Atzealdea EUSKAL MUSIKA GEUREGANATUZ - Elkarrizketa musikatua

Egitasmoaren izena : EUSKAL MUSIKA GEUREGANATUZ - Elkarrizketa musikatua

Eragilea : Mihise Kultur Elkartea

Telefonoa
661293486
Kontaktua
Antton Aranburu Illarramendi

Lantzen dituen arlo artistikoak:

Musika

Zein eskola-ikasgairekin duen harremana:

Euskara
Natur zientziak
Musika
Zein balio sustatzen ditu
Sormena, euskal kulturaren transmisioa, genero berdintasuna, musikarekiko pasioa
Zein ikas mailari edo adinari zuzentzen zaio:
Guztiak
Zenbat ikaslek parte har dezakete ekitaldi baten:
Ekitaldi bakoitzaren prezioa:

■ Ekiporik gabe: 923 € + BEZsalbuetsita

■ Ekipoarekin: 1323 € + BEZ salbuetsita

Jardueraren deskribapena:

Ez da gauza berria egungo euskal kulturaren inguruan badagoela arazo bat, hainbaten artean, bereziki kezkagarria egiten zaiguna kultur sortzaile eta eragileoi: euskal kulturaren transmisioa.
Euskal Herrian badago ekosistema kultural bat eta luze jardun genezake bere argi eta itzalez: profesionalizazioa, kontsumo-ohiturak, militantzia, prekarietatea… baina oraingoan musikaren adarrari heldu, ondorengo belaunaldietara begira jarri eta muturreko bat eman digu errealitate honek:
“Gaur egungo gaztetxoek ez dute euskal musika entzuten”
Harrituta geratuko ginateke ausaz hartutako 15 urteko nerabe batek duen euskal kulturaren inguruko ezagutzarekin. Eta ez naiz ari adin horretan hain beharrezkoa duten helduen aurkako iraultza horretaz, tartean gazteen “kontrakultura”. Baizik eta euskal musikarekiko duten ezjakintasuna eta ondorioz, horrek dakarren euskal musikaren bizipen falta. Arrotza zaie. Sortzaileak hezteko orduan, zer sortuko du musika ingelesez bakarrik edaten duen sortzaileak?
Kultura globalizatu kontzeptua zabalduta dago, baina arazoari zehatzago begiratuz esan genezake kultura deslokalizatu egin dugula (digutela). Kontsumitu kontsumitzen da,baina ikasleek musika euskaraz entzutea “desprestigio” moduan ikusten dutenez, beste tokietakoa kontsumitzen dute (espainiarra eta anglosaxoia).
Gazte sortzaile batek guztiz beharrezkoak ditu erreferenteak. Eta horiek euskaldunak izatea ez da ohikoa gaur egun (youtuberrak, gamerrak, kirolariak...). Musikan ere antzera gertatzen da, gazteen erreferente ia denak kanpotarrak dira.
Aipatutako puntuei erantzun integral bat ematea ez da egun batetik bestera egiten eta ez dago pilula miragarririk. Hala ere, ikasleentzat proposamen interesgarria delakoan euskal musikarekin hartu-eman zuzena izango duten ekitaldi bat eskaini nahi dugu. Mihise taldearekin elkarrizketa eta kontzertutxo bat, euskal kantu ezagunak ardatz dituena. Ahal balitz ikasle batzuen parte-hartzearekin.

  • Non: Areto batean edo ikastetxeko patioan ekipoa alkilatuta (guk eraman dezakegu).
  • Nori: DBH osoa edo Oinarrizko Lanbide Heziketa. 12-18 urte arteko ikasleak.
  • Zer:
    • Elkarrizketa: 45 min (kantuekin txandakatuta)
      • Hizkuntza hautaketa eta bizitzea
      • Sorkuntza prozesua eta inprobisazioa
      • Musika instrumentuak eta pedalak
      • Galdera irekiak
    • Kontzertua: 1h 15 min
      • Euskal kantu ezagunak eta beraien testuingurua
      • Euskal kantu zaharren bertsio berriak
      • Mihiseren bizpahiru kantu
Jarduera gauzatzeko behar diren baldintzak eta baliabideak:

Jarduera gauzatzeko baldintza nagusiak espazioa eta soinu ekipoa dira. Espazioari dagokionez, ikasleak eserita kabituko diren leku bat behar da (lurrean ere eseri daitezke).
Soinu ekipoari dagokionez, orokorrean musikarien esku joango da eta horretarako prezio bat adostuko da. Antolatzailearen azpiegituran ekipo bat balego, honen ezaugarrien arabera adostu beharko litzake ea emanaldirako nahikoa den edo ez.
Emanaldien ordutegia eguerdi-arratsaldez izatea hobesten da, gure beste lanbideekin ongi uztartu ahal izateko.

