Txanela edo ala

Tradizionalki angularen arrantzan erabili izan diren ontziak "txanela" eta "ala" izan dira; lehena Deba eta Urola ibaietan eta bigarrena Oria ibaian.

Txanela” oso ohikoa zen gure ibaietan, oro har arrantzarako erabiltzen zen eta zenbaitetan ibaiaren ertz batetik bestera garraio lanak egiteko ere bai. Orain ikusten dira batzuk, gure baserrien ibaiertzetan dauden hesolei lotuta.

5 edo 6 metroko luzera duen egurrezko ontzia da, 1,50 edo 1,60ko zabalera eta 0,50 edo 0,55eko garaiera, hondo laua du, rodazko branka eta popa zabala eta laua. Brea edo galipot beltzarekin margotzen ziren.

Oria ibaian "txanelak” ere badaude, baina itsasontzi ohikoenak “ala” izenekoak dira. Egurrez egindakoak, txanelak baino handiagoak dira; 8 edo 9 metroko luzera dute, hondo laua eta popa zabala eta laua; bularrik gabeko branka dute, zapala eta puntazorrotza, koilara itxurakoa, hondartzetan eta lohietan aurrera aldera atrakatu ahal izateko.

Neurri handiagoko "alak” ere egokitzen ziren arrantzarako, 10 edo 12 metroko luzerakoak, aspaldi “gallupa" izenekoak; ontzi horietan pertsonak, salgaiak eta ganadua garraiatzen ziren ibaiaren alde batetik bestera,  eta, horrez gain, Torretxoko hondartzatik hondarra eramaten zen Aginagako Mapil ingurura.

Ontzi horiek apuilian eginez mugitzen dira uretan; Deba eta Urola ibaietan “zingan” deitzen zaio sistema horri eta Oria ibaian, berriz, “polaiñan”, eta  ontziaren popan jarritako pala handiko arraun berezi bat dute, eskuinetara eta ezkerretara mugitzen dena.

Ontziak bi hondorekin ainguratzen ziren, bat aurrean eta bestea atzean kokatutakoekin. Zehazki, bi sarde edo makila luzeak ziren eta muturrean adar metaliko batzuk zituzten  aingura gisa, ibai hondoan iltzatzen zirenak; halaber, sei hortz metalikoko gurpil bat zutenak ere erabiltzen ziren. Ur ertzetik gertu ainguratzen zirenean, lantza-punta bat zuen makila erabiltzen zen, puntzoi edo “puntxeta” deitzen zitzaiona; puntzoi hori hondoko lokatzean iltzatzen zen bertikalki. Sardeak edo “puntxetak” kateekin lotzen zitzaizkien ontziei.

Ala Oria ibaianAla Oria ibaian.

Ala Oria ibaianAla Oria ibaian.