Atzealdea ZIRKUAREN MUNDUAN MURGILTZEN

Egitasmoaren izena : ZIRKUAREN MUNDUAN MURGILTZEN

Eragilea : Xomorro Kultura Taldea Elkartea

Telefonoa
650090147
Kontaktua
Xomorro Kultura Taldea Elkartea( Janire)

Lantzen dituen arlo artistikoak:

Dantza

Zein eskola-ikasgairekin duen harremana:

Gorputz hezkuntza
Zein balio sustatzen ditu
Genero berdintasuna, inklusioa, sormena, talde lana, autonomia, auto ezagutza, enpatia eta euskara.
Zein ikas mailari edo adinari zuzentzen zaio:
12 - 18 urte bitarteko gazteentzat.
Zenbat ikaslek parte har dezakete ekitaldi baten:
25 ikasle gehienez. Saioak ostegun eta ostiraletan izango dira.
Ekitaldi bakoitzaren prezioa:

486€ (BEZa barne)

Jardueraren deskribapena:

Gure gizartea indibidualizatuz eta lehiakortasun zoro batean murgiltzen ari den honetan, sormena, jolasa eta elkarlana uztartzen dituen txoko baten modura ikusten dugu guk zirkua. Zirku ekintzak norberaren gorputza ezagutzeko baliagarriak dira, izan ere, norberaren gorputza irudikatu eta kontzientzia hartzeko aukera ematen dute, bien arteko oreka bilatuaz. Norberak ariketa ezberdinen bidez dituen gaitasunak ezagutzeko aukera ematen du eta baita erronka berriak sortzeko ere, zailtasun edo beldurrak antzeman eta horiei aurre egiteko asmoarekin.
Hori hala, zirkua oinarri duen 2 orduko saio bat aurkeztera gatoz (eskolako ordutegiaren bi klase ordu jarraian). Elementu ezberdinen manipulazio eta esperimentazio prozesu bat izango delarik, zirkuaren mundu zabala hurbilagotik ezagutu eta bere ezagutza prozesuak eskaintzen dizkigun abantailak eskuratuz, gazteen parte-hartzea eta sormena sustatuko ditugu.

Jarduera gauzatzeko behar diren baldintzak eta baliabideak:

Ekintzak ikastetxean bertan burutuko dira, hori horrela, beharrezkoa izango da ikastetxeak espazio zabal estali bat bermatzea baita koltxonetak ere. Gainerako zirkuko materiala Xomorro Taldeak jarriko du.

Saioaren iraupenari dagokionean, 2 orduko saioa izango da, eskolako bi klase ordu jarraien iraupena hain juxtu. Saioaren iraupena moldagarria litzake eskola bakoitzaren behar eta nahien arabera, betiere gutxieneko iraupena 2 ordukoa izanik.

Bukatzeko, Ikasleek arropa erosoa eramatea gomendatzen dugu. Zirkuaren munduan murgiltzen gareanean ez baitugu geldi egoteko astirik ere izango!

Jarduerari buruzko txostena:

JARDUERAREN ALDERDI ARTISTIKO - KULTURALARI BURUZKO TXOSTENA

Diziplina anitzeko alorra da zirkua, hori hala, edonork bere lekua topatzeko aukera zabala eskaintzen digu; oreka, indarra, malgutasuna, teknika edota gorputz adierazpena bezalako kontzeptu ezberdinak nahasten baitira bertan.
Azken honek, berebiziko garrantzia hartuko du, izan ere, gorputz adierazpena gorputzaren onarpenean oinarritzen da. Gorputzaren mugimendu aukerak aztertzen dira, egoerak, emozioak, ideiak, bizipenak, pentsamenduak eta abar deskribatzeko eta, horretarako, gorputza komunikatzeko eta adierazteko tresna bihurtuko da, keinuak eta mugimenduak eginez; batzuetan hitza erabiliz, beste batzuetan, ordea, ez.
Komunikazioa eta adierazpena osasunarekin eta autoestimua indartzearekin lotuta daude: nork bere buruarekiko ziurtasuna eskura dezan, besteekiko harreman egokiak izan ditzan eta sozializatzeko gaitasuna hobetu dezan.
Zirkuak diziplina anitz hartzen ditu bere baitan, hori hala izanik, esperimentatzeko eta prozesu horretan topatzen ditugun elementu ezberdinak manipulatzean, norberaren gaitasun adierazgarria handitu egiten da, dimentsio bat baino gehiago garatzen diren bitartean: dimentsio adierazgarria, dimentsio komunikatiboa eta dimentsio sortzailea.
Hori hala, norberaren gaitasunetan jarriko dugu oinarria, pertsona guztiak sortzeko gai direla pentsatzen baitugu, denok sortzaileak garela alegia. Sortzaile izatea beraz, indibidualtasunetik taldera joango den prozesu bat izango da, baita alderantzizko norabidean ere.