Jarduerari buruzko txostena:

ALDERDI ARTISTIKO-KULTURALA

Emanaldian zehar jorratzen diren arlo desberdinen artean sormena eta euskal musika dira pisu gehien duten alorrak.
Euskal musikari dagokionez, garai desberdinetako kantu entzutetsuenen 8-10 bertsio aurkezten dira (denboraren arabera) eta hauek jotzean norberak bere ukitua ematen diegula azaltzen da. Kantuak hiru instrumenturekin jotzeko moduan moldatzen ditugu, bateria, baxua, kitarra edo sintetizadoreak txandakatuz.
Sormenari lotuta berriz, gizakiari lotuta dagoen ezaugarri bat dela azpimarratzen da, edozeinek duen gaitasun bat eta edozein arlotan garatzen dena. Horretarako, eta ikasleak esperimentuko partaide egiteko, edozein nota kantatzeko eskatzen zaie ikasle batzuei eta horien gainean momentuan kantu bat sortzen dugu, inprobisazio modura. Hain zuzen, gizarte mailako kontzeptuak diren arren, bai artea eta baita kultura norberak barruan daramatza eta norberaren barnetik sortzen direla erakutsi nahi dugu.

ARLO PEDAGOGIKOA

Alderdi pedagiko zabala du proiektu honek. Alde batetik Euskal kulturan oinarritutako saio bat izanik azken mende erdian izan diren euskal musikari eta poeta esanguratsuenen errepaso bat egiten da. Ez dok amairuren garaiko kantautoretatik gaur egungo taldeetaraino.
Euskal kantu ezagun hauek jotzerako orduan taldearen nondik norakoa azaltzeaz gain garai hartako egoera sozio-politikoaz ere hitz egiten da kantua sortu zen testuingurua ulertu dezaten gaztetxoek. Berdin egiten da kantuen letrekin ere, asko garaiko kritika sozial modura sortutakoak baitira eta indar handia izan dutenak gizarte osoarengan.
Horregatik ikasleen arlo kurrikularrarekin lotutako hiru gai zuzenki jorratzen ditugu: Musika, Euskara eta euskal literatura, Gizarte-Zientziak eta Kultur Ondarea.
Elkarrizketa musikatuaren beste zati batean musikaren oinarrizko kontzeptu batzuk azaltzen dira eta era praktiko batean in situ erakusten dira kantu bat sortzerako orduan nola aplikatzen ditugun azaltzeko. Musikaren nozio teoriko hauez gain kanta bat momentuan sortzeko egiten dugun inprobisazioan ikus daiteke nola aplikatzen ditugun aurrez gazteek ikasitakoak, gure sormen prozesuaren barne egiten ditugunak.
Ahaztu ezin den puntu garrantzitsu bat genero ikuspegia da. Hainbat urteetan erreferentzia nagusi izan direnen ehuneko altua gizonezkoak izan direnez, saiakera berezia egiten da erakusteko ospe gutxiago izanda ere emakumezko artisten presentzia garrantzitsu bat izan dela azken mende erdian. Gaur egungo panoramaz ere hitz egiten da, nahiz eta egoera hobea den genero ikuspegitik gehiengoak gizonezkoak izaten jarraitzen baitute eszena musikalean. Nahita ikusaraziz maskulinizatutako rolak emakumeek betetzen dituzten adibideak (bateria joleak, baxujoleak, DJak…). Emakume gaztetxoen ahalduntzea giltzarria baita etorkizuneko musikari eta musika taldeetan.
Honenbestez, honek guztiak helburu pedagogiko garbia du: ikasleak euskal kultura bereganatu eta barrutik bizitzera bultzatzeaz gain, sortzaile izateko irrika piztea.

Proposamenaren egilearen ibilbide profesionala

Mihise taldeko kideak 2006tik hainbat taldetan ibili gara jotzen. Epok, Hotzikara, Izeberg, Laket, Iñorkiñdak eta Mihise taldeetan hain zuzen. Bestalde, taldeko bi kide, Mikel eta Antton, DBHko irakasle dira ogibidez. Baita bateria eta kitarra irakasle izandakoak ere.