguik neska talde bati erakutsi zizkiola jokoaren nondik norakoak; horregatik izan da Irura neska-mutil profesional askoren harrobi.

Xaregileen artean batzuk baserritarrak dira: “Jauregui”-ko Axintxio Iturbe eta “Katategui”-ko Luis Alcorta. Hala ere, guztien artean nabarmendu zen Iruritan (Nafarroa) jaiotako Jose Ameztoy. Irurara bizitzera joan eta Jose Jauregui apaizarengandik lanbidea ikasi zuen. Xareak egiteari utzi zionean, 1956an gutxi gora-behera, jokoaren oso kalterako izan zen, ia Iruratik desagertzeraino. Futbol-jokalari profesionala izan zen bere seme Gregorio xarean hasi zen, erretiratu ondoren. 1952an Donostian ospatu zen Munduko I. Pilota Txapelketan parte hartu zuen. Iruñean ospatu zen 1958ko Munduko Txapelketan larruzko paleta modalitatean parte hartu zuen.

Jesus Maria Arsuaga 1971. urtean hasi zen xareak egiten. Ordurako Jose Ameztoyk 90 urte zituen, baina irakasle lanetan aritu zen Arsuagarekin. Eskola horiek eta bere kabuz zituen ezagutzak xareak egiteko teknikan sakontzeko aukera eman zioten Arsuagari.

Modalitate horren alde Xare Elkarteak egindako lana azpimarratu behar da. Elkarte Iruran sortua zen, 1950. urtean. Horrez gain, 1987ko ekainaren 28an inauguratu zen trinketak ere modalitate horren garapenean asko lagundu zuen, baita Ametsa Taldeak Irurako Udaletxearen babesarekin sortu zuen Pilota Eskola ere. Argi dago, beraz, xareak Iruran izan duen garrantzia; horren adibide esan dezakegu herri hori dela xareari eskainitako kale bat duen bakarra.

Umeak xarean jokatzenUmeak xarean jokatzen, Irurako frontoian. (Argazkia: Javier Carballo).