JARDUERAREN ARLO PEDAGOGIKOARI BURUZKO TXOSTENA


Bizitza etengabeko esperimentazio bat da. Ingurura begiratu eta esperientzia berriz inguratuta gaude. Denetik probatu nahi izaten dugu eta askotan, kanpokoari jaramon gehiago egiten diogu geure barnean gertatzen denari baino.
Zirkuaren mundua, estimuluz beteriko mundu bat da. Orain artean urruti izan dugun mundua. Hori hala, bertan dagoena ikusi, ikutu eta probatu nahi izaten dugu berehala. Material eta elementu ezberdinen esperimentazio prozesuan zehar, norberak era ezberdinean garatuko duen ezagutza eta kontzientziazio horretan sentimendu eta emozioak sartuko dira jokoan, horregatik, horien adierazpena eta lanketari garrantzia berezia emango diogu.
Sentimenduak azaleratzeko zailtasunen aurrean, honi irtenbidea bilatzeko zirkuak eskaintzen dizkigun tresnak baliatuko ditugu. Momentu jakin batzuetan sentitzen dugun hori azaleratzeko aukerak izango ditugu, bakarka edo taldearen aurrean.
Adieraztea bezain garrantzitsua da horiek asertiboki adieraztea eta barnean eragiten digutenari hitzak jartzea, honen inguruan solastea. Hori horrela izanik, norberaren auto-kontzeptu bat eratzeko aukera ematen du eta auto-kontzeptu hori eraldatu eta denon elkarlanaren bitartez positiboagoa egiteko ere, gure autoestimuan onura nabarmena ekarriko du.

Hauexek gure helburuak:
o Trebetasun eta gaitasun fisiko naiz psikologikoak landu.
o Norberaren sentimendu, emozio eta nahien adierazpena eta kudeaketa landu. o Gazteen egunerokoan genero ikuspegia landu.
o Talde nortasuna garatuz taldean elkarbizitzen trebatu. o Gazteek berezko duten sormena bideratu eta indartu.
o Euskara, gure nortasunaren atal garrantzitsua den heinean, ekintza ororen oinarritzat hartu.

Zirkua hain diziplina anitza izanik, edonork bere lekua topatzeko aukera zabala dauka. Oinarrizko gaitasunak lantzen hasiko gara eta esperimentazioaren bidezko jarduerak eginez gaitasun zehatzagoak landuko dira.
Saioak diziplinaka berezikiko ditugu, hori horrlea, ikastetxe bakoitzak, saioko diziplina bat aukeratu beharko du, hauek izanik aukerak:

o Esku-joko desberdinak (pilotak, zapiak, uztailak, mazak, diaboloa, kariokak, deabru makilak...)
o Oreka jarduerak (zankoak, slackline, oreka ruloa…)
o Akrobaziak lurrean (itzulipurdiak, piruetak, giza irudiak, figura ezberdinak...)
o Adierazpen jarduerak (antzerkia, pailazoak, mimoak...)
o Oinarrizko motrizitate abileziak (jaurtiketa eta harrerak, desplazamendu aukera desberdinak).

Diziplina bakoitzaren barruan aurki daitezkeen jarduera ezberdinak aurkezten goazen heinean gazteek beraien interes, gaitasun eta motibazioaren arabera modu askean jarduera batean edo bestean gehiago sakondu ahal izango dute. Horren arabera jarduera orokorrak diseinatzeko estrategia ezberdinak erabiliko dira. Txokoak, taldekatze ezberdinak, talde handian dinamikak, jolas libreak, jolas gidatuak…

 

 

 

Proposamenaren egilearen ibilbide profesionala

 

JANIRE SAN SEBASTIAN UGARTEMENDIA
Bigarren hezkuntzan ezagutu zuen antzerkia eta orduztik antzerki munduan ibili bada ere, Psikologian graduatua da (2017-2021). Horrez gain, hezitzaile titulua du 2017tik eta euskal udalekuetan dabil hezitzaile gisa. Urte guzti hauetan, artea, psikologia eta heziketa begirada feminista batetik garatu ditu.
2018an hasi zen zirko klaseak jasotzen Asvinenea zirko espazioan eta ondoren, Zirkuolan (Zirkorako errendimentu zentroa) jarraitu du bere ikaskuntza.
Gaur egun, zirkoaz gain, Klown klaseetara ere joaten da.
Azken urtetan antzerki eta zirko klaseak ematen dabil eskola desberdinetan, gorputzaren lana eta sinisten duen heziketa mota transmitituz.